Noiz argitaratua Asteazkena, 2020.eko Otsailak 19

Parlamentuko lehendakariak bilera egin du “Naizen” Adingabeko Transexualen Elkartearen ordezkaritza batekin

Unai Hualdek kolektibo horren lana nabarmendu du errealitate hori gizartean ikusgai jartzeko

Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariak “Naizen” Adingabe Transexualen Elkartearen ordezkaritza bat hartu du gaur arratsaldean Legebiltzarraren egoitzan. Ordezkaritza hori Edurne Koch eta Roberto Itoizek osatu dute.

 

Roberto Itoizek azaldu duenez, bileran lehendakariari eta, hedapenez, Parlamentu osoari azaldu diote Naizen-ek despatologizazioaren eta transexualitatea aniztasunaren erakusgarrietako beste baten modura onartua izatearen alde egindako dibulgazio-, prestakuntza- eta aholkularitza-lana.

 

“Balantzea oso positiboa da; azken lau urteetan oinarri sendoak ezarri dira, eta, egiteko asko falta den arren, asko aurreratu da ezagutza-mailan; ez hainbeste, ordea, ulermen-mailan. Esan dezakegu gizarteak dagoeneko ezagutzen duen gaia dela, eta orain asimilatzea dela falta dena, ulermena orokortzea”.

 

Testuinguru horretan, Edurne Koch-ek hezkuntza-esparruan emandako aurrerapausoak azpimarratu ditu; izan ere, protokolo bat dago, adingabe transexualak detektatzen diren lekuan aktibatzen dena, bai eta osasun-alorrean ere, non osasun-arretarako zerbitzu espezializatu bat baitago (transbide), “eta hori ere funtzionatzen ari da. Nahi genuke informazioa ikastetxe guztietara zabaltzea, protokoloa ez mugatzea ukitutako ikastetxeetara bakarrik”.

 

Unai Hualdek, bestalde, “Naizen” Elkartearen ordezkariei jakinarazi die posible dela legegilearekin lankidetzan aritzeko bideak ezartzea, haien errealitatearen berri emateko eta adingabe transexualek eta haien familiek dituzten arazoei aurre egiteko. Ildo horretan, aurki lan bilera bat egitea baloratu da, egoki iritzitako talde parlamentarioen bitartez.

 

Adingabe Transexualen Familien “Naizen” Elkartea 2019ko urtarrilaren 26an aurkeztu zen gizartean, konpromiso gisa harturik sexu-aniztasun inklusiboaren alde lan egitea, bere eskubide eta aldarrikapenei ikusgaitasuna eta euskarria emateko ahal den guztia eginez. Nafarroako 40 familia inguru eta EAEko beste 110 ordezkatzen ditu.