Noiz argitaratua Asteazkena, 2020.eko Apirilak 8

Parlamentuak apirilaren 26ra bitarte mantenduko ditu COVID-19ak eragindako krisi sanitarioaren baitan hartutako ohiz kanpoko euste-neurriak

Ostegun honetan pandemia kudeatzeko alarma-egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren luzapenari buruz Diputatuen Kongresuak hartuko duen erabakiak baldintzatuta

Nafarroako Parlamentuak gaur aho batez erabaki duenez, apirilaren 26ra bitarte –eta luzatzeko aukerarekin- luzatuko dira COVID-19 koronabirusari aurre egiteko kontingentzia-planaren baitan Legebiltzarreko Mahaiak martxoaren 16an onetsitako ohiz kanpoko euste-neurriak. Bigarren luzapena da honakoa, pasa den martxoaren 27an apirilaren 13ra arte luzatzea erabaki baitzen.

 

Unai Hualde Parlamentuko lehendakariak azaldu duenez, Mahaiaren eta Eledunen Batzarrak erabaki hori hartu dute, hain zuzen ere, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren balizko luzapenaren ondoriozko egoerara egokitu beharra dagoelako. COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko alarma egoera deklaratu zuen Errege Dekretuaren luzapenari buruzko erabakia ostegun honetan, hilak 9, hartuko du Kongresuak.

 

Gogoratuko denez, martxoaren 16an Parlamentuak eraikina eta haren zerbitzu guztiak itxi zituen, baita lan parlamentarioak murriztu ere. Lan horiek Mahaiaren eta Eledunen Batzarraren bilkuretara eta beste legebiltzar-organo batzuen bilkura zehatzetara mugatu zituen —ahal dela bideokonferentziaz—, baldin eta atzeraezintzat jotzen diren premiazko arrazoiengatik egin behar badira. Hori guztia segurtasun-bermeekin eginen da, osasun-agintarien gomendioei jarraikiz.

 

Legebiltzarreko gobernu-organoak hartutako zuhurtziazko neurri guztiek dute zerbitzu juridikoen txosten baten bermea; izan ere, murrizketa-aldian ezinbestekoak diren parlamentu-eginkizunak betetzeari buruzko txosten horretan ziurtatzen da bilkura urgente eta seguruak egiten ahal direla boto eskuordetua erabilita.

 

Gauzak horrela, eta parte-hartze politikoa segurtasun-baldintzekin zertu ahal izatea errazte aldera, Mahaiak, Eledunen Batzarrak erabaki loteslea hartu ondotik, Lehendakariaren ebazpen bat onetsi zuen hilaren 25ean, boto-delegazioa dela-eta Erregelamenduaren 94.2.b) artikuluan aurreikusitako kasuen artean jasotze aldera, ospitaleratzeaz edo gaixotasun larriaz gain, osasun-krisietako osasunerako arrisku-egoeraren kasuak eta Ganberaren jarduera murriztekoak.

 

Gainerakoan, indarrean diraute alarma-egoera martxoaren 14an deklaratu aurretik eta ostean hartutako gainontzeko agindu guztiek, Parlamentuaren funtzionamendua bere "autonomia instituzionala baliatuz” larrialdi sanitarioko egoerara egokitzeko (Kontingentzia Plana).

 

Gauzak horrela, Lehendakaria eta Mahaiko eta Eledunen Batzarreko kideak izanen dira Legebiltzarrera sartzen ahal diren forudun bakarrak. Lehendakariaren edo idazkari nagusiaren baimena behar izanen da salbuespeneko bestelako errekerimendurako.

 

Parlamentuaren egoitza itxita dagoen bitartean, erregistro guztiak modu telematikoan eginen dira. Horretarako, parlamentarioek gaituta duten sistema erabiliko dute, eta gainerako interesdunek, berriz, posta elektronikoko honako helbide hau: erregistroa@nafarroakoparlamentua.eus.

 

Gainera, etenda geratzen da gaur egun izapidetzen ari diren Parlamentuko gai guztien izapidetzea, horien epeak barne, zeinak izapidetzearen etena bukatzen den unean berrabiaraziko baitira.

 

Administrazio-epeei dagokienez, etenda geratzen dira COVID-19k eragindako osasun-krisia kudeatzeko alarma-egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren arabera.

 

Bestalde, salbuespen-egoera martxoaren 29az harago luzatuz gero aurreikusi zenez, martxoaren 30etik aitzina telelanaren sistema ezartzea baimendu zen, Nafarroako Parlamentuko langile guztiek, ahal den neurrian, etxetik lan egin dezaten. Hartara, ekipo informatikoak erosi dira eta zerbitzu emateko arauak onetsi dira.