Noiz argitaratua Osteguna, 2018.eko Urriak 25

Zenbait zerga aldatzeko Foru Legea

Osoko Bilkuran onetsia. 2018ko urriaren 25ean.

Parlamentuko Osoko Bilkurak Zenbait zerga aldatzeko Foru Legea onetsi du gaur Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bairen eta I-Eren aldeko botoekin, PSNren abstentzioarekin eta UPN eta PPNren aurkakoekin. Zehazki, sozietateen gaineko zerga, PFEZa, ondarearen gaineko zerga eta oinordetzen eta dohaintzen gainekoa berrikusi dira, eta ondorioak 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera sortuko dira.

 

Zerga arloko antolamendu juridikoa Europar Batasuneko araudira egokitu beharra dagoelako aurkeztu du Gobernuak lege-proiektua. Horrez gain, zerga sistema hobeki moldatu nahi zaio egungo errealitateari, eta horretarako zenbait hobekuntza sartu dira teknikaren eta idazkeraren aldetik; gehienek gaur egun indarrean dauden manu batzuen edukia eta eragina zehaztea dute helburu.

 

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari (PFEZ) dagokionez, kenkari bat gehitzen da amatasun eta aitatasun prestazioak jasotzeagatik. Zergaren progresibotasuna kontuan hartuta, gehienez 105.000 euroko errentak dituzten langileek aplikatu ahalko dute, autonomo nahiz besteren konturako langile, eta errenten zenbateko horren kalkuluan sartu beharko dira kontzeptu beragatik jasotzen diren laguntza publikoak.

 

Gehienez 30.000 euroko errentak dituzten subjektu pasiboek prestazioen zenbatekoaren % 25 kendu ahalko dute. Gainerakoek, kenkaria kalkulatzeko, 30.000 eurotik gora duten errenta-soberakina adierazten duen proportzioa hamarrekin biderkatzearen emaitza kendu beharko diote % 25 horri. Hala, 45.000 euroko errentei % 20 inguruko kenkaria dagokie, 60.000 euroko errentei % 15eko kenkaria, 75.000 euroko errentei % 10ekoa, eta 90.000 euro arteko diru-sarrerei % 5ekoa. Prestazioen egungo egoeraren arabera, kenkariak urtean 6,4 eta 7,3 milioi bitarteko kostua izanen duela kalkulatu da.

 

Nafarroan 2013ko urtarrilaren 1az geroztik indargabetuta egon den kenkari horren oinarria honela azaltzen da: “Komeni da aldeko tratamendu fiskala ematea prestazio horiei. Izan ere, administrazio publikoen politika sozial eta ekonomikoaren gidari izan behar diren printzipioetako bat betetzen da horrela: adingabeen eta familiaren babesa ziurtatzea”. Kasu honetan zerga-oinarrian salbuespena ezarri ordez, kenkaria hautatu da, “hobeki egokitzen zaiolako tributu arloko justiziaren ideiari”.

 

Osoko Bilkurako eztabaidan, UPNk, PSNk eta PPNk Auzitegi Gorenaren urriaren 3ko 3256/2018 epaia defendatu dute, amatasuneko prestazio publikoak PFEZa ordaindu beharretik salbuets daitezen 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera.

 

Oposizioak beraz salbuespenaren bide generikoa defendatu du kenkariaren bide progresiboaren aldean, kasu honetan unibertsaltasuna bitarteko egokiagoa dela iritzita. Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Dugu-Orain Baik eta I-Ek, berriz, “subjektu pasiboaren errentaren araberako birbanaketa” lehenesten dute, “guztientzako hobariak baino bidezkoagoa” delakoan.

 

Bestalde, enpresaburuek aseguru kolektiboetarako egiten dituzten ekarpenez ere ari da proiektua. “Horien tributazioa gauzazko lansariena izanen da soilik haien egozpen fiskala langileei egiten bazaie, eta egozpen fiskal hori enpresaren borondatearen menpe egonen da edo enpresak langileekin egiten dituen akordioen menpe”.

 

Halaber, oraintsuko lege-aldaketen ondoriozko zergapetze bikoitza saiheste aldera, xedatzen da, prima bakarreko aseguru kolektiboen kasuan, langileak ez duela prima hori bere zerga-oinarrian sartu behar, “egozpen fiskala berari egin bazaio ere”. Era berean, ezin izanen du murriztapenik egin zerga-oinarriaren zati orokorrean. Eta aseguru horretako prestazioak kobratzeko garaian, “lan etekin gisa deklaratu beharko ditu”, PFEZari buruzko Foru Legearen 14.2).Bosgarrena artikuluan ezarritakoarekin bat.

 

Pentsio planei aplikatu beharreko araubide iragankorraren erregulazioa ere zehazten da, argi gera dadin “2017ko abenduaren 31 arte egindako ekarpenei dagozkien prestazioetan baizik ez dela aplikatzen ahal % 40ko murriztapena”. Hala, bada, 2018ko urtarrilaren 1a baino lehen erretiroa hartu duten zergadunek, erabakitzen badute prestazioa ez jasotzea eta pentsio planari ekarpenak egiten jarraitzea, “hala egin dezakete aurrerantzean ere, baina 2017ra arte baizik ez dute % 40ko murriztapena aplikatzen ahalko”.

 

Sozietateen gaineko zergari dagokionez, patent box delakoa (patenteak lagatzeagatiko kenkariak) Europako Batzordearen irizpidearen arabera egokitzeko, onura fiskaletik kanpo uzten dira ikerketa, garapen edo berrikuntza proiektuen emaitza diren esperientzia industrialei, komertzialei edo zientifikoei buruzko informazioak.

