Noiz argitaratua Astelehena, 2020.eko Maiatzak 18

Parlamentuak erabateko arbuioa adierazten du Iruñeko zinegotzi Tomás Caballeroren hiltzailea goraipatzeko eta babesteko ekintzak direla-eta

Ganberak bat egiten du aurten ere Homofobiaren, Lesbofobiaren, Bifobiaren eta Transfobiaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin

Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak erabateko arbuioa adierazten baitu Iruñeko zinegotzi Tomás Caballeroren hiltzailea goraipatzeko eta babesteko ekintzak direla-eta. Navarra Suma talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

Adierazpena Navarra Suma, PSN eta Geroa bai talde parlamentarioen aldeko botoarekin onetsi da. Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek 3. puntuaren alde eta 1., 2. eta 4. puntuen aurka bozkatu dute. EH Bilduk testu osoaren aurka bozkatu du.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak erabateko arbuioa adierazten du ezker abertzaleak pasa den asteburuan Iruñean antolatutako ekintzak direla-eta, Iruñeko zinegotzi Tomás Caballeroren hiltzailea goraipatzeko eta babestekoak baitziren.

 

2. Nafarroako Parlamentuak salatzen du zenbait alderdi politiko eta sindikaturen isiltasun konplizea, uko egiten baitiote ETA banda terroristako kriminalak omentzeko gorroto- eta faxismo-adierazpen publikoak errefusatzeari.

 

3. Nafarroako Parlamentuak exigitzen die alderdi politiko eta gizarte-erakundeei ETAren terrorezko historiak berekin dakarren guztia kondenatu eta gaitzetsi dezaten.

 

4. Nafarroako Parlamentuak elkartasuna eta txera adierazten dio Tomás Caballeroren familiari; izan ere, berriro egiaztatu behar izan baitu ezker abertzalea, biktima ahaztuta, hiltzaileen ondoan kokatzen dela”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bat egiten baitu aurten ere maiatzaren 17an egin den Homofobiaren, Lesbofobiaren, Bifobiaren eta Transfobiaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek aurkeztu dute.

 

Adierazpena aho batez onetsi da, 5. puntua izan ezik, puntu horretan EH Bildu abstenitu egin baita.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak bat egiten baitu aurten ere maiatzaren 17an egin den Homofobiaren, Lesbofobiaren, Bifobiaren eta Transfobiaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin.

 

2. Nafarroako Parlamentuak LGTBI+ politikekiko konpromisoa adierazten du, bai eta sexu-orientazioaren adierazpen askearen, genero eta sexu-nortasunaren adierazpenaren aldekoa eta lesbiana, gay, bisexual, transexual, transgenero eta intersexualen aurkako diskriminazio eta indarkeria ororen kontrakoa ere.

 

3. Nafarroako Parlamentuak bere babesa adierazten die diren modukoak izateagatik jazarpena jasaten duten eta gorroto delituen xede diren LGTBI+ pertsona guztiei.

 

4. Nafarroako Parlamentuak uste du beharrezkoa dela leheneratze- edo birmoldatze-terapiak desagerraraztea, bai Estatuan bai nazioartean.

 

5. Nafarroako Parlamentuak uste du egokia dela Estatuko Gobernuak asiloa eta babesa sustatzea beren herrialdeetan jazarpena pairatzen duten LGTBI pertsonentzat.

 

6. Nafarroako Parlamentuak adierazten du beharrezkoa dela Nafarroako Gobernuak bere konpromisoa betetzea eta Nafarroako ikastetxe guztietan hezkidetza plan bat ezartzen jarraitzea, diskriminazio eta indarkeria mota oro desagerrarazteko tresna gisa, azken xedea izanen duena pertsona guztiek giza eskubide guztiak baliatu ahal izatea. Berdintasuna ez da aukerakoa, gure betebeharra da hura erdiesteko lan egitea.

 

7. Nafarroako Parlamentuak LGTBI+ Foru Legea garatzeko ekintza plana ezartzea babesten du eta uste sexu-orientazioari, genero-adierazpenari eta sexu- edo genero-nortasunari buruzko prestakuntza beharrezkoa dela administrazio publiko guztietan eta bereziki gizarte-, osasun- eta landa-arloetan”.

 

- Eledunen Batzarrak baztertu egin du adierazpen instituzionala egiteko proposamen bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak adierazten baitu Reactivar Navarra-Nafarroa Suspertu Plana ahal den parte-hartze handienarekin eta adostuenarekin taxutu beharra dagoela. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

Proposamenaren aurka bozkatu dute Navarra Sumak, Geroa Baik eta Podemos- Ahal Duguk, eta alde bozkatu dute EH Bilduk eta I-Ek.

 

Baztertutako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

1. Nafarroako Parlamentuak adierazten du Reactivar Navarra-Nafarroa Suspertu Plana ahal den parte-hartze handienarekin eta adostuenarekin taxutu beharra dagoela, halako moduan non erabakiak partekatuak eta kolektiboak izanen baitira.

 

2. Nafarroako Parlamentuak ulertzen du planaren prestatze-aldian lortutako konklusioak eta planaren edukia garrantzi ezin handiagokoak izanen direla eta legegintzaldi honetako lehentasun politikoak eta aurrekontukoak baldintzatuko dituztela. Hori dela eta, Nafarroako Gobernuari eskatzen dio Reactivar Navarra-Nafarroa Suspertu Plana onetsi ondoren Nafarroako Parlamentura igor dezan, bertan eztabaidatu eta azken bozketa egiteko.