Noiz argitaratua Asteartea, 2020.eko Martxoak 10

Parlamentuak Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin 2020rako duen lankidetza-hitzarmena berritu du

Eztabaidarako Ikasgelako eta Iritzi Publikoko Katedrako jarduerei eusten zaie, eta NUPeko irakasle eta ikertzaileen eskutik aholkularitza-ekintzak ezartzen dira

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektore Ramón Gonzalok gaur sinatu dute bi erakunde horiek 2020an hainbat zabalkunde-jarduera egite aldera adostu duten hitzarmena.

 

Hitzarmena txertatuta dago Parlamentuak eta NUPek nork bere helburuak lortzeko moduko ekintzen abiarazpena bideratzearren 2001eko ekainaren 11n sinatu zuten lankidetzarako esparru-akordioan.

 

Itun horretan jasotako lankidetza-modalitateen artean daude, besteak beste, "izaera juridiko, sozial edo politikoko azterlanak, proiektuak edo programak egitea" eta "ikastaroak, hitzaldiak eta jardunaldiak antolatzea".

 

Oraingo honetan, Unai Hualdek azaldu duen bezala, programatutako jarduerek beste behin erantzuten diote "oratoria, komunikazioa eta eztabaida sustatzeko" ahaleginari, "gure unibertsitarioen ahozko adierazpena hobetzeko asmoz".

 

Horregatik, Hitzarmenak ‘Eztabaidarako Ikasgela’ jaso du berriz ere (22.650 euroko zenbatekoarekin); ikasgela, izan ere, kultura politikoari buruzko hausnarketarako gune bat izanen da, eta toki-mailako hainbat lehiaketa bilduko ditu (Unibertsitate Eztabaidako XIX. Liga, Euskarazko VIII. Eztabaida Txapelketa). Era berean, estatu-mailako lehiaketetan parte hartzea aurreikusten du (Unibertsitateen G9 Taldearen Unibertsitate Eztabaidako XII. Liga, G9 Taldearen VI. Hitzaldi Txapelketa), Eztabaida Klubari jarraipena ematen dio (hastapen-maila eta maila aurreratua), eta finkatu egiten du modalitate horrek unibertsitateaurreko eremura izandako hedapena (Batxilergoko Eztabaidaren XI. Txapelketa).

 

Zuzenbidekoak eta Zuzenbideko eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Gradu Bikoitzekoak diren Unibertsitarioen eta parlamentarien arteko topaketei dagokienez, azken urteetako formatuari eustearen aldeko apustua egin da: hots, zuzeneko solaskidetza, xedetzat duena forudunei eta haien lanari buruzko ikuspegi osoagoa erraztea. Nolanahi ere, helburua da ideia-trukea erraztea parlamentariak daukan funtzio politikoarekin eta zerbitzari publiko bezala duen eginkizunarekin zerikusia duten aferen inguruan.

 

Aholkularitzaren arloan, NUP konprometitzen da hiru hilean behin Nafarroako Parlamentuko liburutegiari bidaltzera Zuzenbidearekin, Gizarte Zientziekin eta Nafarroari berariaz lotutako beste gai batzuekin lotuta egiten dituen argitalpenak.

 

Eremu horretan, eta 2020rako berrikuntza gisa, NUPek bere irakasle eta ikertzaileak jarriko ditu Nafarroako Parlamentuaren esku, saio monografikoen bidez konplexutasun bereziko gaietan aholkularitza eman dezaten.

 

Bestalde, eta hitzarmen espezifiko baten xede bada ere (26.350 euro), eutsi egiten zaio Iritzi Publikoaren eta Gizarte Berrikuntzaren Parlamentuko Katedrari, zeina arduratuko baita, jadanik ohikoa denez, Iritzi Publikoaren Barometroa (Navarrometroa) lantzeaz eta gaurkotasun politikoko gai bati buruzko jardunaldi akademiko bat antolatzeaz.

 

Hitzarmena sinatu ondoren –49.030,5 euroko gehieneko aurrekontua du– , Unai Hualdek eta Ramon Gonzalok "poza" adierazi dute,"edukiak eguneratu" egiten dituelakoan eta "urte askoan" iraun dezala espero duten "harreman onuragarriari jarraipena" ematen diolakoan.

 

NUPeko Errektorearen ustez, 2020ko Hitzarmenean ezarritako aholkularitza lanak NUPek bere sei ikerketa institutuen bitartez egiten duen “ezagutza-transferentziaren” barnean sartzen dira. Kasu honetan “legegintza garapenak optimizatzea da asmoa”.