Noiz argitaratua Osteguna, 2019.eko Urriak 17

Parlamentuak ez du aintzat hartu Nafarroako administrazio publikoetan euskararen erabilera arautzen duen Foru Dekretua aldatzeko Navarra Sumak aurkeztu duen foru lege proposamena

Gobernuari sostengua ematen dioten alderdiek esan dute ezen, foru dekretua eraberritu beharko balitz, orain arteko funtzionamenduari buruzko azterlana egin beharko dela; aldiz, EH Bilduk eskubideak lege bidez babestearen alde egin du

Gaur, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E alderdien kontrako botoekin eta Navarra Sumaren aldeko botoarekin, Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak ez du aintzat hartu azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretua aldatzeko Foru Legearen proposamena (euskararen erabilera arautzen duena Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan).

 

Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako lege-proposamenaren xedea honako hau zen: “berriz ere pertsona guztiek administrazio publikoetako lanpostuak eskuratzeko aukera berak edukitzea; horretarako, egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta, sei hileko epealdian euskararen ezagutza baloratzeko prozedura berria ezarriko litzateke, lanpostuei zehaztasunarekin eta segurtasunarekin ezartzen zaizkien hizkuntza-eskakizunen araberakoa.

 

Foru dekretu berriak eragotzi eginen luke euskara baloratzea eremu ez-euskaldunean, eta beste bi eremutan merezimenduen guztirakoaren ehuneko jakin batera mugatuko luke (% 3 - 6 bitartean eremu mistoan eta % 6 - 10 bitartean eremu euskaldunean) “herritarrekin harreman gehien izaten diren lanpostuetan”.

 

Bien bitartean, harik eta proposatzen den dekretu berria indarrean ipini arte, 103/2017 Foru Dekretua indargabetuta geldituko litzateke eta bera indarrean ipini zenean indarrean zegoen erregelamendu-arautegia ezarriko litzateke berriro. Hasita eta ebatzi gabe dauden prozedurei arautegi hori aplikatuko litzaieke.

 

Proposamenak zehazten duenez, lehengo arautegia berrezartzeko prozesuan ahaleginak eginen lirateke “ahalik eta gehienek parte hartzeko eta ahalik adostasunik zabalena lortzeko”, are eremu ez-euskalduneko D ereduaren eskaintzaren inguruan ere; proposatzen da horretan “gainerako ereduetako irizpide berak aplikatzea”.

 

Proposamenaren zioen azalpenean hizkuntza-eskakizunaren aldaketa aipatzen da, esanez ezen, “euskara dakiten pertsonei lehentasuna emateko”, bide ematen diola 2017tik indarrean dagoen arauaren “anbiguotasunari”; ildo beretik, kritikatzen da “euskararen merezimendu-balorazioa handiegia izatea”, eta adierazten da horren alde egin dutela, sorburuan, bai Nafarroako Kontseiluak, bai gizarteak, eta, geroago, sindikatuek eta justizia auzitegiek ere bai.

 

PSNk, Geroa Baik, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek bat egin dute Gobernuarekin desadostasunarekin, eta eragotzi egin dute lege-proposamena aintzat hartzea. EH Bilduk ere horren kontra egin du, baina beste irizpide batzuekin.

 

Foru Gobernuari eusten dioten taldeen iritziz, “foru legearen proposamena botere betearazlearen berezko egitekoetan sartzen da, lege-xedapenen erregelamendu bidezko garapenean, hain zuzen” eta, gainera, “araua indargabetzeak erabat narriatzen du segurtasun juridikoa, ez delako adierazi baliozkoa ez denik, ez ordenamendu juridikoarekin bat ez datorrenik, eta indarrean ipiniko du indargabetutako arau bat”.

 

Horregatik guztiagatik, harik 103/2017 Foru Dekretuaren (euskararen erabilera arautzen duena Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan) funtzionamenduari buruzko azterlana egin eta, beharrezkoa izanez gero, eraberritzeari ekin arte, “herritar guztiek administrazioekin gaztelaniaz zein euskaraz aritzeko duten eskubideari” heldu diote, eta adierazi dute balitekeela euskararen erabilera murritza (% 5,7 osasun-langileekin) lotuta egotea euskara eskatzen den lanpostuen ehuneko urriarekin (% 3, irakasleak bazter utzita).

 

2016ko inkesta soziolinguistikoaren arabera pertsona elebidunak % 12,9 dira (1991n % 9,5), eta ehunekoa halako bi da 16 - 24 urte bitarteko gazteen artean (% 25,8); nolanahi ere, euskararen erabilera % 6,6 baino ez da.

 

EH Bilduk defendatu du “euskararen ofizialtasuna lurralde osoan”, 18/1986 Foru Legeak ezartzen duen zonifikazioaren ondoriozko mugak gainditzeko eta herritar guztiak berdinak izan daitezen hizkuntzari dagokionez”. Horren ildotik, azpimarratu du ezinezkoa dela “hizkuntza-eskubideak dekretu bidez babestea”, eta eskatu du “eskubide horiek lege bidez babesteko eta bermatzeko, inolako bereizkeriarik gabe”, horixe baita Zuzenbidearen iturri nagusia.

 

103/2017 Foru Dekretuaren xedeak dira, batetik, “eremu euskaldunean euskarak aitortuta daukan ofizialtasunak berekin dakartzan eskubide guztiak bermatzea” eta, bestetik, eremu mistoan “hizkuntza hautatzeko eskubidea, Euskararen Foru Legeak aitortzen duena, erabili ahal izatea”. Beste alde batetik, eremu ez-euskaldunerako xedea da “administrazio-jarduera egokitzea, herritarrei administrazio publikoekin euskaraz aritzeko aitortzen zaien eskubideari erantzun positiboa emateko”. Hori guztia lortzeko, aintzat hartzen da “Nafarroako bi hizkuntza berezko daudela, euskara eta gaztelania, Euskararen Legean onartzen den moduan” eta “Nafarroako errealitate soziolinguistikoak eta zonifikazioak ezarritako gradazioa”.