Noiz argitaratua Asteazkena, 2019.eko Abenduak 11

Unai Hualdek harrera egin dio Nafarroako aljeriarren El Bahjda Kultur Elkarteari

Nafarroako parlamentuko lehendakari Unai Hualdek, harrera egin die arratsalde honetan bere bulego ofizialean Aagur Kerchit, Kamel Anneche y Farid Ben Belkher Nafarroako aljeriarren El Bahjda Kultur Elkarteko kideei.

 

Bileran, Kamen Annechek lehendakariari jakinarazi dio zein den Nafarroan diren aljeriarren jarrera, alegia, “prozesu konstituziogile baten aldekoa, amaiera emanen diona erregimenari, zeinak herrialdea 57 urtez gobernatu baitu iruzurrezko hauteskunde-sistema baten bidez”.

 

Hori dela eta, Annechek azaldu du aljeriar herriaren gaitzespena, bai eta oposizioko alderdi guztien aldetikoa ere, uko egin baitiote ostegun honetarako -hilak 12- deitutako lehendakaritzarako hauteskundeetan parte hartzeari. Izan ere aurtengo hirugarrenak dira, apirileko eta uztaileko saioek huts egin ondoren.

 

“Nafarroako Parlamentuaren bidez ikusarazi nahi dugu Aljerian bizi den egoera, larrialdi demokratikoarena, protesta masiboak egon baitira hamar hilabetetan, haietako zortzitan erregimena de facto indar armatuek sostengatu dutenean. Barne arazo bat da, aljeriarrek beraiek ebatzi behar dutena, kanpoko esku-sartzerik gabe, nazioartean eskaintzen zaigun babes ezagunetik haratago”.

 

Unai Hualdek, entzun egin du El Bahdja elkarteak Aljeriako gaurko egoeraz egindako azterketa, eta bozeramaileei dei egin die talde parlamentarioekin partekatzera, Bizikidetasunaren eta Nazioarteko Elkartasunaren Batzordean.

 

Nafarroako aljeriarren El BAHDJA Kultur Elkarteak aljeriar jatorriko pertsonak biltzen ditu, asmoa izanik Espainiako aljeriarren komunitatearen lotura kulturalak sustatzea eta Espainiako eta Aljeriako herrien arteko aldebiko harremanak sendotzea.