Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Martxoak 26

Parlamentuak Osoko Bilkura eginen du ostiral honetan, boto eskuordetuarekin, Covid-19aren krisi santiarioari aurre egiteko neurriak biltzen dituzten bi foru lege-dekretuak baliozkotzeko

Nafarroako Parlamentuak Osoko Bilkura eginen du ostiral honetan, hilak 27, 09:15ean, eta gai-zerrenda mugatu bat izanen du, alegia, koronabirusaren (COVID 19) osasun-krisiak eragindako inpaktuari erantzuteko neurri ekonomiko, sozial, fiskal eta kontratazio publikokoak indarrean jartzen dituzten bi foru lege-dekretuak eztabaidatu eta, kasua bada, baliozkotzea.

 

Bilkura streaming bidez eskainiko da, eta ezin izanen da kazetaririk bertaratu. 9 parlamentari bilduko dira, Unai Hualde Lehendakaria, Juan Luis Sánchez de Muniáin eta Maiorga Ramírez idazkariak eta sei talde parlamentarioetako eledunak. Gainerakoek botoa eskuordetu dute, borondatezkoa izan arren, interes publikoko osasun-arrazoiengatik gomendatzen da, ezinezkoa baita osoko bilkurak aurrez aurre edo telematikoki egitea 50 forudunekin.

 

Beraz, martxoaren 24ko Lehendakaritzaren ebazpenaren arabera, eta boto eskuordetuaz baliatuta presako bilkura seguruak egiteko aukera ziurtatzen duen legelari nagusiaren txosten juridikoarekin bat etorriz, Osoko Bilkura, plano fisikoan, 12 kargu publikorekin eginen da, Nafarroako Gobernuko hiru kide barne: María Chivite lehendakaria eta Javier Remírez eta Jose Mari Aierdi lehendakariordeak.

 

Foru lege-dekretuak baliozkotzeko prozedura Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduaren 161. artikuluak arautzen du. Bertan aurreikusten da Gobernuko kide batek Osoko Bilkuran esku hartzea, eta, ondoren, osoko eztabaida bat egitea, aldeko eta kontrako txandekin, 15 minutukoak (ordezkaritza handienetik txikienera), eta, ondoren, Gobernuaren 5 minutuko ihardespen-txanda bat. Eztabaida amaituta, lehenbizi boto elektronikoa emanen dute bertan dauden parlamentariek eta gero eledunei eskuordetutako botoak zenbatuko dira.

 

Bi foru lege-dekretuak baliozkotu ondoren, segur aski foru lege proiektu gisa izapidetuko dira, presako prozeduraren bidez; horretarako, talderen batek eskatu eta Legebiltzarrak gehiengo soilez onestea besterik ez da behar.

 

Martxoaren 18ko 1/2020 Foru Lege-dekretuak premiazko neurriak onesten ditu koronabirusaren (COVID‑19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko, eta 100 milioiko kontingentzia-funts bat jasotzen du, bai eta neurri batzuk ere, langileen arlokoak batez ere.

 

Martxoaren 25eko 2/2020 Foru Lege-dekretua zergen eta kontratazio publikoaren arloari buruzkoa da. Nahiz eta bereziki zerga eta ekonomia arloa (ETEak, autonomoak) lantzen dituen, etxebizitza, egoitza eta diru-laguntzak kontuak jasotzen ditu, eta ostegun arratsaldean bertan erregistratu zen Nafarroako Parlamentuan; horrenbestez, heldu den ostiraleko Osoko Bilkuraren gain-zerrendan sartu da.