Noiz argitaratua Astelehena, 2020.eko Maiatzak 25

Parlamentuak istiluak gaitzesten ditu eta irmoki arbuiatzen ditu Tomas Caballero Iruñeko zinegotziaren bizitza eten zuten tiroen egilea babesteko ekintzak

Legebiltzarrak Saharako herriaren autodeterminazio-eskubidea babesten du, bat egiten du Zeliakoaren Egun Nazionalarekin eta 0tik 3 urtera bitarteko zentro pribatuen borroka aldezten du

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak gaitzesten baititu legez kanpoko manifestazio eta elkarretaratzen harira ezker abertzaleko taldeek Iruñeko kaleetan sorturiko indarkeriazko istiluak. Navarra Suma talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

Alde bozkatu dute Navarra Sumak, PSNk eta Geroa Baik. EH Bilduk 1. eta 2. puntuen aurka bozkatu du eta abstenitu egin da 3. eta 4. puntuetan. Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek 2., 3. eta 4. puntuen alde bozkatu dute eta abstenitu egin dira 1. puntuan.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuko Mahaiak erabaki du:

 

1. Gaitzestea legez kanpoko manifestazio eta elkarretaratzen harira ezker abertzaleko taldeek Iruñeko kaleetan sorturiko indarkeriazko istiluak.

 

2. Beste behin irmoki arbuiatzea talde terroristako kriminala eta Tomas Caballero Iruñeko zinegotziaren bizitza eten zuten tiroen egilea babesteko ekintzak.

 

3. ETA erakundearen historia eta erakunde terroristak gure gizartean eragin duen terrore- eta sufrimendu-ondare guztia gaitzestea.

 

4. Tomás Caballeroren senideei elkartasuna eta maitasuna helaraztea beste behin, hil zuena laguntzeko ekintza horiek eragiten duten minagatik ".

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bat egiten baitu maiatzaren 27an ospatzen den Zeliakoaren Egun Nazionalarekin. PSN, Geroa Bai eta EH Bildu talde parlamentarioek, Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du maiatzaren 27an ospatzen den Zeliakoaren Egun Nazionalarekin, kolektiboaren eskubideak aldarrikatzen jarraitzeko.

 

2. Nafarroako Parlamentuak Bat egiten du aurten ere diagnostiko goiztiarrari eta elikagai-segurtasunari buruzko eskariekin.

 

3. Nafarroako Parlamentuak gaixotasun zeliakoen tratamendua errazteko neurriak aztertzen jarraitzeko konpromisoa hartzen du; bereziki, baliabide gutxieneko pertsonena eta familiena.

 

4. Nafarroako Parlamentuak errealitate horrekiko hurbiltasuna agertzen du, eta gaixotasunak ukitutako nafarrei bizi-kalitaterik onena opa die”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentua ulerbera azaltzen baita eta babesa ematen baitio Nafarroako 0tik 3 urtera bitarteko zentroek beren profesionaltasuna eta eskubideak aldezteko abiarazitako borrokari. Navarra Suma talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

Navarra Sumak alde bozkatu du eta Geroa Bai eta EH Bildu abstenitu egin dira. PSNk 3. puntuaren alde eta 1. eta 2. puntuen aurka bozkatu du. Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek 1. eta 2. puntuen aurka bozkatu dute eta abstenitu egin dira 3. puntuan.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentua ulerbera azaltzen da eta babesa ematen dio Nafarroako 0tik 3 urtera bitarteko zentroek beren profesionaltasuna eta eskubideak aldezteko abiarazitako borrokari.

 

2. Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du Nafarroako Gobernuko Hezkuntza, Osasun eta Garapen Ekonomikorako departamentuak premiatzeko Nafarroako 0tik 3 urtera bitarteko zentroak irekitzeko beharrezko ikusten dituen baldintzak ezar eta argitara ditzan, lan egiten duten familien kontziliazioa ahalbidetzeko, Normaltasun berrira iragateko Plana deitutakoan ezarritako faseetan ezarritakoarekin bat.

 

3. Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du egin beharreko zuzemenak egiteko Garapen Ekonomikorako Departamentuaren aitzinean, beharrezkoak diren berariazko neurriak har ditzan enplegua mantentzeko eta enpresa txiki eta ertainek nahiz mikroenpresek bizirik irauteko, nitxo horrek arreta berezia behar duelako krisi hau bereziki zigortzen ari den kolektiboek osatzeagatik: emakumeak eta gazteak”

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak munduan zehar –eta bereziki Nafarroan eta Euskadin– bakearen aldeko mugimenduetan aitzindari diren emakume guztien lana aitortzen baitu, denontzako gizarte justuago eta baketsuago baten alde borrokatzen baitira. Geroa Bai, EH Bildu eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.

