Noiz argitaratua Osteguna, 2019.eko Abenduak 12

Parlamentuak ezetsi egin ditu Ondarearen gaineko Zerga aldatzen duen Foru Lege proiektuari aurkeztutako osoko zuzenketak

Navarra Suma, EH Bildu eta I-Ek ez dituzte babesak batu, eta hori dela eta, testua Gobernuari itzultzeko saiakera baztertu egin da

Gaur egindako osoko bilkuran, Parlamentuak ezetsi egin ditu Navarra Sumak, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek Ondarearen gaineko Zerga aldatzen duen Foru Lege proiektuari aurkeztutako osoko zuzenketak. Proiektu horrek enpresa-jardueraren bati loturik dauden ondasunen salbuespena jasotzen du.

 

Navarra Sumak, EH Bilduk eta I-Ek babesak nahastea ekidin dute, irizpideen bateraezintasuna arrazoi gisa jarriz, eta hori dela eta hiruetako batek ere ez du babes nahikoa lortu proiektua alde batera uzteko.

 

Navarra Sumaren osoko zuzenketaren aurka bozkatu dute PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek.

 

EH Bilduren osoko zuzenketaren alde Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek bozkatu dute eta Navarra Suma, PSN eta Geroa Baik aurka. Gauza bera gertatu da I-Ek aurkeztutakoarekin, EH Bildu eta Podemos-Ahal Duguk soilik eman baitute aldeko botoa.

 

Beraz, lege proiektua ez zaio Gobernuari itzuliko. Ekonomia eta Ogasun Batzordera eramanen da, eta han irizpena prestatzeko lanak hasiko dira ostiralean bertan, abenduak 14. Ziurrenik abenduaren 19an aurkeztuko zaio irizpena Osoko Bilkurari, behin betiko eztabaida eta bozketa egiteko. Zuzenketa partzialak aurkezteko epea ere amaitu da. Navarra Sumak 2 erregistratu ditu eta EH Bilduk 2.

 

Navarra Suma talde parlamentarioak ordezko testua aurkeztu du osoko zuzenketan. Bertan honela interpretatzen du ondarearen gaineko zerga: “jatorrian jada errenta gisa tributatu zuten aktiboak bigarren aldiz zergapetzea, jarduera ekonomikoaren eta zerga-bilketaren beraren kalterako”.

 

Figura fiskal hori “herrialde gehienetan ia ezabatzeraino” murriztu dutela azpimarratzen du, eta gero deitoratzen du Nafarroa dela “zerga astunena” duen autonomia erkidegoa eta “enpresa-jarduerari atxikitako aktiboei zerga hori aplikatzen dien Europako jurisdikzio fiskal bakarra”. Gainera, ezkutu fiskal delakoak ere, hau da, PFEZak eta ondarearen gaineko zergak batera duten tributazio-mugak, “gutxieneko tributazio handiagoa ezartzen digu lurralde erkideko gainerako eremuetan baino”.

 

Horregatik guztiagatik, “bai Ondarean bai PFEZean zerga deslokalizatu eta diru-bilketa gutxitzeko dagoen arrisku larriaren aurrean”, salbuespen sistema berreskuratzea eskatzen da 2015ean indarrean zeuden baldintzak betetzen dituzten enpresa-ondasunentzat.

 

Halaber, jarduera ekonomikoa duten entitateetako partaidetzen edo enpresa-ondasunen balioaren gaineko kenkaria ezabatzeko eskatzen da.

 

Azkenik, salbuetsitako gutxieneko zenbatekoa 550.000 eurotik 700.000 eurora igotzea planteatzen da, eta ezkutu fiskala hobetzea, halako moduan non Ondarearen eta PFEZaren baterako kuota osoak “ezin izanen baitu gainditu azken horren zerga-oinarriaren % 60”. Horretarako, “ez da kontuan hartuko PFEZaren kargapeko etekinik sortzeko gai ez diren ondare-elementuei dagokien kuota zatia”. Bi kuoten baturak % 60 gainditzen baldin badu, “zerga horren kuota (PFEZarena) gutxituko da muga horretara iritsi arte; murriztapen hori ezin izanen da % 80 baino handiagoa izan”.

 

EH Bilduk erregistratu duen osoko zuzenketak “ekitate eta progresibitate printzipioei” eusteko eskatzen du, “gaur egun nagusi den diskurtso neoliberalaren aurrean interes kolektiboaren defentsa eta ospea berreskuratzeko, tributazio zorrotzagoa ezarriz dirutza eta ondare handien jabeei”. Horretarako, “aberats handiek zergak saihesteko dituzten bi bide nagusiak, ezkutu fiskala eta salbuespen fiskalak”, ixteko eskatzen du, eta betiere hobaria mantentzeko salbuespen osoaren ordez, aukera ematen baitu behintzat kontrol handiagoa izateko ondare pribatuen zati oso garrantzitsu baten gainean”.

 

Azkenik, EH Bilduk adierazten du lekuz kanpo daudela “dirudun handientzat berariaz diseinatutako ihesbideak dituzten zerga figurak”. Aberastasuna gero eta pertsona gutxiagoren eskuetan metatzen ari den honetan, halakoen hazkundeak kontrastea egiten du desberdintasun sozialen gehikuntzarekin”.

 

Izquierda-Ezkerrak defendatutako osoko zuzenketa ere ez dator bat “enpresa- edo lanbide-jarduerei atxikitako ondasunen salbuespen osoarekin”.

 

PSNk eta Geroa Baik justifikatu egin dute enpresa-jarduera bati lotutako ondasunen salbuespena, eta Podemos-Ahal Duguk ez du bere egin Nafarroako Gobernuak aurkeztutako lege proiektua.

 

· www.nafarroakoparlamentua.eus
· Foru lege proiektua (39. NAO, 2019-11-21ekoa)
· Osoko zuzenketa (47. NAO, 2019-12-11koa)