Noiz argitaratua Asteartea, 2019.eko Urriak 8

Parlamentuko lehendakaria LAB sindikatuaren arlo soziokomunitarioko ordezkaritza batekin bildu da

Gizarte interbentzioaren arloan lan baldintzak duintzeko beharraz aritu dira, 2017ko urrian Legebiltzarrak onetsitako ebazpenean jasotzen den bezala

Nafarroako Parlamentuko Lehendakaria LAB sindikatuaren arlo soziokomunitarioko ordezkaritza batekin bildu da gaur. Oihan Ataun, Txema Senosiain, June Moreno, Leyre Caballero eta Aitor Martirena izan dira bertaratutako ordezkariak.

 

Oihan Ataunek azaldu duenez, “pasa den apirilean eratutako negoziazio mahaiaren egoera aztertu” dute, Nafarroan sektore honen lan baldintzak arautuko dituen “gizarte interbentziorako hitzarmen autonomikoa burutzeari ekiteko”.

 

Ildo horretan, parlamentuko talde guztiekin mantendutako elkarrizketen berri eman diote Parlamentuko Lehendakariari, 2020rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan “osatzen ari diren Hitzarmen Autonomikoak ezarriko duen lan esparru berriaren arabera sinatuko diren itunen esleipenentzat beharrezkoa den finantzazioa bermatzeko”.

 

Unai Hualdek, bestalde, 2017ko urriaren 19an Legebiltzarrak aho batez onetsitako ebazpena ekarri du gogora, gizarte interbentzioaren arloko lan baldintzak duintzeko beharrari buruzkoa, zeinaren bidez defendatzen zen kalitatezko zerbitzuak eskaintzea ahalbidetuko duen hitzarmen autonomiko baten beharra.

 

https://www.parlamentodenavarra.es/eu/node/135396