Noiz argitaratua Asteazkena, 2020.eko Maiatzak 6

Parlamentuak Osoko Bilkura eginen du ostegun honetan, boto eskuordetuarekin, koronabirusaren krisi sanitarioari aurre egiteko neurriak biltzen dituen laugarren foru lege-dekretua baliozkotzeko

Ostiralean Kontingentzia Plana deseskalada planari egokitzeari buruzko erabakia hartuko dute Mahaiak eta Eledunen Batzarrak, Legebiltzarreko langileak jarduera presentzialera itzultzeko protokoloa barne

Nafarroako Parlamentuak Osoko Bilkura eginen du ostegun honetan, maiatzak 7 (09:15), apirilaren 29ko 4/2020 Foru Lege-dekretua baliozkotzeko, premiazko neurriak onesten dituena koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko. Osoko Bilkurak kontroleko bigarren zati bat edukiko du, Gobernuari zuzendutako gaurkotasun handiko galderekin.

 

Ostegun honetan ospatuko den osoko bilkura boto eskuordetuarekin eginen den bosgarrena izanen da, pasa den martxoaren 16an Parlamentuak eraikina eta haren zerbitzu guztiak itxi eta lan parlamentarioak murriztu zituenetik. Lan horiek Mahaiaren eta Eledunen Batzarraren bilkuretara eta beste legebiltzar-organo batzuen bilkura zehatzetara (Osoko Bilkura eta Foru Araubideko Batzordea) mugatu zituen —ahal dela bideokonferentziaz—, baldin eta atzeraezintzat jotzen diren premiazko arrazoiengatik egin behar badira. Hori guztia segurtasun-bermeekin eginen da, osasun-agintarien gomendioei jarraikiz.

 

Apirilaren 27an, koronabirusari aurre egiteko kontingentzia-planaren baitan Legebiltzarreko Mahaiak martxoaren 16an onetsitako ohiz kanpoko euste-neurriak luzatzerakoan, Mahaiak eguneko bilkura presentzial bat egitea erabaki zuen. Batzordeak eta kontroleko Osoko Bilkurak berreskuratzearekin batera, Foru Araubideko Batzordeari lotutako idatzitako kontrol, informazio eta dokumentazio prozedura berezia desagertu zen. Horrez gain, Gobernuaren kontrolerako ekimen batzuei lotutako administrazio epeak martxan jarri ziren: galdera idatziak eta ahozkoak, Nafarroako Gobernuari informazio eta agerraldi eskaerak, beti ere COVID-19ak eragindako krisi pandemikoaren kudeaketari buruzkoak.

 

Alarma egoera deklaratu zenetik, Nafarroako Parlamentuak lau osoko bilkura egin eta bost lege onetsi ditu, horietako bi aurretik baliozkotutako Foru Lege-dekretuetan oinarritutakoak.

 

Apirilaren 8an Parlamentuko Osoko Bilkurak hiru foru lege onetsi zituen aho batez, zehazki, Covid-19ak eragindako osasun publikoko arrazoiak direla-eta hartutako neurri berezi eta urgenteek ekarritako behar bereziei erantzuteko kreditu-gehigarria ematen duena, kreditu berezia ematen duen legea eta Nafarroako 2020rako Aurrekontu Orokorrei buruzko martxoaren 4ko 5/2020 Foru Legea aldatzen duena.

 

Aurretik, apirilaren 3an, Legebiltzarrak bi foru lege onetsi zituen, koronabirusaren (COVID 19) osasun-krisiak eragindako inpaktuari erantzuteko premiazko neurriak indarrean jartzen dituzten martxoaren 18ko 1/2020 eta martxoaren 25eko 2/2020 Foru Lege Dekretuen edukia jaso eta zabaltzen dutenak. Lehena aho batez onetsi zen, eta bigarrena, berriz, EH Bilduren abstentzioarekin. Bi arauen indarraldiak egoera hau eragin duten baldintza bereziak desagertu artean iraunen du. Oinarrian dauden bi Foru Lege-dekretuak martxoaren 27an baliozkotu ziren aho batez. Hirugarren foru lege-dekretu bat ere aho batez baliozkotu zen apirilaren 15ean.

 

Bilkura streaming bidez eskainiko da, eta ezin izanen da kazetaririk bertaratu. Parlamentuko Mahaiko kideak, talde parlamentarioetako eledunak eta Gobernuaren ordezkaritza batek soilik parte hartuko dute. Gainerakoek botoa eskuordetu beharko dute -epea 10:00etan amaitu da-, borondatezkoa izan arren, interes publikoko osasun-arrazoiengatik gomendatzen da, ezinezkoa baita osoko bilkurak aurrez aurre edo telematikoki egitea 50 forudunekin. Oraingo honetan, Geroa Bai taldearen eleduna María Solana izanen da eta EH Bildurena, berriz, Adolfo Araiz.

 

Legebiltzarreko gobernu-organoak hartutako zuhurtziazko neurri guztiek dute zerbitzu juridikoen txosten baten bermea; izan ere, murrizketa-aldian ezinbestekoak diren parlamentu-eginkizunak betetzeari buruzko txosten horretan ziurtatzen da bilkura urgente eta seguruak egiten ahal direla boto eskuordetua erabilita.

 

Gauzak horrela, eta parte-hartze politikoa segurtasun-baldintzekin zertu ahal izatea errazte aldera, Mahaiak, Eledunen Batzarrak erabaki loteslea hartu ondotik, Lehendakariaren ebazpen bat onetsi zuen hilaren 25ean, boto-delegazioa dela-eta Erregelamenduaren 94.2.b) artikuluan aurreikusitako kasuen artean jasotze aldera, ospitaleratzeaz edo gaixotasun larriaz gain, osasun-krisietako osasunerako arrisku-egoeraren kasuak eta Ganberaren jarduera murriztekoak.

 

Ganberako Legelari Nagusiak egin du txosten juridikoa, Eledunen Batzarrak 2020ko martxoaren 16an hartutako akordioa betez. Lehendakariaren eskariz Mahaiak hilaren 16an hartutako eta 23an luzatutako ezohiko neurriek eragindako jarduera murrizketaren ondoren argitu beharreko gaiak zehazten ditu txostenak.

 

Bestalde, Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura eginen dute ostiral honetan, maiatzak 8 (12:30ean), bideokonferentzia bidez, martxoaren 16an onetsitako eta hiru aldiz luzatu den COVID-19 koronabirusari aurre egiteko kontingentzia-plana deseskalada planari egokitzeari buruz kasuan kasuko erabakia hartzeko, eta Legebiltzarreko langileak lanera itzultzeko protokoloa ere landuko dute.