 

PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezquerrak alde bozkatu dute; Navarra Sumak 1. puntuaren aurka eta gainerakoaren alde bozkatu du.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak, Bakearen eta Armagabetzearen aldeko Emakumeen Nazioarteko Egunean:

 

1. Munduan zehar –eta bereziki Nafarroan eta Euskadin– bakearen aldeko mugimenduetan aitzindari diren emakume guztien lana aitortzen du, denontzako gizarte justuago eta baketsuago baten alde borrokatzen baitira.

 

2. Konpromisoa hartzen du eta dei egiten die Nafarroako erakunde guztiei emakumeen parte-hartze aktiboa berma dezaten gatazkak prebenitzeko eta konpontzeko prozesuetan, bai eta memoria-prozesuetan nahiz egia, erreparazioa eta justizia eraikitzeko prozesuetan ere.

 

3. Nafarroako Gobernuarekin batera konpromisoa hartzen du beharrezkoak diren baliabideak sustatzeko eta ziurtatzeko hezkidetzaren eta bakerako hezkuntzaren zeharkakotasuna lortzeko prestakuntza formal nahiz informaleko esparruetan”

 

Adierazpen adierazpenak bazuen beste puntu bat, ezetsia izan dena Navarra Sumaren aurkako botoarekin eta PSNren abstentzioarekin. Honakoa zioen: “Konpromisoa hartzen du, Nafarroako Gobernuarekin batera, emakume horien borroka jarraitzeko gure lurraldearen desmilitarizazioa dakarten politikak gauzatzen”.

 

- Eledunen Batzordeak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak berretsi egiten baitu Saharako herriak autodeterminaziorako eskubidea duela, Nazio Batuen ebazpenekin bat. “Paz y Libertad en el Sahara-Bakea eta Askatasuna Saharan” taldeartekoak aurkeztu du.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak berresten du Saharako herriak autodeterminazio-eskubidea daukala, Nazio Batuek emandako ebazpenekin bat.

 

2. Nafarroako Parlamentuak gogorarazten du, Espainiak, Lurraldeko potentzia administratzaile gisa, orain de iure, bere gain hartu zuela Nazioarteko Komunitatearen aurrean "saharar populazioaren interesak babestea eta bere erakunde politikoak garatzea, Gobernu propioaren osotasunera eramateko".


3. Nafarroako Parlamentuak berretsi egiten ditu Saharako herriaren askatasunaren alde eta eskubide legitimoak berreskuratzearen alde onetsi diren adierazpen instituzional eta gainerako erabaki guztiak.

 

4. Nafarroako Parlamentuak gogorarazten du Marokok legez kanpo okupatzen duela Mendebaldeko Sahara eta ez zaiola inolako subiranotasunik aitortzen.

 

5. Nafarroako Parlamentuak gogorarazten du Marokok preso sahararrak atxilotzen dituela, nazioarteko zuzenbide humanitarioa urratuz; izan ere, atzerriko indar militar batek modu arbitrarioan okupatutako lurraldeetan atxilotu izan ditu, haiek zigortzeko saharar herriak autodeterminaziorako duen eskubidearen alde egiteagatik.

 

6. Nafarroako Parlamentuak eskatzen du Izikeko presoak eta Marokoko kartzeletan eta Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetan dauden preso saharar guztiak berehala askatzeko.

 

7. Nafarroako Parlamentuak Marokori eskatzen dio Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetan sahararrek jasaten duten giza eskubideen urraketa bertan behera uzteko; era berean, agintari marokoarrak premiatzen ditu Marokok okupatzen duen Mendebaldeko Saharako zatian giza eskubideen aldeko ekintzaileen jazarpenak bertan behera uzteko.

 

8. Dei egiten die Nazio Batuen idazkari nagusi Guterres jaunari, eta Giza Eskubideen aldeko Nazio Batuen goi komisario Michele Bachellet andreari, Marokoko kartzeletan preso sahararrek bizi duten egoeraz interesatzeko eta preso horiek lehenbailehen askatzeko beharrezko neurriak har ditzaten.

 

9. Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du Marokoko kartzeletan preso sahararren egoera gertutik jarraitzeko”