Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Uztailak 16

Parlamentuko lehendakaria Agoizko Siemens Gamesako plantako enpresa batzordearekin bildu da

Unai Hualde adierazi du Legebiltzarra ez dagoela ados planta ixtearekin, plantillari elkartasuna eskaintzen diola eta guztiz prest dagoela uztailean zehar behar den bilera oro egiteko

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualde Agoizko Siemens Gamesako plantako enpresa batzordeko ordezkariekin bildu da gaur Legebiltzarreko egoitzan. Bileran aztertu da lantegiaren itxiera iragarri ondoko egoera. Izan ere, espedienteak aurrera eginen balu, bertako 239 enplegatuak kaleratzea ekarriko luke.

 

Enpresa batzordeko eledun Mikel Garrizek lehendakariari helarazi dio irtenbideak aurkitzeko beharra, itxiera geldiarazi, kaleratzeak ekidin eta enpresen deslokalizazioari mugak jartze aldera, enpresa horiek, Gamesaren kasuan bezala, “dirulaguntza publiko handiak jaso baitituzte.  Konpainiak azkentzeko espedientea justifikatzeko erabiltzen dituen argudioek ez dute funtsik. Arazoa merkatua bada, lehiakortasuna epe luzera hobetzea, Agoitzen bestelako palak egiten ahal dira, eskariaren bilakaeraren arabera. Eskertzen dugu Nafarroako Parlamentuak ahal den guztian laguntzeko jarrera, ixteko espedientea bertan behera uzteari begira”.

 

Unai Hualdek, berriz, Gamesako enpresa batzordeari helarazi dio “Nafarroako Parlamentua ez dagoela ados produkzioa beste leku batera eramateko erabakiarekin”, uztailaren 3an aho batez onetsitako adierazpen instituzionalean jaso zen moduan. Bertan “Parlamentuak bere babesa eta elkartasuna adierazten dizkie ukitutako 239 langileei “ eta “Nafarroako Gobernuari dei egiten dio, Trantsizio Ekologikorako Ministerioarekin, enpresarekin eta sindikatuekin batera jardun dezan, enplegua mantentzeko eta Nafarroa energia berriztagarrien arloan erreferentzia gisa finkatzeko helburuarekin”

 

Hori dela eta, aipatu adierazpen politikoaren edukiaren ildotik ere, Hualdek aipatu duenez “justifikazioak gorabehera, deslokalizazio huts-hutsa dugu, eskualdean inpaktu sozial eta ekonomiko handia izanen duena. Horregatik Parlamentua prest dago uztailean zehar behar den bilera oro egiteko Gamesaren auziaren inguruan. Dagoeneko talde guztiek eskatu dute enpresa batzordearekin bilera bat egiteko eta beste bi Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariarekin eta Eskubide Sozialetako kontseilariarekin”. Dirudienez, datorren astean eginen dira.

 

Hualderekin bildu den enpresa batzordeko beste ordezkariak honako hauek izan dira: Amaia Goñi, Luis Álvaro Nuin, Gabina Saldaña, Iban Koldo Yaniz eta Ana María López.