Noiz argitaratua Asteartea, 2020.eko Apirilak 7

Parlamentuak Osoko Bilkura eginen du asteazken honetan, boto eskuordetuarekin, Covid-19aren krisi sanitarioak sortutako behar bereziei buruzko hiru lege proiektuak eztabaidatzeko

Lehenago Mahaia eta Eledunen Batzarra Osoko Bilkuren aretoan bilduko dira martxoaren 16an Legebiltzarrak hartutako ohiz kanpoko euste-neurriak luzatzeari buruzko erabakia hartzeko

Nafarroako Parlamentuak Osoko Bilkura eginen du asteazken honetan, apirilaren 8arekin (12:00), presako prozeduraz izapidetutako hiru Foru Lege proiektuak (batera) eztabaidatzeko.

 

Covid-19ak eragindako osasun publikoko arrazoiak direla-eta hartutako neurri berezi eta urgenteek ekarritako behar bereziekin zerikusia dute hiru foru lege proiektuek. Lehenak kreditu-gehigarri bat emateko proposamena egiten du, bigarrenak kreditu berezi bat ematea planteatzen du eta hirugarrenak Nafarroako 2020rako Aurrekontu Orokorrei buruzko martxoaren 4ko 5/2020 Foru Legea aldatzea proposatzen du. Epea amaituta, ez da zuzenketarik erregistratu.

 

Hiru foru lege proiektuak batera eztabaidatuko dira, eta Javier Remírez, Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne Kontseilariak 15 minutuko tartea izanen du hiru testuak defendatzeko. Ondoren, osoko eztabaida eginen da 15 minutuko aldeko eta aurkako txandekin (ordezkaritza handiena duenetik txikiena duenera), eta azkenik Gobernuak 5 minutuko ihardespen txanda edukiko du. Eztabaida amaituta, bertan dauden parlamentariek botoa emanen dute elektronikoki eta ondoren eledunei eskuordetutako botoak zenbatuko dira.

 

Bilkura streaming bidez eskainiko da, eta ezin izanen da kazetaririk bertaratu. Parlamentuko Mahaiko kideak, talde parlamentarioetako eledunak eta Gobernuaren ordezkaritza batek soilik parte hartuko dute. Gainerakoek botoa eskuordetu beharko dute –epea bihar 10:00etan amaituko da-, borondatezkoa izan arren, interes publikoko osasun-arrazoiengatik gomendatzen da, ezinezkoa baita osoko bilkurak aurrez aurre edo telematikoki egitea 50 forudunekin.

 

Asteazken honetako Osoko Bilkura boto eskuordetuarekin eginen den hirugarrena izanen da, pasa den martxoaren 16an Parlamentuak eraikina eta zerbitzu guztiak itxi eta parlamentuko jarduera murriztu zuenetik. Lan horiek Mahaiaren eta Eledunen Batzarraren bilkuretara eta beste legebiltzar-organo batzuen bilkura zehatzetara mugatu zituen —ahal dela bideokonferentziaz—, baldin eta atzeraezintzat jotzen diren premiazko arrazoiengatik egin behar badira. Hori guztia segurtasun-bermeekin eginen da, osasun-agintarien gomendioei jarraikiz.

 

Legebiltzarreko gobernu-organoak hartutako zuhurtziazko neurri guztiek dute zerbitzu juridikoen txosten baten bermea; izan ere, murrizketa-aldian ezinbestekoak diren parlamentu-eginkizunak betetzeari buruzko txosten horretan ziurtatzen da bilkura urgente eta seguruak egiten ahal direla boto eskuordetua erabilita.

 

Gauzak horrela, eta parte-hartze politikoa segurtasun-baldintzekin zertu ahal izatea errazte aldera, Mahaiak, Eledunen Batzarrak erabaki loteslea hartu ondotik, Lehendakariaren ebazpen bat onetsi zuen hilaren 25ean, boto-delegazioa dela-eta Erregelamenduaren 94.2.b) artikuluan aurreikusitako kasuen artean jasotze aldera, ospitaleratzeaz edo gaixotasun larriaz gain, osasun-krisietako osasunerako arrisku-egoeraren kasuak eta Ganberaren jarduera murriztekoak.

 

Ganberako Legelari Nagusiak egin du txosten juridikoa, Eledunen Batzarrak 2020ko martxoaren 16an hartutako akordioa betez. Lehendakariaren eskariz Mahaiak hilaren 16an hartutako eta 23an luzatutako ezohiko neurriek eragindako jarduera murrizketaren ondoren argitu beharreko gaiak zehazten ditu txostenak.

 

Osoko Bilkura hasi baino ordu erdi lehenago, Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura eginen dute Osoko Bilkuren aretoan (11:30), COVID-19 koronabirusari aurre egiteko kontingentzia-planaren baitan Legebiltzarreko Mahaiak martxoaren 16an onetsitako ohiz kanpoko euste-neurriak luzatzeari buruzko erabaki bat hartzeko.