Noiz argitaratua Ostirala, 2020.eko Urtarrilak 10

Parlamentuko lehendakaria bertaratu egin da Hugo López jauna Nafarroako Kontseiluko kide gisa karguaz jabetzeko ekitaldira

Foru Komunitateko aholku-organo goreneko kide bilakatu da tributu-zuzenbideko aditu hori, Nafarroako Parlamentuak joan den azaroaren 21eko Osoko Bilkuran hautatua izan ondoren

Gaur eguerdian Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualde jauna bertaratu egin da Hugo López jaunak Nafarroako Kontseiluko kide-kargua eskuratzeko ekitaldira. López jauna Foru Komunitateko aholku-organo goreneko kide bilakatu da Osoko Bilkuran joan den azaroaren 21ean hautatua izan ondoren, PSN, Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Duguren baiezko botoekin.

 

Hugo López 43 urteko madrildarra da, eta NUPeko Gobernu Kontseiluak proposatuta iritsi da Nafarroako Kontseilura. Hain zuzen, Finantza eta Tributu Zuzenbideko irakasle titularra da unibertsitate horretan.

 

Ekitaldia Nafarroako Jauregian egin da, María Chivite buru izanik. Besteak beste, bertan izan dira Nafarroako Kontseiluaren arduradun nagusi Alfredo Irujo, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilari Javier Remírez, Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilari Eduardo Santos eta Herritarrekiko harremanetako kontseilari Ana Ollo.

 

Nafarroako Kontseilua bost kidek osatzen dute, izen aitortua eta eskarmentua izan eta nafar izaera politikoa duten juristen artean Nafarroako Gobernuko lehendakariak izendatuak. Bostak Nafarroako Parlamentuak proposatutakoak dira.

 

Nafarroako Kontseilua Nafarroako Foru Komunitateko organo aholku-emaile gorena da, eta ordenamendu juridikoari men egiten zaiola zaintzea du zeregin. Bere irizpenetan abaguneari eta komenigarritasunari buruzko balorazioak egin ahalko ditu gaiaren izaerak horretara behartzen duenean edo kontsulta egin duen agintariak berariaz eskatzen duenean hori; betiere, Administrazioak bere helburuak eraginkortasun handienarekin bete ditzan.

 

Gaur egun, Nafarroako Kontseilua osatzen dute Alfredo Irujo jaunak (lehendakari), María Ángeles Egusquiza andreak, José Iruretagoyena jaunak, José Luis Goñi Sein jaunak eta Hugo López jaunak.