Noiz argitaratua Asteartea, 2020.eko Ekainak 30

Parlamentuko lehendakariak X. legegintzaldiko lehen urteko jardueren oroitidazkia aurkeztu du

Hualderen hitzetan, gehiengorik gabeko koalizio gobernu bat eratzeak eta eztabaida politikoaren lehentasunak baldintzatu dituen Covid-19aren osasun-krisiak markatutako ekitaldia

Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, Unai Hualdek, Nafarroako Parlamentuaren X. legegintzaldiko lehenengo urteko jardueren oroitidazkia aurkeztu du gaur (26-5-2019/26-05/2020), gehiengorik gabeko koalizio gobernu bat eratzeak eta osasun-krisi batek (Covid-19), Legebiltzarraren jarduera eta eztabaida politikoaren lehentasunak baldintzatu dituenak, markatutako aldia.

 

Legegintzaldiko lehen urte honetan 22 foru lege onetsi dira; horietatik 20 Nafarroako Gobernuak igorritako proiektuei dagozkie, eta beste 2 Legebiltzarreko talde politikoek aurkeztutako foru lege proposamenen artetik sortuak dira. Aurkeztutako hamalau foru lege proposamen horietatik zazpi ez dira aintzat hartu, bat erretiratu egin da, beste bat ez da onartu, eta hiruk ez dute amaitu Parlamentuko tramitazioa.

 

Gainera, koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko premiazko neurriak onesten dituzten bost foru-lege dekretu baliozkotu dira, baita Tributu Harmonizazioari buruzko Legegintzako Foru Dekretu bat ere, balio erantsiaren gaineko zergari buruzko Foru Legea aldatzen duena.

 

Gobernua bultzatu eta kontrolatzeko eginkizunen atalean 25 interpelazio eta 483 galdera egin dira. Galdera horietatik 306 Osoko Bilkuran edo batzorde baten aurrean ahoz erantzutekoak izan dira, eta 177 idatziz erantzutekoak.

 

Gainera, Gobernuak 156 eskaera jaso ditu Parlamentuko batzordeen aurrean agertzeko, bere kudeaketaren kontu ematera.

 

Gobernuaren jarduketen kontrolaren eta adierazpen politikoen atalean, 709 informazio eskaera erregistratu dira, eta 68 ebazpen eta 82 adierazpen instituzional onetsi dira, gertaera politiko eta sozialen jarraipen zabala erakutsiz. Are gehiago, kontuan hartzen badira Nafarroa Suspertu Planari buruzko Batzorde Bereziak onetsitako 126 erabaki proposamenak aintzat hartuta.

 

Parlamentuko organoek guztira 352 bilkura egin dituzte 361 bileratan: Osoko Bilkurak 33, Mahaiak 14, Mahaiak eta Eledunen Batzarrak 53, eta batzordeek 240 (248 bilkura, 89 lan-saio eta 24 bisita). Azken hauen artean, nabarmentzen dira Eskubide Sozialetakoa, Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barnekoa (26 bilkura) eta Hezkuntzakoa (21).

 

Aldi honetan, Nafarroako Parlamentuak honako hauek izendatu ditu: Koldo Martínez (Geroa Bai) Nafarroako Foru Komunitateko senataria; Hugo López Nafarroako Kontseiluko kontseilaria; Jabi Arakama (Geroa Bai) eta Patricia Fanlo (PSN) Nafarroako Eskola Kontseiluko kide; Pablo Azcona (Geroa Bai) eta Arantza Biurrun (PSN) Nafarroako Lurralde Politikarako Gizarte Kontseiluko kideak eta Pedro Rascón eta Jabi Arakama Memoria Historikoaren arloko Koordinazio Batzorde Teknikoan ordezkariak.

