Noiz argitaratua Asteazkena, 2020.eko Martxoa 25

Parlamentuak Osoko Bilkura eginen du ostiral honetan, boto eskuordetuarekin, Covid-19aren krisi santiarioari aurre egiteko neurriak biltzen dituzten bi foru lege-dekretuak baliozkotzeko

Mahaiak eta Eledunen Batzarrak ostiralean bilkura eginen dute berriz ere Osoko Bilkuraren ostean, ohiz kanpoko euste-neurriak apirilaren 13ra arte luzatzeari buruzko erabaki bat hartzeko

Gaur arratsaldean, Mahaiak eta Eledunen Batzarrak, bideokonferentziaz bilduta, ostiral honetako, hilak 27, Osoko Bilkuraren deialdia onetsi dute. Osoko Bilkura 09:15ean izanen da, eta gai-zerrenda mugatu bat izanen du, alegia, koronabirusaren (COVID 19) osasun-krisiak eragindako inpaktuari erantzuteko neurri ekonomiko, sozial, fiskal eta kontratazio publikokoak indarrean jartzen dituzten bi foru lege-dekretuak eztabaidatu eta, kasua bada, baliozkotzea.

 

Bilkura streaming bidez eskainiko da, eta ezin izanen da kazetaririk bertaratu. 9 parlamentari bilduko dira, Unai Hualde Lehendakaria, Juan Luis Sánchez de Muniáin eta Maiorga Ramírez idazkariak eta sei talde parlamentarioetako eledunak. Gainerakoek botoa eskuordetu dute, borondatezkoa izan arren, interes publikoko osasun-arrazoiengatik gomendatzen da, ezinezkoa baita osoko bilkurak aurrez aurre edo telematikoki egitea 50 forudunekin.

 

Beraz, martxoaren 24ko Lehendakaritzaren ebazpenaren arabera, eta boto eskuordetuaz baliatuta presako bilkura seguruak egiteko aukera ziurtatzen duen legelari nagusiaren txosten juridikoarekin bat etorriz, Osoko Bilkura, plano fisikoan, 12 kargu publikorekin eginen da, Nafarroako Gobernuko hiru kide barne: María Chivite lehendakaria eta Javier Remírez eta Jose Mari Aierdi lehendakariordeak.

 

Foru lege-dekretuak baliozkotzeko prozedura Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduaren 161. artikuluak arautzen du. Bertan aurreikusten da Gobernuko kide batek Osoko Bilkuran esku hartzea, eta, ondoren, osoko eztabaida bat egitea, aldeko eta kontrako txandekin, 15 minutukoak (ordezkaritza handienetik txikienera), eta, ondoren, Gobernuaren 5 minutuko ihardespen-txanda bat. Eztabaida amaituta, lehenbizi boto elektronikoa emanen dute bertan dauden parlamentariek eta gero eledunei eskuordetutako botoak zenbatuko dira.

 

Bi foru lege-dekretuak baliozkotu ondoren, segur aski foru lege proiektu gisa izapidetuko dira, presako prozeduraren bidez; horretarako, talderen batek eskatu eta Legebiltzarrak gehiengo soilez onestea besterik ez da behar.

 

Martxoaren 18ko 1/2020 Foru Lege-dekretuak premiazko neurriak onesten ditu koronabirusaren (COVID‑19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko, eta 100 milioiko kontingentzia-funts bat jasotzen du, bai eta neurri batzuk ere, langileen arlokoak batez ere.

 

Martxoaren 25eko 2/2020 Foru Lege-dekretua zergen eta kontratazio publikoaren arloari buruzkoa da, eta gaur arratsaldean bertan erregistratu da Nafarroako Parlamentuan; horrenbestez, heldu den ostiraleko Osoko Bilkuraren gain-zerrendan sartu da.

 

Mahaia eta Eledunen Batzarra ostiral honetan, hilak 27, bilduko dira berriz, Osoko Bilkura amaitu ondoren (11:30), ohiz kanpoko euste-neurriak apirilaren 13ra arte luzatzeari buruzko erabaki bat hartzeko. Gogoratuko denez, hilaren 16an Parlamentuak eraikina eta haren zerbitzu guztiak itxi zituen, baita lan parlamentarioak murriztu ere. Lan horiek Mahaiaren eta Eledunen Batzarraren bilkuretara eta beste legebiltzar-organo batzuen bilkura zehatzetara mugatu zituen —azken horiek, betiere, atzeraezintzat jotzen diren premiazko arrazoiengatik badira—. Nolanahi ere, bilkura horien segurtasuna bermatu beharko da, osasun-agintarien gomendioekin bat etorriz.

 

Kasua balitz, Mahaiak eta Bozeramaileen Batzordeak ebatziko lukete, halaber, baliozkotutako bi foru lege-dekretuak foru lege proiektu gisa eta presako prozeduraren bidez izapidetzeko eskaeraren inguruan. Gai horrek beste osoko bilkura bat egitea eskatuko luke.

 

Ostiralean Mahaiaren eta Eledunen Batzarraren saioa amaitzean Parlamentuko Lehendakariak, Unai Hualdek, prentsaurrekoa eginen du onetsitako ezohiko neurrien berri emateko, eta eledunek adierazpenak eginen dituzte. Osoko Bilkuren aretoan eginen da eta streaming bitartez eskainiko da. Kazetariak ezin izango dira bertaratu baina galderak igortzeko aukera izanen dute.

 

Botoa eskuordetzea

 

Mahaiak, Eledunen Batzarrak aldez aurretik erabaki loteslea hartu ondoren, Lehendakaritzaren ebazpen bat onetsi zuen aho batez asteartean (hilak 24), zeinaren bidez botoa eskuordetzeko baimena ematen baita izaera iragankorreko inguruabar berezietan, hala nola, COVID-19k eragindako osasun-larrialdiko egoerari aurre egiteko egoera honetan, zeina Alarmako Egoeraren adierazpenetik heldu baita.

 

Osasun-agintarien gomendioei erantzunez Parlamentuak onetsitako Kontingentzia Planaren barruan dago neurria, esposizio- eta kutsatze-probabilitatea murrizteko, presentzia fisiko mugatu batetik abiatuta; hain zuzen ere, parte-hartze politikoa segurtasun-baldintzetan gauzatzeko hertsiki beharrezkoa den presentzia.

 

Beraz, ordezkaritza-erakundearen eraginkortasuna bermatze aldera, Erregelamenduaren 94.2.b) artikuluan aurreikusitako boto-eskuordetzako kasuez gainera (ospitaleratzea edo gaixotasun larria) osasun-krisietako osasunerako arrisku-egoeraren kasuak eta Ganberaren jarduera murriztekoak sartuko dira.

 

Interes publikoko arrazoiengatik gomendatzen bada ere, boto-eskuordetza borondatezkoa izanen da, eta Parlamentuko Idazkaritzaren aurrean formalizatu beharko da (epea gaur amaitu da 14:00ean), hark emango baitu dagokion ziurtagiria.

 

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Parlamentuaren Erregelamenduaren 40.2 artikuluaren arabera, Lehendakaritzaren ebazpen hau ematen da:

 

Lehenengo artikulua. Foru parlamentariek, koronabirusaren (COVID-19) pandemiak sortutako osasun-alertaren ondorioz eta Parlamentuaren jarduera murrizteko salbuespenezko neurria dela eta, botoa beste parlamentari bati eskuordetu ahal izanen diote.

 

Azken xedapena. Ebazpen honek Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra".