Noiz argitaratua Asteartea, 2020.eko Martxoak 24

Txosten juridiko batek ziurtatu du mekanismo teknologiko nahikoak badauela bilkura urgenteak eta seguruak egiteko, erakundearen ohiko funtzionamendua aldatu gabe

Gomendatzen da 1/2020 FLD, Parlamentuak baliozkotu ondoren, Lege Proiektu gisa izapidetzea, hari erabateko segurtasun juridikoa emateko, 2020ko aurrekontuei eragiten baitie

 

Mahaiak eta Eledunen Batzarrak (bideokonferentzia bitartez) jasotzat eman dute Urgentziazko arrazoiak direla medio, murrizketa-aldian ezinbestekoak diren parlamentu-eginkizunak betetzeari buruzko txosten juridikoa, COVID-19ri aurre egite aldera egin dena, Osasunaren Mundu Erakundeak –martxoaren 11n‑ hura nazioarteko pandemia gisa katalogatu ondoren.

 

Horrela, Alarmako Egoeraren adierazpenaren ‑martxoaren 14koaren‑ aurretik eta ondoren, Parlamentuaren funtzionamendua bere "autonomia instituzionala baliatuz” larrialdi sanitarioko egoerara egokitzeko hartutako euspen-neurrien berri eman ondoren, txostenak 1/2020 Foru Lege Dekretuari erreparatzen dio, horren urgentziazko izapidetzeak "behartzen baikaitu lan parlamentarioak nola egin planteatzera".

 

Alde batetik, "ezinbestekoak eta premiazkoak" diren eginkizun parlamentarioak eta Parlamentuko kideen eta langileen osasuna zaintzea uztartu behar direla azpimarratu ondoren, azpimarratzen da mekanismo teknikoak eta teknologikoak badaudela –bideokonferentzia‑ Mahaiaren eta Eledunen Batzarraren bilkurak modu presentzialean egin behar ez izateko, erakundearen "ohiko funtzionamendua aldatu gabe".

 

Osoko Bilkuraren kasuan, ohartarazten da egungo sistema teknologikoekin ezinezkoa dela bilkurak egitea, eta, beraz, gomendatzen da botoa eledunei eskuordetzeko aukera gaitzea (ezin da boto telematikoa eman), parlamentario gutxi egonen diren osoko bilkurak egiteko.

 

Era berean, ez da arazorik ikusten Nafarroako Gobernuko kideen agerraldiak –beraiek eskatuta egiten direnak zein Eledunen Batzarrak eskatuta egiten direnak– egiteko, baldin eta, gainerako organoetan bezala, ezinbestekoak badira urgentziazko arrazoiengatik. Kasu horretan, segurtasuna bermatzeko, eta egokitzat jotzen den beste edozein neurri hartzea alde batera utzi gabe, agerraldiak batzorde-aretoetan egin beharrean, Osoko Bilkuren Aretoan eginen lirateke.

 

Bestalde, txostenak Mahaiko kideen ordezpena ere aipatzen du, koronabirusean (COVD-19) positibo ematearen edo berrogeialdia gorde behar izatearen ondorioz beren eginkizunak betetzea ezinezkoa bazaie. Ez Nafarroako Parlamentuaren Erregelamenduak ez beste legebiltzarrenak ez dute horrelako kasurik aurreikusten; beraz, halako kasurik gertatuz gero, "egungo ordezkaritzaren gehiengoen eta gutxiengoen oreka babesteko neurriak hartu beharko lirateke, kasuko mahaikideak bilkuran parte hartu izan balu lortuko zen emaitza errespetatuz".

 

Txostenak zehazten duenez, "gure zuzenbide parlamentarioan noizean behin eta kasu zehatzetan, bilkura jakin batzuetan erabiltzen den jardunbidea da".

 

Bestalde, foru lege dekretuen izapidetze bereziari dagokionez, esan behar da halakoak behin-behineko lege xedapenak direla eta, horrenbestez, berretsi egin behar direla aldarrikatu eta hurrengo 30 eguneko epe luzaezinean ‑hala egin ezean indargabetuta geratzen dira‑; horrenbestez, gomendatzen da Erregelamenduaren 161.4 artikuluan jasotako ahalmena erabiltzea, Osoko Bilkurak haiek baliozkotu ondoren, foru lege proiektu gisa ere izapidetu daitezen presako prozeduraren bidez (talderen batek eskatzen badu eta Parlamentuak onartzen du, eta horretarako nahikoa da gehiengo soila).

