Noiz argitaratua Ostirala, 2019.eko Azaroak 22

Parlamentuak Nafarroaren Eguneko ospakizunei ekin die "Nafarroako Gorteak Aro Modernoan" jardunaldiarekin

Hamabost ponentzien edukiekin argitalpen bat eratuko da, XVI. eta XVIII. mendeetako Nafarroako Gorteak ezagutzera emateko

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek eman dio hasiera gaur Nafarroako Gorteak Aro Modernoan (XVI.-XVIII. mendeak) jardunaldiari. Parlamentuak berak antolatu du, NUPeko I-Communitas-Institute for Advances Social Research Ikerketa Institutuarekin elkarlanean.

 

Abenduaren 3a Nafarroaren Eguna da, eta horren kariaz antolatutako programako jardunaldi horretan 15 akademiko eta legelari ospetsuri entzuteko aukera izan da, 40 urteko parlamentarismo etengabearen ondoren Komunitateko politika osoa foru legebiltzarraren inguruan gauzatzen den honetan.

 

Sarrerako hitzetan Unai Hualde pozik agertu da “antzinako Nafarroako Gorteek 1512ra arteko Erresuma Zaharra desagertu ondoko etapan eta jada Espainiako monarkiari loturik egin zuten ibilbidearen azterketa honetan” parte hartzeko aukera izateaz. Atsegina izanen da erakunde honen historiara hurbiltzea, ezagutzea auzoko lurraldeen legebiltzarrekin ditugun antzekotasunak, erregearen eta Gorteen arteko harremanak edo Pirinioez bestaldeko nafar erresumako Gorteenganako hurbilketa”.

 

Ildo horretan, hizlari guztien garrantzia nabarmendu ondoren, lehendakariak erakundearen hedapen lanean jarri du azpimarra. “Erantzukizunagatik, zer garen, zer egiten dugun eta zer izan dugun ezagutarazi behar dugu. Legeak egiteaz gain, Parlamentuak gure historiaren eta gure erakundeen eboluzioaren berri zabaldu behar du. Kasu honetan ariketa intelektual guztiz atsegingarria da, gure lurraren altxor historikoari esker”.

 

Testuinguru horretan, azkenik, Unai Hualdek hau iragarri du: “Gaur areto honetan kontatzen direnak hilabete batzuk barru argitalpen batean jasoko dira, eta espero dugu Nafarroako Gorteak XVI. mendetik XVIII.era bitartean zer izan ziren hobeki ulertzen lagunduko duela. Esker ona agertu nahi dizuet NUPi, I-Comunitas Institutuari, hizlariei eta zuen etxea den Parlamentu honetara etorri zareten parte-hartzaile guztiei”.

 

Hasierako hitzen ondoren Alcaláko Unibertsitateko Alfredo Floristán mintzatu da. Berak inauguratu du jardunaldia, Espainiako Monarkiaren inguruneari buruzko azalpenekin.

 

Jorge Urdanoz parlamentari ohi eta NUPeko irakasleak Nafarroako Gorteen bozketa sistemak izan ditu mintzagai. “Ez zen erabiltzen gehiengoaren araua, berdintasunezko gizartearekin eta, beraz, gizarte demokratikoarekin lotzen dugun hori. Guztiaren gainetik Erdi Aroko Gorteak ziren, aho batez funtzionatzen zutenak, eta hala iraun zuten XIX. mendera arte. Erkidego politiko bat ordezkatzen zuten, baina erkidego oligarkikoa zen eta inola ere ezin da herri-subiranotasunaz mintzatu”.

 

Amaia Álvarez kazetari eta NUPeko irakasleak hizpide izan du Nafarroan kanpotik jaso eta Gorteek bere egindako errege-legeria. Horri buruz, azpimarratu du nola “Nafarroako Gorteen eta erakunde zentralen arteko tirabira dialektikoa sortu zen, behin Nafarroako konkista burutu eta Nafarroa Gaztelako Erresumari atxiki ondoren”.

 

Álvarezen esanetan, “horixe da garai hartako Nafarroako Erresumaren berezitasuna. Alde batetik mantendu egiten zituen Gorteak, nafarrei hitza ematen zien erakundea, eta bestetik erakunde zentralek urrats irmoak egiten zituzten absolutismo zentralistarantz, autogobernua, foraltasuna eta Nafarroako zuzenbidea mugatzeko asmoz. Hori zen jokoa”.

 

Esparru horretan, “Gaztelako legeak eta erabakiak Nafarroan zuzenean jasotzea, hots, Gorteek bere egitea, salbuespenez baizik ez zen gertatzen. Ez zen ohikoa, zeren Nafarroako Erresumak eutsi egiten baitzion legegintza-ahalari, bere legeak egiteko eskumenari”.

 

Juan Cruz Alli Nafarroako Gobernuko lehendakari ohi, parlamentari ohi eta NUPeko Zuzenbide Administratiboko irakasle titular ohiak Gorteak eta udal zuzenbidea landu ditu. Bere ponentzian, Nafarroaren toki-antolamenduaren araubidearen bilakaera esplikatu du bi tresna nagusiren eskutik: Erregearen zuzenbidea eta Erresumaren zuzenbidea.

 

Alliren esanetan, bi tresna horiek Goi Erdi Arotik Aro Garaikidera bitarte izan duten bilakaeraren hastapenean dago “populazio-guneak sortzea, zeuden zenbait udal Tokiko Foruen bitartez aitortze eta sendotzetik abiatuta”. Horrela, hertsiki lurraldetarra den zuzenbide bat taxutu zen, gero zenbait herri bildu zituena eta goragoko esparru bat –udalez gaindikoa– izaten hasi zena, lurralde osora hedatu gabe”.

