Noiz argitaratua Asteazkena, 2020.eko Irailak 16

Parlamentuak, NUPek eta CERMINek hitzarmena sinatu dute, aztertzeko ea legediak zer eragin duen desgaitasuna duten pertsonengan

Azterlana, zeina martxoaren 31rako bukatuta egon beharko baita, Gobernuari eta talde parlamentarioei helaraziko zaie, irisgarritasunaren eta eskubideen arloetan aldaketak susta ditzaten

Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektore Ramón Gonzalok eta CERMIN-Nafarroan Desgaitasuna duten Pertsonen Ordezkarien Erakundeen Batzordearen arduradun Mari Luz Escuderok gaur sinatu dute lankidetza-hitzarmena, foru legedia desgaitasuna duten pertsonen eskubideei buruzko nazioarteko konbentzioan ezarritakoari egokitzeko xedez hiru erakunde horiek adostutakoari jarraikiz.

 

Hitzarmenean ezarritako baldintzekin bat, NUPek bere gain hartuko du Nafarroan desgaitasuna duten pertsonei eragiten dieten autonomia eta estatu mailako legeei buruzko aterlana egiteko ardura, eta egungo legedia irisgarritasunaren eta eskubideen arloetan egokitzeko egin beharreko aldaketak eta garapenak proposatuko ditu.

 

CERMINek azterlan horren diagnostikoan, prestaketa-lanetan eta aurkezpenean parte hartuko du, eta Nafarroako Parlamentuak, berriz, 12.000 euro bitarte jarriko ditu azterlana finantzatzeko. Azterlana 2021eko martxoaren 31 baino lehen helarazi beharko zaio Mahaiari.

 

Aztelana jaso ondoren, Legebiltzarrak Nafarroako Gobernuari igorriko dio azterlana, eta talde parlamentarioen eskura jarriko du, egoki iritzitako ekimenak har ditzaten desgaitasunaren esparruan, kolektibo horren bizi-kalitatea hobetzea eta parte-hartze soziala sustatzea barne.

 

Jarraipen batzorde bat eratzea aurreikusten da, lana egin bitartean sortzen diren arazoak ebaluatzeaz eta konpontzeaz arduratuko dena. Batzorde horretan hitzarmena sinatu duten entitateetako bina ordezkari egonen dira; Nafarroako Parlamentuaren kasuan, Unai Hualde lehendakaria eta Arantza Biurrun Eskubide Sozialetako Batzordeko burua.

 

Konstituzioan jasotzen diren eskubideak eta askatasunak egiaz baliatu ahal izanen direla sustatzearren sinatu da lankidetza-hitzarmena –eginkizun hori Nafarroako Parlamentuari dagokio–, ingurunearen garapenarekin konprometitutako ikerketa zientifiko eta teknikoa sustatzearren –hori, berriz, Nafarroako Unibertsitate Publikoari dagokio–, eta desgaitasuna duten pertsonen eskubideak aldeztearren, hori bera baita CERMINek –arlo horretan administrazio publikoen nahiz gizartearen beraren mintzakide nagusia denak– aldezten duen helburua.

 

Hitzarmena sinatu ondoren –12.000 euroko gehieneko aurrekontua du– , Unai Hualde, Ramon Gonzalo eta Mari Luz Escudero "pozarren" azaldu dira,"arau-edukiak eguneratu" egiten dituelako eta "urte askoan" iraun dezala espero duten "harreman onuragarriari jarraipena" ematen diolako.

 

Unai Hualde Parlamentuko lehendakariak parte-hartzaileen borondate ona eskertu du, “CERMINi aipamen berezia eginez, izan ere, ni kargu honetarako hautatua izan eta aste gutxira bere lehendakariak proiektu honen proposamena egin baitzidan. Hitzarmen honen helburuarekin bat egiten dute bai Gobernua osatzen duten taldeek baita oposizioan daudenek ere. Erakundeek gizarteratzearen alde lan egin behar dute eta horrek autonomia, mugikortasuna eta bizitza independentea bermatuko duten neurrien garapena eskatzen du. Ikerketa hau etorkizunerako bide-orria izan daiteke, Gobernu aldaketen gainetik egonen dena”. +

 

Lan ildoari buruz, Unai Hualdek adierazi du “lehen pausua ikerketa hau burutzeko desgaitasunaren eta zuzenbidearen arloko adituek osatutako ikerketa talde tekniko bat osatzea” izan dela. “Talde honek Parlamentuan formakuntza bat eskainiko du, eta ondoren dokumentua idatziko da. Mahaiari aurkeztuko zaio, Jarraipen Batzordeak onespena eman ondoren”. Behin betiko lana Legebiltzarrean aurkeztu eta eztabaidatuko da.

 

Lehendakariak, amaitzeko, hitzarmen honek “aurrerapen sozial garrantzitsua” suposatzen duela azpimarratu du, “sinatzaileok pertsona desgaituen eskubideen egiazko aitorpenari ematen diogun garrantzia dela eta”.

 

Ramón Gonzalok, bestalde, ikerketa hau egiteko NUPengan jarritako “konfiantza” eskertu du, “Unibertsitatearen helburuekin bat dator ikerketa, hain zuzen, formakuntza integrala eta gizarteratzearekin. Nazioarteko Hitzarmenak pertsona desgaituekiko trataera juridiko berria eskatzen du, eta zeregin horretan parte-hartuko dugun hiru erakundeak gaude gaur hemen”.

 

Ildo horretan, Mari Luz Escuderok adierazi du nazioarteko konbentzioak pertsona desgaituen eskubideak Giza Eskubideen ikuspegitik sustatzen dituela. Eskubideak eraginkorrak eta osoak izan behar dira, izan ere, gaur egun, etxebizitzarako sarbideari, enpleguari, hezkuntzari eta aisialdiari dagozkion eskubide asko ez dira bermatzen. 12 urteren ondoren, premiazko legedia aldaketa baten aurrean gaude. Ea 6 hilabetetan amaitzea lortzen dugun eta maiatzaren 3an, desgaitasuna duten pertsonen eskubideei buruzko nazioarteko konbentzioaren Egun Nazionalean aurkezteko aukera daukagun".