Noiz argitaratua Osteguna, 2019.eko Abenduak 12

Parlamentuak ezetsi egin du 2015-2018 bitarteko amatasun eta aitatasun prestazioen gaineko kenkari fiskalak arautzen dituen foru lege proiektuari aurkeztutako osoko zuzenketa

PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren ezezko botoek zapuztu dute Navarra Sumak kenkari progresiboen ordez salbuespen osoa ezartzeko egin duen ahalegina

Gaur egindako osoko bilkuran, Parlamentuak ezetsi egin du Navarra Sumak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga hein batean aldatzen duen Foru Lege proiektuari aurkeztutako osoko zuzenketa, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E taldeek kontrako botoa emanda. Lege proiektu horren artikulu bakarrean planteatzen da 2015etik 2018ra bitartean jasotako amatasun eta aitatasun prestazioengatik kenkari berri bat aplikatzea 2020an bakarrik.

 

Beraz, lege proiektua ez zaio Gobernuari itzuliko. Ekonomia eta Ogasun Batzordera eramanen da, eta han irizpena prestatzeko lanak hasiko dira ostiralean bertan, abenduak 14. Ziurrenik abenduaren 19an aurkeztuko zaio irizpena Osoko Bilkurari, behin betiko eztabaida eta bozketa egiteko. Zuzenketa partzialak aurkezteko epea ere amaitu da, eta Navarra Sumak bat aurkeztu du.

 

Navarra Suma talde parlamentarioak ordezko testua aurkeztu du osoko zuzenketan. Bertan eskatzen du, Konstituzioaren 14. artikuluan jasotako “berdintasun” printzipioari jarraituz, PFEZari buruzko arauak amatasun prestazioen salbuespena ezar dezala Nafarroan tributatzen duten ama eta aitentzat. “Halaxe egin dute EAEko aldundiek, Auzitegi Gorenak urriaren 3ko 3256/2018 epaian ezarritako lege-doktrinan oinarrituta”.

 

Navarra Sumaren iritziz, “lege-arau baten bitartez” egin daiteke hori: atzeraeraginez, kasu honetan 2015eko urtarrilaren 1etik hasita, salbuespena ezar daiteke amatasun eta aitatasun prestazioetarako, zeren “Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorrak ez baitu galarazten eta interesdunentzat onuragarriagoa baita”.

 

Parlamentuko gainerako taldeak (PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E) Navarra Sumaren proposamenaren aurka eta progresibitatearen alde agertu dira. Hala, bada, salbuespena bazterturik, 2015etik 2018ra bitartean jasotako amatasun eta aitatasun prestazioengatiko kenkaria zergaren kuota diferentzialaren gainean aplikatuko da, lege proiektuan jaso den bezala.

 

Beraz, diru sarreren arabera, errekargua oso-osorik itzul daiteke, PFEZaren 2020ko kuota diferentziala zero edo negatiboa den kasuetan, edo bestela zati bat itzul daiteke.

 

Nolanahi ere, subjektu pasiboek jasotako prestazioei % 25eko ehunekoa aplikatuko zaie eta emaitza hori izanen da kenkaria, baldin eta subjektu pasibo horien errentak, salbuetsiak barne, 30.000 euro baino handiagoak ez badira. Ehuneko hori murrizten joanen da subjektu pasiboaren errentak handitu ahala eta zero izanen da errentak 105.000 euro baino goragokoak badira.

 

· www.nafarroakoparlamentua.eus
· Foru lege proiektua (39. NAO, 2019-11-21ekoa)
· Osoko zuzenketa (47. NAO, 2019-12-11koa)