Noiz argitaratua Asteazkena, 2019.eko Urriak 23

Parlamentuko lehendakaria Diabetesaren Nafarroako Elkartearekin bildu da

Unai Hualdek azpimarratu egin du ANADIK duela 36 urtetik hona egiten duen lan handia, hala prebentzioaren arloan nola laguntzaren nahiz pedagiaren arloetan

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek harrera egin die gaur Legebiltzarraren egoitzan Diabetesaren Nafarroako Elkarteko lehendakari Juantxo Remóni eta harekin batera etorri diren Humberto Pérez lehendakariordeari eta Cristina Salvador koordinatzaileari.

 

Bileran, Cristina Salvadorrek adierazi duenez, ANADIk hainbat hobekuntza iradoki ditu “ahaideen laguntzaren eta hezkuntzaren” arloetan, eta nabarmendu egin du aurrerabidea egin izana teknologiaren arloan, non “azukrea neurtzeko sentsoreak hobekuntza handia ekarri baitu diabetesaren kontrolari eta sentsorea soinean daramaten diabetikoen bizi-kalitateari begira”.

 

Bestalde, eta heldu den azaroaren 14an ospatuko den Diabetesaren Nazioarteko Egunaren karietara, ANADIk eskatu du Nafarroako Parlamentuaren fatxada urdinez argizta dadin berriz ere, halako moduan non erakundeek diabetesa “ikusarazten” jarraituko baitute.

 

Unai Hualdek, berriz, ANADIK hala prebentzioaren arloan nola laguntzaren nahiz pedagogiaren arloetan duela 36 urtetik hona egiten duen lan handia azpimarratu du.

 

Lehendakariak orobat jakinarazi du Parlamentuko Mahaiak orain dela gutxi onetsi duela azaroaren erdialdean, gaixotasun horren nazioarteko egunaren karietara, zenbait hitzaldi egitea Legebiltzarreko erabilera anitzeko gelan elikadurari eta diabetesari buruz.

 

Diabetesaren Nafarroako Elkartea (ANADI) 1983an sortu zen, gaixotasun hori duten pertsonen bizi-kalitatea osasun-laguntza egoki baten bidez nahiz hezkuntza diabetologiko egoki baten bidez hobetzeko xedez, gaixo horien erabateko gizarteratzea lortzera bideratutako prozesu baten baitan.

 

Nafarroan 36.000 pertsona daude diabetesaren diagnostikoa jaso dutenak, gehienak osasungarria ez den bizimodu bati lotutako 2. motako diabetesarekin, zeina saihesgarria baita kasuen % 70ean. Gainerakoek, 1. motako diabetesa dutenek, intsulinaren bidezko tratamendua behar dute. Estimazioen arabera, beste 14.000 pertsona inguru egon daitezke diagnostikatu gabe.