Noiz argitaratua Osteguna, 2019.eko Azaroak 28

Sexu-askatasunaren eta intimitatearen aurkako delituak borrokatzera Nafarroako Gobernua premiatzen duen ebazpena onetsi da

Sexu-erasoen biktimak artatzeko foru estrategia bat eskatzen da, Nafarroan delituen goranzko joera dela eta

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur Navarra Sumaren, PSNren, Geroa Bairen, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “txosten bat taxutu dezan sexu-askatasunaren eta intimitatearen aurka gure erkidegoan egindako delituak direla-eta. Txostena Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko da, eta bertan egoeraren analisi deskribatzaile bat, biktimen, erasotzaileen nahiz delitua egiten den lekuen profila eta abar jasoko dira”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Nafarroako Gobernua premiatzen du “prebentziorako eta sexu-erasoen biktimak artatzeko foru estrategia bat plantea dezan, azterlan hori nahiz 14/2015 Foru Legeko ekintza planaren ebaluazioa oinarri”.

 

Bestalde, Gobernuari eskatzen zaio “udalei nahiz toki entitateei lagun diezaien gune arriskutsuei buruzko udal mapak egiten, eta, mapa horren arabera, segurtasuna areagotzeko egin beharreko ekintzak egin ditzaten”.

 

Azkenik, Nafarroako Gobernua premiatzen da “gogoan har dezan genero indarkeriaren biktimei laguntza integrala emateko taldeetan indarkeriaren arloko adituak sar¬tzeko aukera, 14/2015 Foru Legean jasotzen den gisa”. Azken bi atal hauek aho batez onetsi dira, EH Bilduk aldeko botoa eman ostean.

 

Zioen azalpenean, PSN talde parlamentarioak aurkeztutako ebazpenak La Manadaren kasuaren inpaktua aipatzen du, “eztabaida publikora ekarri baitu sexu-erasoen errealitatea, biktimen zaurgarritasuna, Zigor Kodearen nahasmendua, oniritziaren kontzeptuaren azterketa... alegia, sexu-indarkeria inolako zalantzarik gabeko auzi gisa hartzeko beharra”.

 

Gizartean garatu den kontzientzia honek “hain konplexua den fenomeno hau prebenitzen eta horri aurre egiten laguntzen du, baina sexu-indarkeriako gertakarien larritasunak adi egotera behartzen gaitu”, 2018an Fiskaltzaren txostenak erakusten duenaren arabera. Argitaratutako datuek diotenez, “Nafarroan Sexu-erasoen kopurua % 153 igo zen 2018an, eginbideak 41 izatetik 104 izatera igaro baitziren. Sexu-indarkeria dela-eta abiarazitako prozedurak 430 izan ziren; hau da, hilabeteko 35 baino gehiago eta 2017an baino % 92 gehiago”.

 

Estatu mailan eta Barne Ministerioak jakinarazi duenez, 2016an sexu-askatasunaren aurkako 10.844 salaketa aurkeztu ziren. 2018an, fiskaltzak 18.986 eginbide abiarazi zituen sexu-askatasunaren aurkako delituak direla-eta: aurreko urtean baino % 23 gehiago.

 

Amaitzeko, azpimarratzen da La Manadaren kasuan Auzitegi Gorenak emandako epaiak argi uzten duela Zigor Kodea aldatzeko eta berritzeko beharra, “behar-beharrezkoak direlako politika publikoak sexu-erasoak prebenitzeko, sentsibilizatzeko eta biktimak artatzeko”.