Noiz argitaratua Astelehena, 2020.eko Ekainak 1

Parlamentuak astearte honetatik aurrera egoitzara sartzen utziko die kanpoko langileei

Kazetariak prentsaurrekoetan eta bilkura presentzialetan egon ahalko dira, eta talde parlamentarioak beren bulegoetan bildu ahalko dira kanpoko jendearekin

Nafarroako Parlamentuak aho batez onetsi du gaur Lehendakaritzaren proposamena, koronabirusari (COVID-19) aurre egiteko Kontingentzia Plana aldatzeari buruzkoa, oraingo honetan Nafarroako Parlamentuko jarduera presentziala pixkanaka berreskuratzen joateko.

 

Erabakitakoaren arabera, astearte honetatik aitzina, ekainak 2, Nafarroako Parlamentura sartzen ahalko dira kanpoko langileak –zehazki, hedabideetako kazetariak prentsaurrekoen eta Legebiltzarreko bilkura presentzialen berri emateko. Edozein modutan ere, beharko dituzte Legebiltzarreko langileen jarraibideak bete, segurtasun-distantzia gorde eta Osoko Bilkuren Aretoaren gehieneko edukiera errespetatu, eta Legebiltzarraren egoitzan eman beren lana egiteko ezinbestekoa den denbora soilik.

 

Halaber, egoera berri honetan sarbidea izanen dute talde parlamentarioetakoak ez diren pertsonek ere, taldeen bulegoetara sartzeko.

 

Bestalde, aurreikusita dago Nafarroako Parlamentuko langile guztiak ekainaren 8tik hasita –astelehena– lan presentzialera itzul daitezen. Halere, telelan-araubidean jarraitzea baimenduko da, eskaerak bat datozenean berariaz jasota dauden kasuetan (kalteberak diren langileak, 0tik 14 urtera bitarteko seme-alabak edo mendekotasuna duten nagusiak zaintzea, edo araututa badaude Nafarroako Parlamentuaren zerbitzuko langileek lanaldiaren jarduna telelan-araubidean ematea eraentzen duten arauetan), bai eta langilearen egoera pertsonalak halakorik justifikatzen duenean eta telelana egiterik ez badago; horrelakoetan ezinbesteko eginbehar gisa joko da langilea bere etxean egotea.

 

Era berean, Ganberaren egoitzako kafetegiaren erabilera baimentzea erabaki da osoko bilkurak egiten diren egunetan eta tabernan zerbitzua eskaintzen denean. Zerbitzua emateko, Ganberako langileek ematen dituzten jarraibideak bete beharko dira, eta Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuak ezartzen dituen neurriak errespetatuko dira beti.

 

Bilera presentzialei dagokienez, egunero bilera presentzial bat egitearen muga mantentzen da, salbu eta parte hartu behar duten gobernukideak edo foru parlamentariak aldatzen ez direnean. Bihartik aurrera, ordea, Parlamentuko Mahaia eta batzordeetako mahaiak Parlamentuko beste areto batzuetan bildu ahalko dira, beti ere gutxieneko segurtasun-distantzia, bi metrokoa, gorderik.

 

Aldaketetan jasotzen da, halaber, administrazio-epeen etendura kentzea; eragina izanen du gaurtik bertatik, ekainak 1.

 

Kontingentzia Planean biltzen den gainerakoak lotuta segituko du Mahaiak maiatzaren 8an onetsitako estipulazioetara, orduantxe proiektatu baitzen jardun arrunterako itzulera mailakatua. Lehenbiziko urrats hartzan jasotzen zen batzorde-bilkura ez-presentzialak egitea (maiatzaren 18tik aurrera), ikus-entzunezko sisteman bideokonferentzia integratzeko beharrezkoak diren baliabide telematikoak ezarri ondoren.

 

Ordutik hona hiru Osoko Bilkura misto egin dira. Bilkura horietan, parlamentari batzuek modu presentzialean parte hartzen dute eta beste batzuek, berriz, modu telematikoan, bideokonferentzia bidez (osoko bilkuren aretoko pantailetan ageri dira), eta botoa ‑eskuordetzen‑ dute, kontrakoa adierazi ezean.

 

Osoko Bilkuren aretoaren gehieneko edukiera (21 pertsona) mantentzen denez, Osoko Bilkura presentzialek, arruntak zein kontrolekoak izan, murriztuak izaten segituko dute, bai eta taldeen ordezkaritzak proportzionala izaten ere. Halatan, Navarra Sumak hiru eserleku izanen ditu, PSNk, Geroa Baik eta EH Bilduk bina, eta Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda- Ezkerrak bana. Bi kasuetan aurreikusten da gehienez ere Nafarroako Gobernuko sei kidek parte hartzea (lehendakariak eta bost kontseilarik), bai eta Mahaiko bost kideek ere. Horietako bik, bigarren lehendakariordeak eta bigarren idazkariak, ‑beharrezkoa bada,‑ prentsa-kabinetatik jarraituko dute bilkura.

 

Ponentziei eta batzordeen lan-bilerei dagokienez ere ez dago aldaketarik: etendura mantentzen da, ekitaldi publikoetan, Parlamenturako bisita gidatuetan eta Kultur Atrio programari lotutako jarduera guztietan bezala (erakusketak, hitzaldiak eta abar). Etendurari eusten zaio ere, oraingoz, Parlamentuko langile eta kideek egoitzatik kanpo egin beharrekoak diren jardueretan, hala nola bidaia ofizialak, bisitak, prestakuntza-ikastaro presentzialak, mintegiak, kanpo-enpresekiko bilerak eta abar.

 

Jardun arruntera itzultzeko plana, maiatzaren 8an onetsia:

https://www.parlamentodenavarra.es/eu/komunikazio/nafarroako-parlamentuko-organo-guztiek-bilkura-presentzialak-ez-presentzialak-edo