Noiz argitaratua Asteazkena, 2020.eko Ekainak 17

Parlamentuak eta Nafarroako Gizarte Entitateen Plataformak gizarte-bazterketaren aurkako borrokan duten konpromisoa eguneratu dute

Unai Hualdek elkarteen sarearekin heldu dio berriz bere agenda publikoari, eta berreraikitze sozial eta ekonomikoari aurre egiteko ezohiko neurriak bilduko dituen diagnostikoa egiteko deia egin du

Nafarroako Parlamentuko lehendakariak agenda publikoari berriz heldu dio gaur, pandemiaren ondorioz martxoaren 16tik etenda baitzuen, eta Nafarroako Gizarte Entitateen Plataformarekin bildu da. Topaketan zehar, osasun-krisiaren ondorio ekonomiko eta sozialei heldu diete, eta ondoren elkarrekin agertu dira hedabideen aurrean. Unai Hualderen esanetan, ezohiko egoera batean gaude, baina horrek ez du aldatzen “gizarte-bazterketako egoeran dauden pertsonen egoera leheneratzeko lanean jarraitzeko konpromisoa”.

 

Parlamentuko lehendakariak “arriskuez”, “zaurgarritasunaz” eta “pertsona askoren egoera ekonomiko eta laboralean izandako aldaketa zorrotzez” hitz egin du, eta adierazi du Parlamentuak, zeina berreraikitze prozesuan buru-belarri sartuta baitago, ez dituela pertsona horiek atzean utziko. Diagnostiko bat egiteko eta neurri berriak ezartzeko unea da, Nafarroa suspertzeko Batzordean egiten ari diren bezala, osasun-krisiaren ondorioei aurre egiteko”.

 

Ildo horretan, eta “eskura ditugun baliabide ekonomikoen kontura”, Unai Hualdek Pobreziaren aurkako Itunaren berritzea aipatu du; izan ere, itun hori 2007an sinatu zen, eta berritzeko lanak egiten ari dira, “orain are indar handiagoz”. Nafarroako eta bertako herritarren egoera hobetzeko lan egiten duten talde parlamentario guztien konpromisoa ez dago zalantzan. Aldatzen den gauza bakarra inguruabarrak eta epeak dira, hiru hilabetetan dena aldatu baitu COVIDek”.

 

Hala, behin eta berriz esan du entzuteko borondatea duela, eta kolektibo desberdinekin hitz egiten jarraitu nahi duela, “Parlamentuak bere ikuspegi eta aldarrikapenen bozgorailu izaten jarraitu behar duelako”. Ondoren, lehendakariak Nafarroa Estatuko beste eremu batzuekin alderatu du, "autokonplazienteak izateko asmorik gabe, Nafarroa egoera hobean baitago". Estatuan aktibatu berri den Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera kudeatuko dugu, eta, gure kasuan, gutxieneko diru-sarrera horrek Errenta Bermatua indartuko du”.

 

Amaitzeko, eta X. legegintzaldiaren lehen urtea betetzeko bezperan, Unai Hualdek berretsi du garrantzitsua dela pobreziaren alorrean lan egiten duten kolektiboekin “berriz elkartzea”. “Legebiltzarreko taldeei gaur atera diren gai guztien berri emanen diet. Eskerrak eman nahi dizkiot Gizarte Erakundeen Plataformaren laguntzarengatik”.

 

Bere aldetik, Celia Pinedok eta Amaia Leranozek nabarmendu dute “egokitzeko eta berritzeko gaitasun handia” erakutsi dela “egoera larrienei erantzuteko”, eta Nafarroako Gizarte Erakundeen Plataformaren zeregina azpimarratu du. Halaber, ohartarazi du “dagoeneko sumatzen dela eskaera berriak agertu direla”. Osasun krisiak denboran luzatuko den gizarte krisia utziko du. Gure zeregina ezinbestekoa da egoera ahulean eta pobrezian dauden pertsonen eskubideen babesa bermatzeko”.

 

Testuinguru horretan, Pinedok eta Leranozek Pobreziaren aurkako Itunaren “garrantzia” gogorarazi dute, "erakunde guztiekin batera" urte hasieratik Garapen Iraunkorreko Helburuen esparruan hura lantzen jardun baitute, eta “administrazio publikoen eta gizarte-ekintzako eta gizarte-ekonomiako erakundeen arteko lankidetza-eredu berri bat” eskatu du, "subsidiariotasun-printzipioa gainditzeko”.

 

Horren harira, plataformaren bozeramaileak azpimarratu dute beharrezkoa dela "aliantzan eta lankidetzan” jardutea. “Hirugarren sektorea garen aldetik, gure eginbeharra aliatu naturala izatea da, zeina diagnostikoetan eta konponbide-proposamenetan parte hartzeaz gain, kudeaketa-ildoen erantzunkide izanen baita. Babes egonkorra behar dugu datozen urteetako errealitate sozialari aurre egin ahal izateko".

 

Garapenerako lankidetzaren, desgaitasunaren, ekonomia solidarioaren, gizarte-bazterketaren eta boluntariotzaren arloetan lan egiten duten 150 erakundek baino gehiagok osatzen dute Gizarte Erakundeen Plataforma.