Noiz argitaratua Asteazkena, 2019.eko Uztailak 3

Parlamentuko Lehendakariak Nafarroako Gardentasun Kontseiluaren 2018ko oroitidazkia jaso du

Unai Hualdek eta Juan Luis Beltránek landutako gaien artean, Legebiltzarrak kontrolerako organo honetan dituen lau ordezkariak berritzeko beharraz hitz egin dute

Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, Unai Hualdek, Juan Luis Beltrán Nafarroako Gardentasun Kontseiluko lehendakariari harrera egin dio gaur bere bulego ofizialean. Beltránek 2018ko jarduera oroitidazkia eman dio, irailetik aurrera Batzordeak aurkeztuko dena.

 

Juan Luis Beltránek azaldutakoaren arabera, kexak %100 baino gehiago areagotu dira, 2017an 15 erregistratu baziren, 2018an 35 izan ziren. Edukiak oso anitzak dira, eta gainerako erkidegoetan gertatu ohi den bezala, gehienak kazetari eta ikerlariek jarriak dira. “Balorazioa positiboa da, jarduera gehiago eduki dugu eta horrek esan nahi du erakundea finkatzen ari dela”.

 

Topaketan afera desberdinak landu dituzte, esaterako, Legebiltzarrak kontseilurako lau ordezkari izendatzeko eskubidea duenez, ordezkaritza hau berritzeko beharraz aritu dira. Agintaldia lau urtekoa den arren eta oraindik hiru urte bakarrik pasa diren arren (2016ko ekainaren 30ean hautatu zituzten), Legeak dio “hautatuak izan ziren eginkizunetan ordezkaritza galtzen dutenean kargua etengo dela”.

 

Patxi Leuza, Laura Pérez, Sergio Sayas eta Guzmán Garmendia jada parlamentariak ez direnez gero, “jardunetan arituko dira Nafarroako Parlamentuak, seguruenik datorren irailean, ordezkaritza berri bat hautatu arte”, zehaztu du Beltránek.

 

Unai Hualdek, bestetik, aurreko legegintzaldian gardentasun esparruan emandako “pausu garrantzitsuak” nabarmendu ditu, eta “egin beharreko araudi aldaketen bidez bide horretatik jarraitzeko” bere borondatea adierazi du.

 

Zuzenbidean lizentziatua eta doktorea da Juan Luis Beltrán, eta 2018ko martxoaren 22tik Nafarroako Gardentasun Kontseiluko lehendakaria.

 

Osoko Bilkurak 2016ko apirilaren 21ean Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko 11/2012 Foru Legearen aldaketa bat onetsi zuen eta haren ondorioz sortu zen Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua. Organo independentea da, Gobernuaren publizitate aktiboaren arloko betebeharrak eta herritarrek Gobernuaren esku dagoen informazio publikoa jasotzeko duten eskubidea zaindu behar dituena.

 

Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluaren eginkizuna da Foru Komunitateko Administrazioak, sektore publikoko gainerako erakundeek, toki erakundeek eta haien sektore publikoak informazio publikoa eskuratzeari buruz ematen dituzten ebazpen berariazkoen edo ustezkoen aurkako erreklamazioak aztertzea.

 

Gainera, Kontseiluak aginduzko txostenak ematen ditu Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko Foru Legea gardentasunaren arloan garatzen dituzten edo arlo horrekin loturik dauden arau proiektuei buruz.

 

Gardentasuna bete behar duten entitate eta erakundeek arlo horretan dituzten beharkizunak noraino aplikatu eta betetzen dituzten ebaluatzen du Kontseiluak, eta gomendioak ere egin ditzake.

 

Kontseiluari erreklamazioa aurkezteko aukera ezertan ukatu gabe, Arartekoari kexa aurkeztu ahal zaio, baina Arartekoaren esku-hartzeak ez ditu eteten erreklamazioa edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzeko epeak.

 

Kontseiluak bere jardueren nondik norakoari eta 11/2012 Foru Legean ezarritako xedapenen betetze mailari buruzko memoria aurkeztu behar du Nafarroako Parlamentuan.

 

Gardentasunaren Kontseiluan daude, lehendakariarekin eta Nafarroako Parlamentuak 2016ko ekainaren 30ean izendatutako beste lau kideekin batera (Patxi Leuza, Laura Perez, Sergio Sayas, Guzmán Garmendia), gardentasunaren arloko eskumena duen departamentuaren ordezkari bat, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren hiru ordezkari, Nafarroako Kontseiluaren ordezkari bat, Kontuen Ganberaren ordezkari bat, Arartekoaren ordezkari bat, eta, azkenik, NUPeko ordezkari bat. Kide horiek guztiak izendatzeko prozedura kasuan kasuko erakundeak gauzatzen du, eta horrek, gainera, ordezko bat izenda dezake, titularra eri, kanpoan edo aldi baterako ezintasun egoeran dagoenerako.