Noiz argitaratua Asteartea, 2020.eko Martxoak 10

Parlamentuko lehendakariak bilera egin du Nafarroako Pertsona Torturatuen Sarearen ordezkaritza batekin

Unai Hualdek nabarmendu du Nafarroako Foru Komunitateko torturari buruzko ikerketarekiko konpromiso parlamentarioa indarrean dagoela 2016. urtean ebazpen bat onartu zenetik

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek harrera egin dio gaur, Legebiltzarraren egoitzan, Nafarroako Pertsona Torturatuen Sarearen ordezkaritza bati, zeina honako hauek osatu baitute: Mariló Gorostiaga, Oihan Ataun eta Iker Araguas.

 

Iker Araguasek azaldu duenez, bileraren helburua izan da ahalegina egitea Nafarroako Parlamentuak bat egin dezan "60ko hamarkadatik Nafarroan tortura fisikoa eta/edo psikologikoa jasan duten mila pertsona baino gehiagoren kasuak argitzeko" lanarekin; lan horrek "ikerketa ofizial, profesional, zientifiko eta independentea" eskatuko luke, zeren eta "Konstituzio Auzitegiak eta Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak egindako blokeoaren ondorioz, orain arte ezinezkoa izan baita” halakorik egitea.

 

Horren harira, Nafarroako Pertsona Torturatuen Sarearen ordezkariek hizpide hartu dituzte Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak Espainiako Estatuari ezarri dizkion bost zigorrak, beste hainbeste herritarren "salaketak ez ikertzeagatik" jarriak, eta torturaren prebentziorako Europako Batzordearen txosten bat nabarmendu dute, Nafarroako hiru pertsonaren testigantzari "sinesgarritasuna" ematen ziona.

 

Bestalde, Sareak azaldu du Nafarroako Foru Komunitatean 1960tik 1978ra bitartean izandako tortura eta tratu txarrak ikertzeko proiektua. Proiektu hori, Herritarrekiko Harremanetarako Departamentuak eskatuta, Kriminologiaren Euskal Institutuak egin du, eta haren konklusioen artean proposatzen da ikerketa-aldia 2014ra arte luzatzea. Horrek ahalbidetuko luke, diotenez, "jokabide horiek Nafarroako lurraldean izandako benetako norainokoa taxuz ulertzea".

 

Unai Hualdek, berriz, Nafarroako Torturatuen Sareari jakinarazi dio, joan den otsailean aurkeztutako talde gisa, batzordeen lan-saioen bidez Legebiltzarrean agerraldia egiteko aukera duela, hala nahi izanez gero.

 

Era berean, lehendakariak gogorarazi du Foru Parlamentuak ebazpen bat onetsi zuela 2016an, Nafarroako Gobernuari eskatuz argitu zitzala tortura eta tratu txar kasuak. “Duela gutxi aurkeztu da 1960tik 1978ra bitarteko ikerketa Legebiltzarrean, eta Herritarrekiko Harremanetarako Departamentuak dagoeneko jakinarazi du aurrerapausoak ematen ari dela, IVACen txostenaren gomendioari jarraiki, proiektu zabalagoa bultzatzeko”.

 

Hualdek azpimarratu duenez, “Nafarroan torturaren fenomenoa ikertzeko konpromiso parlamentarioari, zoritxarrez, oztopo ugari jarri zaizkio, talde eta erakunderen helegite judizialen ondorioz”.

 

Nafarroako Pertsona Torturatuen Sarea jendaurrean 2019ko otsailaren 2an aurkeztu zen kolektibo bat da, helburu bakartzat duena "ikerketa ofizial, profesional eta independente bat erreklamatzea, Foru Erkidegoan azken hamarkadetan tortura jasan duten biktimen kopurua argitzekoa".