Noiz argitaratua Ostirala, 2008.eko Apirilak 25

Parlamentuko lehendakariak COPREPAren urteroko bileran parte hartu du, eta saioaren amaieran klima-aldaketaren aurkako neurriei buruzko adierazpen bat onetsi da

Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, Elena Torres Miranda andreak, autonomia erkidegoetako parlamentuen batzarrean (COPREPA) parte hartu du. Batzarraren lehendakari jardun da Elvira Rodríguez andrea, Madrilgo parlamentuko lehendakaria, eta bilera gaur amaitu da, klima-aldaketaren aurkako borrokan laguntze aldera hartutako erabakiak jasotzen dituen adierazpen bat onetsiz.

COPREPAren urteroko osoko bilkura, atzo eta gaur Madrilgo parlamentuan egina, aztertzen jardun da zer egin dezaketen legebiltzarrek, administrazio publiko gisa eta herritarrek beren burua islatua ikusten duteneko ispilu gisa, XXI. mendeko ingurumen-erronka handienetako bati aurre egiten laguntzeko: klima-aldaketari, hain zuzen.

Horren emaitza izan da konpromiso-dekalogo bat, Madrilgo adierazpenean jasotakoa. Hona konpromisoak:

1.- Geure parlamentuetan energiaren aurrezpen eta efizientziarako planak egitea, geure eraikin, ekipamendu eta instalazioetan kontsumoa murrizteko.

Gure eraikinetan ordezko energien erabilera sustatzea, negutegi-efektua eragiten duen gasik sortzen ez duten teknologia garbietan oinarriturikoak eta ingurumena errespetatzen dutenak.

2.- Uraren erabilera efizientea eta arduratsua izateko baliabideak ezartzea, helburu horrekin sustatuz ur-kontsumorako aurrezpen-neurriak hartzea eta gai kutsagarriak murriztea edo ingurumena gehiago errespetatzen duten garbigaiekin ordeztea.

3.- Geure egoitzetan kudeaketa integraleko sistemak ezartzea, hondakinen sorrera kontrolatzeko eta haiek tratatzeko, hiru ardatz hauetan oinarriturik: Gutxitzea, berrerabiltzea eta erreziklatzea.

4.- Energiaren aurrezpenarekin eta energia-efizientziarekin zerikusia daukaten irizpideak geure kontratuetako baldintza-orrietan aintzat har daitezen lan egitea.

5.- Sentsibilizazio-ekintzak abiaraztea geure parlamentarien eta geure legebiltzarretako langileen artean, ingurumenaren jakintza eta ingurumenarekiko jokamolde egokiak sustatzeko eta, horrez gain, arlo honetako esperientzia-elkartrukeari bultzada emateko.

6.- Zeresana ematea geure legegintza-erakundeei geure egoitzak eztabaidagune, erakusketa eta ingurumenaren alorreko bestelako ekitaldietarako lagatzeko egitasmoan.

Zioen azalpenean, Madrilgo adierazpenak hizpide hartzen ditu "Europar Batasunak Baliko gailurrean azaldu zituen murrizketa-konpromiso zorrotzak, negutegi-efektuko gasen isurketa ehuneko 25etik 40ra bitartean murriztekoak (erreferentzia gisa 1990eko mailak harturik)", zeren eta, "gutxienez datorren urtera arte geroratu badira ere, lehenago edo geroago erantzuna eman beharko baitzaie".

Hortik aurrera, Madrilgo adierazpenak bertan jasotako konpromisoak justifikatzen ditu esanez beharrezkoa dela "neurriak hartzea gaur egungo joera, isurketak gehitzearena, kontrako norabidean ipintzeko, nagusiki energia aurreztuz eta energiaren efizientzia erdietsiz, bai eta posible diren ordezko energiei buruzko gogoeta sakona eginez ere. Ezin ahaztuzkoa baita ezen, industria-sektoreetan gas-murrizketak erabaki diren arren, arautu gabe daudela beste zenbait alor, hala nola garraioarena eta etxebizitzena, eta horietan ere komenigarria dela haien kutsadura-zama murrizteko ahaleginak egitea".

Madrilgo adierazpenak azpimarratzen du, halaber, guztiz barneraturiko ideia bat: alegia, "ezarritako helburuak erdiesteko behar diren neurri guztiak, gure eskumenen esparruan, sustatzeaz gain, botere publikoon portaerak eredugarri izan behar du, energiaren aurrezpen eta efizientziari eta energia berriztagarrien erabilerari dagokionez, bai eta iraunkortasuna bermatzen duten prozedurak (materialen kontsumoaren, hondakinen sorrera eta tratamenduaren eta ur-kontsumoaren ikuspegitik) ezartzearen ikuspegitik ere".

Madrilgo adierazpena izan da 2008ko apirilaren 24an, osteguna, hasitako lan baten emaitza. Lan hori hasi zen COPREPAren batzorde iraunkorrak (jarraian aipatzen diren autonomia-erkidegoetako legebiltzarretako lehendakariek osatua: Madrilgo Elvira Rodríguez andreak; Kantabriako Miguel Ángel Palacio jaunak; Gaztela eta Leongo José Manuel Fernández jaunak, Kataluniako Ernest Benach jaunak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Izaskun Bilbao andreak) eginiko bilera batekin; bilera horretan erabaki ziren, hain zuzen ere, arratsaldeko osoko bilkuran aztertu beharreko gaiak. Aintzat hartu ziren, halaber, hasiera batean proposaturiko adierazpenari legebiltzar bakoitzak aurkezturiko zuzenketak.

Parlamentuen eta herritarren arteko komunikazioa areagotzearen garrantzia azpimarratzeaz gain, ostegun arratsaldeko osoko bilkuran, zeinean parte hartu baitzuen Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, Elena Torres Miranda andreak, eztabaida bat egin zen, legebiltzarretako lehendakariak zein bere egoitzarako hartzera prest daudeneko konpromisoei buruz, betiere helburu gisa harturik negutegi-efektua eragiten duten gasen murrizketa, klima-aldaketaren eragile nagusi diren aldetik.

Eztabaidak aztergai izan zituen, besteak beste, elektrizitate-kontsumoa murrizte aldera energiaren aurrezpenerako eta efizientziarako planak egitea; ordezko energien erabilera; ingurumen-auditoriako sistemak ezartzea; energiaren aurrezpenari eta efizientziari dagozkion irizpideak aintzat hartzea; parlamentuetan ingurumenari buruz sentsibilizatzeko ekintzak egitea; eta egoitzak erabiltzea eztabaidaguneak sortzeko eta ingurumenarekiko begirunearen baloreak jendarteratzera bideraturiko bestelako jarduerak gauzatzeko.

Azkenik, eta esan bezala, iritsitako akordioak Madrilgo adierazpenean jaso dira, zeina gaur, 2008ko apirilaren 25ean, irakurri baitu Madrilgo parlamentuko lehendakari Elvira Rodríguez andreak, Hayedo de Montejo izeneko tokian.

COPREPA da Espainiako 17 parlamentu autonomikoetako lehendakarien topagune instituzional bat, eta bere helburuak dira elkarri ematea legebiltzarren funtzionamenduarekin zerikusia duten esperientzien berri, analisia egitea parlamentu-sistemek aurre egin behar dieten arazo, erronka eta aukerei buruz, eta, kasua denean, haien funtzionamendua edo haien arteko komunikazioa hobetzeko ekimenak onestea.

Urteroko maiztasunez, lehendakarien batzar hau 1997an ezarri zen. Aurtengo saioan Madrilgo parlamentuari egokitu zaio COPREPAren lehendakaritza.