 

“Dinastiak aldatu eta gizartea gero eta konplexuagoa egin ahala zuzenbide zabalago eta orokorrago bat hasi zen mamitzen, mugarri izanen zituena Foru Orokorra eta Foruaren Hobekuntzak, jada Erresuma osoa hartzen zutenak, eta Erromatar Zuzenbidea hartzetik heldu den zuzenbide komun baten aplikazioa”, adierazi du Allik.

 

Juan Cruz Allik azaldu duenez, “Gorteak udalentzako araubide komun bat ere hasi ziren sortzen, funtzionamendu komuneko alderdietan gorpuztu zena, udal bakoitzak bere antolamendu berekia baitzeukan. Horren punturik gogoangarrienak izan ziren XVIII. mendean Hamaikako, Hamabosteko eta Hogeiko Batzarrak sortu izana eta tokiko kargudunak hautatzeko prozedurak normalizatu izana”.

 

Hartara, “toki entitateen bizitzaren eta jardueraren erregulazio erabat kasuistiko bat daukagu, Erregimen Zaharra bukatu bitarte iraun zuena, Konstituzionalismo liberala bitarte. Nafarroan, 1836 eta 1839ra bitarte, une horretan aldatu baitzen taxuketa. 36an, Gorteak bukatu egin ziren. Gorteen azken bilkura 1828-1829an egin zen, eta ordurako Nafarroak jada bazeukan toki entitateen alderdi zehatzak arautzen zituen sistema orokor bat”.

 

Goizeko saioan (9:30), gainera, hurrengo hizlariek parte hartu dute: Gregorio Monreal (NUP), Roldán Jimeno (NUP), Mercedes Galán (NUP), Álvaro Adot (Velázquezen Etxea) eta Bertrand Augé (ESCPAU Business School).

 

Arratsaldeko saioan (15:00) parte hartu duten hizlariak dira: Pilar Arregui (Nafarroako Unibertsitatea), Luis Javier Fortún (Nafarroako Parlamentua), Mikel Lizarraga (NUP), Nere Jone Intxaustegi (NUP), Ignacio Panizo (Liburutegi Nazionala), eta Fernando Mikelarena (Zaragozako Unibertsitatea).

 

Parlamentuaren domina Euskaltzaindiari

 

Nafarroaren Egunaren karietara antolatutako ekitaldi-programari abenduaren 2an emanen zaio jarraipena. Nafarroako Parlamentuaren Domina Euskaltzaindiari emateko ekitaldi bat eginen da, Euskaltzaindiak bere mendeurrena ospatzen duen honetan. Osoko Bilkuren aretoan eginen da 11:00ean eta Unai Hualde Legebiltzarreko Lehendakariak eta Andrés Urrutia Euskaltzaindiako lehendakariak parte hartuko dute.

 

Arratsaldean (19:00) Nafarroako Orkestra Sinfonikoak kontzertua eskainiko du.

 

 

Lehenengo udal eta foru hauteskundeen 40. urteurrena

 

Nafarroaren eguna ospatzeko ekitaldi-programa abenduaren 4an amaituko da, Nafarroako Lehenengo Udal eta Foru Hauteskundeen 40. urteurrena ospatzeko ekitaldi instituzionalarekin.

 

Osoko Bilkuren aretoan ospatuko da 18:00ean, Parlamentuko Mahaiko kideak mahaiburu izanen dira eta gonbidatuta daude legegintzaldi guztietako parlamentarioak, Foru senatariak, Kontuen ganberako lehendakariak eta historian zehar Parlamentuak izendatutako Arartekoak, Nafarroako Gobernuko kideak, Merindadeetako alkateak eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko Lehendakaria.

 

Unai Hualde Parlamentuko Lehendakariak eta María Chivite Nafarroako Gobernuko Lehendakariak parte hartuko dute ekitaldian.

 

Goiz horretan (11:00) Nafarroako Parlamentuaren berrogei urteak biltzen dituen atzera begirako erakusketa inauguratuko da. Duela bi urte, Nafarroako Egunaren karietara egindako erakusketa ibiltariaren jarraipena da. Oraingoan lekua egiten zaie lehenengo Legebiltzarra (1979) osatu zuten 70 emakume eta gizonei, frankismoaren ondorengo parlamentarismo demokratikoari jatorria eman ziotenak.

 

Atea irekien jardunaldiak

 

Abenduaren 2 eta 3an Nafarroako Parlamentuak herritarrei ateak irekiko dizkie berriz ere.

 

Nafarroako Legebiltzarraren egoitza ezagutzeko aukera izanen dute bertaratzen diren herritarrek, Osoko Bilkuren aretoa, Batzordeetarako aretoak, Mahaiaren eta Eledunen Batzarraren aretoa, Ataria eta Erakunde aretoa.

 

Parlamentu jarduera non gauzatzen den ikusi ahal izango dute bisitariek, legeak non onesten diren eta Nafarroako Gobernuaren kontrola nondik egiten den. Azken finean, Legebiltzar nafarraren eginkizunei buruzko informazio eta azalpenak jasoko dituzte, bere antolakuntza eta funtzionamenduari buruz. Nafarroako Parlamentuaren bilduma artistikoa ere ezagutzeko aukera izanen dute bertaratzen direnek.

 

Bisitak abenduaren 2an goiz eta arratsaldez izanen dira eta abenduaren 3an goizez. Bisita egiteko eskaera doakoa da eta 948209209 telefonoaren bidez egin daiteke 9etatik 15etara.