 

Ildo beretik, “aktibo ukiezinen parte diren edo horien inplementazio diren ordenagailu-programak” dioen esaldia kendu, eta berri hau jasotzen da: “ikerketa eta garapen jardueren emaitza den software aurreratu erregistratua”. 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu zergapetze-ondorioak.

 

Onura fiskalaren aplikazio eremuan sartzen dira, halaber, “medikamentuen eta produktu fitosanitarioen babeserako ziurtagiri osagarriak, bai eta ikerketa eta garapeneko eta berrikuntza teknologikoko jardueren emaitza diren marrazki eta ereduak ere, legez babestuak”.

 

Hartara, erregulazio berriarekin, zenbait aktibo ukiezinen errenten kenkaria egiteko eskubidea emanen duten aktiboak, funtsean, xedapen hauen aplikazio esparruan sartuta daudenak izanen dira: uztailaren 24ko 24/2015 Legea, Patenteei buruzkoa; uztailaren 7ko 20/2003 Legea, Diseinu Industrialaren Babes Juridikoari buruzkoa; 98/71/EE Zuzentaraua, 1998ko urriaren 13koa, marrazkien eta ereduen babes juridikoari buruzkoa; eta Kontseiluaren 6/2002 Erregelamendua (EE), 2001eko abenduaren 12koa, erkidegoko marrazki eta ereduei buruzkoa.

 

Ondarearen gaineko zergan egindako aldaketak bizitza-aseguruen gaineko aurreikuspenei dagozkie. Bizitza-aseguruak, 16/2017 Foru Legeak onartutako testuak dioenez, “zergaren sortzapenaren unean zuten erreskate-balioaren arabera konputatuko dira”. Kasu berri batzuk gehitu dira orain, erregulaziotik kanpo zeudenak: aseguruaren onuradun errebokaezina aseguruaren hartzailea bera izatea, adibidez, edo erreskate eskubiderik ez egotea (biziraupeneko aseguruak eta aldi baterakoak heriotza kasurako).

 

Gaizki ulerturik izan ez dadin, azpimarratu da: “aseguruak erreskate eskubiderik ez badu, zergaren sortzapen unean, urte bakoitzeko abenduaren 31n, onuradunak jasoko lukeen kapitalaren balioaren arabera konputatuko da asegurua hartzailearen zerga-oinarrian. Arau horretatik salbuetsiko dira arrisku aseguruen kontratuak, hau da, aurrezpen-osagairik ez dutenak”. Horrelakoen artean nabarmentzen dira “heriotza edo baliaezintasun kasuko prestazioak edo beste arrisku-berme osagarri batzuk baizik ez dituzten aldi baterako aseguru kontratuak, bai eta kontraasegururik ez duten biziarteko eta aldi baterako errentak ere”.

 

Oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergari dagokionez, 2018ko urtarrilaren 1a baino lehenagoko zerga-egitateetan ez dute eraginik izanen dohaintzen metaketari buruzko erregelek eta dohaintzen eta jaraunspenen metaketari buruzkoek.

 

Erregela horiek, Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergari buruzko Xedapenen testu bateginaren 51. eta 52. artikuluetan jasorik dagoenez, honako hau agintzen dute: “Dohaintza-emaile batek dohaintza-hartzaile bati egiten dizkion dohaintzak batetik bestera hiru urteko epea iragan baino lehen egiten badira, eskualdaketa bakartzat joko dira (batera tributatu ahalko dute), eta aplikatu behar zaizkien tasak dohaintza guztien baturaren arabera zehaztuko dira”. Era berean, dohaintzak metatu ahal izanen dira dohaintza-emaileak dohaintza-hartzailearentzat kausatzen duen jaraunspenarekin batera, “baldin eta honen eta haien artean gehienez hiru urteko epea iragaten bada”.

 

Ondorioz, 2018ko urtarrilaren 1a baino lehenagoko zerga-egitateetan ez dute eraginik izanen 16/2017 Foru Legean karga-tasetan egindako aldaketek (araubide iragankorra ezartzen da atzeraeragin fiskala saihesteko, egun hori baino lehenago egindako dohaintzei dagokienez).

 

Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorraren bi aldaketa puntual ere jasotzen ditu irizpenak. Alde batetik, ebazten da, Fiskalitatearen arloko informazio truke automatiko eta nahitaezkoari buruzko 2015/2376 Zuzentaraua kontuan izanik, Nafarroako zergadunen kontsulten erantzunek mugaz haraindiko ondorioak dituztenean (Batasunaren barnean), haiek automatikoki eta nahitaez trukatuko direla EBko gainerako estatuekin. Helburua da “elusio fiskalari, plangintza fiskal oldarkorrari eta eskumen fiskal kaltegarriari” aurka egitea, “nabarmen larriagotu baitira, eta kezka iturri handia bihurtu dira Europar Batasunean ez eze mundu osoan ere”.

 

Beste alde batetik, interesdunak eskatuta hasiko diren hiru tributu prozedura berri gehitzen dira, eta horietan isiltasun administratiboaren ondorioa negatiboa izanen da. Hala, sei hilabeteko epean ebazpen espresik jakinarazten ez bada, ezetsitzat jo ahalko dira prozedura horiek, alegia, Europar Batasunaren barruko Operadoreen Erregistroan sartzea eskatzeko prozedura, balio erantsiaren zergaren hileko itzulketaren erregistroan izena ematea eskatzeko prozedura, eta aitorpen-likidazioak eta autolikidazioak zuzentzea eskatzeko prozedura.

 

Azkenik, arauak zenbait hutsune formal zuzentzen ditu Zenbait zerga aldatzeari eta tributu arloko beste neurri batzuei buruzko abenduaren 27ko 16/2017 Legean. Bertan ez zen jaso apartatu batzuen testuek 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietarako izanen dituztela ondorioak, orain jaso den bezala.