 

Zenbaki horiekin eta pandemiak eta alarma-egoerak baldintzatutako eszenatoki batekin, Unai Hualdek “Parlamentu bizi eta anitzaz” hitz egin du, eta, mapa politikoaren pluraltasuna kontuan hartuta, “desberdinen arteko elkarrizketaren bidez adostasunera bideratua” dagoela adierazi du, baita azken hilabeteotako egoera berezian ere, non “eztabaiden tonua zentzuzkoa izan baita, edukaziotik eta errespetutik proposamenak eginez, herritarrek eskatzen diguten bezala. Ez du zerikusirik beste hemizikloen giro politiko zakarrarekin”.

 

Testuinguru horretan, lehendakariak “talde parlamentarioen eta Legebiltzarreko langileen konpromisoa eta inplikazioa” nabarmendu nahi izan ditu; izan ere, jarrera horri esker, legegintza- eta kontrol-jarduera ez eteteaz gain, Nafarroako Parlamentua Parlamentu autonomikoen artean jarduera handienetakoa izan duenetako bat izan da. Eraikina hilabetez itxita egon da, eta jarduera koronabirusarekin lotutako kontuetara murriztu da, baina, hala eta guztiz ere, legegintzaldiaren lehen urtean 1.695 ekimen kontabilizatu dira”.

 

Legegintza gaietan, izan duten eragin bereziagatik, 2020ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legea, Nafarroaren Sinboloei buruzko Foru Legea eta Toki Ogasunen parte-hartzearen funtsa ezartzen duen Foru Legea nabarmendu ditu Hualdek. Bestetik, azterketa eta analisiaren ikuspegitik, Nafarroan apustu-etxeak arautzeko ponentziaren eraketa ere azpimarratu du. Ponentzia urrian eratu zen, batez ere gazteen artean gai horrek sortzen duen interes eta kezka sozialari erantzuteko, eta “irailetik aurrera” berriro jorratzea espero da.

 

Lehendakariak dibulgazio-arloan Legebiltzarrak burututako lana ere azpimarratu du, “Legebiltzarra herritarrengana hurbiltzeko helburuarekin, ospakizun-, erakusketa- eta hitzaldi-agenda trinko baten bidez. Horietako asko Nafarroako elkarte-sarearen laguntza ordainezinarekin egin dira, sare hori oso indartsua eta ondo antolatua baita. Oso atsegina da gure gizartearen onerako lan egiten duten pertsonen kopurua egiaztatzea, gehienetan modu desinteresatuan. Era batera edo bestera, erakunde horiek guztiek Ganberaren jarduera aberasten lagundu dute”.

 

Hala, unibertsitateekin, Gazteriaren Kontseiluarekin, Eskola Kontseiluarekin edo memoria historikoaren arloan (Dokumentu Funtsa) Legebiltzarrak aspalditik dituen lankidetza-hitzarmenen berri eman ondoren, Unai Hualde Urrezko Domina berreskuratzeko ahalegina nabarmendu du, izan ere, 2019. urtearen amaieran Euskaltzaindiari eman baitzitzaion bere mendeurrena dela-eta eta erakundeak 40 urte bete zituela ospatzeko. Garrantzi bereziko beste bi ekitaldi ere egin dira, Kontuen Ganbera berrezarri zuen Foru Legearen 20 urteak ospatzeko egin zena eta Jota Interes Kulturaleko Ondasun izendatzekoa.

 

Barne- eta antolakuntza-arloan, lehendakariak “erakundearen kudeaketa modernizatzeko eta garai berrien eskakizunetara egokitzeko” beharrezkoak diren antolakuntza-aldaketei ekiteko asmoa aurreratu du; izan ere, gai horretan funtsezkoa da “administrazio elektronikoa ezartzea, Covid-19aren krisiak erakutsi digun bezala, beste era batera lan egitera behartu gaitu eta”.

 

Amaitzeko, Unai Hualdek X. Legegintzaldiko lehen urte hau aldi “ezberdin” gisa laburbildu du, “hauteskunde-ondoko aldaketa politikoengatik eta pandemiak ekarriko dizkigun aldaketa ekonomiko eta sozialengatik. Herritarren gertukoa eta bizirik dagoen erakundea izaten jarraituko dugu”.