 

Argudiatzen da ezen 1/2020 Foru Dekretuak, martxoaren 18koak, koronabirusaren osasun-krisiak eragindako inpaktuari erantzuteko premiazko neurriak onartzen dituenak (COVID-19), bere eraentze-esparrutik kanpoko gaiak ukitzen dituela, eta horietako bat, garrantzitsuena, 2020rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrak direla. Aurreikuspen horrek talka egiten du Foruaren Hobekuntzaren 21.bis1 artikuluan xedatutakoarekin, non xedatzen baita foru lege dekretuek ezin dutela eraginik izan Nafarroako Aurrekontu Orokorretan.

 

Zehazki, aipatzen da 1/2020 Foru Lege Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian Nafarroako 2020rako Aurrekontu Orokorrei buruzko martxoaren 4ko 5/2020 Foru Legearen aldaketa bat jasotzen dela, "enpresa-entitate publikoek, fundazio publikoek eta sozietate publikoek hala behar duten enpresei laguntzeko eman ditzaketen abal edo antzeko bermeen eta maileguen gehieneko zenbatekoei dagokienez.

 

Eskariak gora eginen duela aurreikusten denez, 1/2020 Foru Lege Dekretuak 30 milioitik 40 milioira igotzen du entitate horiek abal edo antzeko bermeetarako eman dezaketen gehieneko zenbatekoa, eta 15 milioitik 30 milioira, berriz, maileguei dagokiena. Ondorioz, erakunde horien gehieneko arrisku bizia 97 milioitik 107 milioira igotzen da abal edo antzeko bermeetarako, eta 134 milioitik 149 milioira maileguetarako.”

 

Horregatik, Foru Lege Dekretuaren balizko aurkaratzea saihesteko, txostenak gomendatzen du, Konstituzio Auzitegiaren 6/1983 epaia oinarri hartuta, foru lege bihur dadila, haren erabateko eraginkortasuna ziurtatzeko "beharrezko berme juridiko guztiak" emateari begira.

 

Foru lege dekretuak baliozkotzeko prozedura Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduaren 161. artikuluak arautzen du. Bertan aurreikusten da Gobernuko kide batek Osoko Bilkuran esku har dezan, eta, ondoren, osoko eztabaida bat egin dadin, aldeko eta kontrako txandekin, 15 minutukoak (ordezkaritza handienetik txikienera), eta, ondoren, Gobernuaren 5 minutuko ihardespen-txanda bat.

 

BOTOA ESKUORDETZEA

 

Mahaiak, Eledunen Batzarrak aldez aurretik erabaki loteslea hartu ondoren, aho batez onetsi du Lehendakaritzaren ebazpen bat, zeinaren bidez botoa eskuordetzeko baimena ematen baita izaera iragankorreko inguruabar berezietan, hala nola, COVID-19k eragindako osasun-larrialdiko egoerari aurre egiteko egoera honetan, zeina Alarmako Egoeraren adierazpenetik heldu baita.

 

Osasun-agintarien gomendioei erantzunez Parlamentuak onetsitako Kontingentzia Planaren barruan dago neurria, esposizio- eta kutsatze-probabilitatea murrizteko, presentzia fisiko mugatu batetik abiatuta; hain zuzen ere, parte-hartze politikoa segurtasun-baldintzetan gauzatzeko hertsiki beharrezkoa den presentzia.

 

Beraz, ordezkaritza-erakundearen eraginkortasuna bermatze aldera, Erregelamenduaren 94.2.b) artikuluan aurreikusitako boto-eskuordetzako kasuez gainera (ospitaleratzea edo gaixotasun larria) osasun-krisietako osasunerako arrisku-egoeraren kasuak eta Ganberaren jarduera murriztekoak sartuko dira.

 

Interes publikoko arrazoiengatik gomendatzen bada ere, boto-eskuordetza borondatezkoa izanen da, eta Parlamentuko Idazkaritzaren aurrean formalizatu beharko da, hark emango baitu dagokion ziurtagiria. Botoen zerrenda eta lehentasun-ordena (boto presentzialak + boto delegatuak) asteazken honetan zehaztuko dira, 17:00etarako deituta dagoen Mahaiaren eta Eledunen Batzarraren bilkuran.

 

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Parlamentuaren Erregelamenduaren 40.2 artikuluaren arabera, Lehendakaritzaren ebazpen hau ematen da:

 

Lehenengo artikulua. Foru parlamentariek, koronabirusaren (COVID-19) pandemiak sortutako osasun-alertaren ondorioz eta Parlamentuaren jarduera murrizteko salbuespenezko neurria dela eta, botoa beste parlamentari bati eskuordetu ahal izanen diote.

 

Azken xedapena. Ebazpen honek Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.