Noiz argitaratua Astelehena, 2020.eko Maiatzak 11

Unai Hualdek dio batzorde telematikoak ohiko dinamikaren parte bilaka daitezkeela

Lehendakariak langileen inplikazioa eskertu, kazetaridun prentsaurrekoei berrekinen zaiela iragarri eta Parlamentuaren gastu-aurrekontuaren doikuntza bat aurreikusten du

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek prentsaurreko telematikoa eman du gaur, Jarduera Presentzialera Itzultzeari Buruzko Planaren berri emateko, zeinak, martxoaren 16tik indarrean dagoen Kontingentzia Planaren esparruan, egokitzen baititu Osasunaren Mundu Erakundeak 2020ko ‑martxoaren 11n‑ koronabirusa nazioarteko pandemia deklaratu ostean ezarritako neurri bereziak.

 

Hualdek bere agerraldia baliatu du erakunde honek eginiko ibilbidea balioan jartzeko. Ibilbide hori martxoaren 14an hasi zen, alarma egoera ezarri zenean, eta horrekin batera salbuespenezko aldi bati ekin zitzaion baina horrek "ez du eragotzi erakundearen jardunari eustea, Gobernua kontrolatzeko eginkizuna barne, hasiera batean Foru Araubideko Batzordean egikaritua, eta geroago kontroleko Osoko Bilkuren eta agerraldien bitartez".

 

Lehendakaria harro azaldu da "jarduerarik handieneko parlamentuetako bat" izateagatik, telelanari eta bideokonferentziei esker eta, batez ere, "Legebiltzarreko langileen, Mahaiko kideen, parlamentarien eta hedabideen inplikazioari esker, azken horiek zailtasunak zailtasun Parlamentuari buruzko informazioa lantzen segitu baitute".

 

"Borondatea, gogoa, egokitze-ahalmena, pazientzia eta ulermena" izan dira Unai Hualdek erabilitako hitzetako batzuk, Parlamentuaren egoitzan fisikoki lan egin ezinaren ondoriozko trabei Legebiltzarrak eman dien erantzun aproposa esplikatzea xede. "Lehendakaritzatik abiarazitako proposamen ia guztiak aberastuta suertatu dira, eta aho batez izan dira onetsiak. Bidezkoa da hori balioan jartzea".

 

Aurrera begira, Lehendakariak ohartarazi duenez, ikus-entzunezko sisteman bideokonferentzia integratzeko beharrezkoak diren bitarteko telematikoak ezarri ondoren, Batzordeen bilera ez-presentzialak (hilaren 18tik aurrerakoak) "ohiko dinamika bihur daitezke aurrerantzean. Osasun-agintariek ez dute batzorde-aretoen erabilera baimentzen, ez baitituzte prebentzio-neurriak betetzen; horrenbestez, Osoko Bilkuran nahiz Batzordean telematikoki mintzatzearen bidea ordezko aukera ona da".

 

Esandakoaren ildotik, Hualdek adierazi du ponentziek eta lan-bilerek Nafarroako Parlamentutik kanpoko jendea etorrarazten dutela, eta horregatik alarma-egoeraren ondorengo fase batean berrezarriko direla. "Horrek ez du eragozten hilaren bukaeran afera hori balora dezagun. Gaur erretiratuta daude ia lan-bilera guztiak", lehenagotik izapidetzeko onartuta zeudenak.

 

Hedabideei dagokienez, Parlamentuko lehendakariak iragarri du hilaren 14tik aurrera berrekin eginen zaiela kazetarien presentzia fisikodun prentsaurrekoei. Atalondoan eginen dira, astelehenetan, Mahaiaren eta Eledunen Batzarraren bilkuraren ondoren (lehenbizikoa, hilaren 18an), bai eta ostegunetan ere, Osoko Bilkura hasi aurretik (lehenbizikoa, datorren ostegun honetan).

 

Azkenik, eta Nafarroako Parlamentuaren aurrekontuari dagokionez, Unai Hualdek iragarri duenez "berrikuspen orokor bat eginen da, kopuru ugari loturik baitaude exekutatu ez diren hitzarmen eta jardueretara, ohiko beste partida batzuekin gertatzen den bezalaxe; hori horrela, doitu eta soberakina Gobernuari itzuli beharra egonen da".

 

Lehendakariak esplikatu duenez, Mahaiak joan den ostiralean aho batez onetsiriko dokumentuak jardun arrunterako itzulera mailakatua planteatzen du, halako moduz non zenbait zuhurtasun-neurri hartuko baitira, erakundearen funtsezko eginkizunak bateratze aldera beren zereginak Parlamentu honetan betetzen dituzten pertsona guztien osasuna zaintzearekin.

 

Hala, hilaren 18tik aurrera Foru Parlamentuko organo guztiek zilegi izanen dute bilkura presentzialak, ez-presentzialak eta mistoak egitea (mistotzat joko dira foru parlamentarietako batzuek Parlamentuaren egoitzatik eta beste batzuek bideokonferentziaz parte hartzen dutenekoak).

 

Eutsi egiten zaio egunean bilera presentzial bakarra egitearen mugari, salbu eta beharrik ez dagoenean parte hartu behar duten gobernukideak edo foru parlamentariak aldatzeko. Bilera guztiak Osoko Bilkuren Aretoan eginen dira.

 

Proposatzen dena da jarduera parlamentarioa areagotzea batzorde-bilkura ez-presentzialen bidez. Bilkura horiek maiatzaren 18tik aurrera eginen dira, behin bideokonferentzia ikus-entzunezko sisteman integratzeko beharrezkoak diren baliabide telematikoak ezarrita daudenean, bilkurak grabatu eta Internet bidez (streaming) emititzeko xedez. Betiere ziurtatuko da euskaraz parte hartzeko eskubidea, eta aldibereko itzulpen zerbitzua izanen da.

 

https://www.parlamentodenavarra.es/eu/komunikazio/nafarroako-parlamentuko-organo-guztiek-bilkura-presentzialak-ez-presentzialak-edo

 

Lehendakariaren ostean, talde parlamentarioetako eledunek agerraldia egin dute, eta kazetariek Prentsa zerbitzuaren bidez igorritako galderak erantzun dituzte (streaming).

 

Azkenik, Mahaiak eta Eledunen Batzarrak erabaki dute asteazken honetan, maiatzak 13, 12:00etan (Osoko bilkuren aretoan) bilkura egitea. Besteak beste, Covid-19ak eragindako krisiaren ondorengo suspertze ekonomiko eta sozialerako jardunen duen berariazko organo parlamentario bat sortzeko balizko proposamenak eztabaidatzeko.