Noiz argitaratua Ostirala, 2020.eko Martxoak 27

Parlamentuak apirilaren 13ra bitarte luzatu ditu ohiz kanpoko euste-neurriak, eta Foru Araubideko Batzordea gaitu du Gobernua kontrolatzeko eginkizuna ahalbidetzeko

Osoko Bilkura eginen da apirilaren 3an COVID-19aren krisi sanitarioari aurre egiteko neurriak biltzen dituzten bi Foru Lege-Dekretuak presako prozeduraz Foru Lege proiektu gisa izapidetzeko

Nafarroako Parlamentuak gaur erabaki duenez, apirilaren 13ra bitarte –eta luzatzeko aukerarekin- luzatuko dira COVID-19 koronabirusari aurre egiteko kontingentzia-planaren baitan Legebiltzarreko Mahaiak martxoaren 16an onetsitako ohiz kanpoko euste-neurriak.

 

Hori da Mahaiaren eta Eledunen Batzarraren bilkuraren ostean Unai Hualdek adierazi duena. Bilkuran orobat erabaki da Foru Araubideko Batzordeak bilkura bat eginen duela astero, Nafarroako Gobernuaren eta talde parlamentarioetako eledunen arteko hartu-emanari eusteko Gobernua kontrolatzeko eginkizunaren esparruan. Osasunaren Mundu Erakundeak martxoaren 11n koronabirusa nazioarteko pandemia gisa katalogatu zuenez geroztik egin diren gainontzeko bilkurak bezala, bilkura horiek Osoko Bilkuren aretoan eginen dira (streaming bidez).

 

Foru Araubideko Batzordearen lehenengo saioa datorren ostiralean eginen da, apirilaren 3an, COVID-19aren krisi sanitarioari aurre egiteko neurriak biltzen dituzten bi Foru Lege-Dekretuak, gaur aho batez baliozkotuak, presako prozeduraz Foru Lege proiektu gisa izapidetzeko eginen den Osoko Bilkura (09:15) amaitzean.

 

Asteazkenean, apirilaren 1ean, Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura eginen dute (12:00etan bideokonferentzia bitartez) eledunek ostiralean egingo den Foru Araubideko Batzordearen edukiari buruz eskatutako informazio- eta dokumentazio-eskaerak zehazteko.

 

Ostegunean, apirilaren 2an, Mahaiak bilkura eginen du (12:30etan, bideokonferentzia bidez) apirilaren 3ko Osoko Bilkurari begira egon daitezkeen zuzenketak izapidetzeko onartzeko.

 

Bestalde, salbuespen-egoera martxoaren 29az harago luzatuz gero aurreikusi zenez, martxoaren 30etik aitzina telelanaren sistema ezartzea baimendu da, Nafarroako Parlamentuko langile guztiek, ahal den neurrian, etxetik lan egin dezaten. Hartara, ekipo informatikoak erosi dira eta zerbitzu emateko arauak onetsi dira.

 

Gogoratuko denez, martxoaren 16an Parlamentuak eraikina eta haren zerbitzu guztiak itxi zituen, baita lan parlamentarioak murriztu ere. Lan horiek Mahaiaren eta Eledunen Batzarraren bilkuretara eta beste legebiltzar-organo batzuen bilkura zehatzetara mugatu zituen —ahal dela bideokonferentziaz—, baldin eta atzeraezintzat jotzen diren premiazko arrazoiengatik egin behar badira. Hori guztia segurtasun-bermeekin eginen da, osasun-agintarien gomendioei jarraikiz.

 

Legebiltzarreko gobernu-organoak hartutako zuhurtziazko neurri guztiek dute zerbitzu juridikoen txosten baten bermea; izan ere, murrizketa-aldian ezinbestekoak diren parlamentu-eginkizunak betetzeari buruzko txosten horretan ziurtatzen da bilkura urgente eta seguruak egiten ahal direla boto eskuordetua erabilita.

 

Gauzak horrela, eta parte-hartze politikoa segurtasun-baldintzekin zertu ahal izatea errazte aldera, Mahaiak, Eledunen Batzarrak erabaki loteslea hartu ondotik, Lehendakariaren ebazpen bat onetsi zuen hilaren 25ean, boto-delegazioa dela-eta Erregelamenduaren 94.2.b) artikuluan aurreikusitako kasuen artean jasotze aldera, ospitaleratzeaz edo gaixotasun larriaz gain, osasun-krisietako osasunerako arrisku-egoeraren kasuak eta Ganberaren jarduera murriztekoak.

 

Gainerakoan, indarrean diraute alarma-egoera martxoaren 14an deklaratu aurretik eta ostean hartutako gainontzeko agindu guztiek, Parlamentuaren funtzionamendua bere "autonomia instituzionala baliatuz” larrialdi sanitarioko egoerara egokitzeko (Kontingentzia Plana).

 

Gauzak horrela, Lehendakaria eta Mahaiko eta Eledunen Batzarreko kideak izanen dira Legebiltzarrera sartzen ahal diren forudun bakarrak. Lehendakariaren edo idazkari nagusiaren baimena behar izanen da salbuespeneko bestelako errekerimendurako.

 

Parlamentuaren egoitza itxita dagoen bitartean, erregistro guztiak modu telematikoan eginen dira. Horretarako, parlamentarioek gaituta duten sistema erabiliko dute, eta gainerako interesdunek, berriz, posta elektronikoko honako helbide hau: erregistroa@nafarroakoparlamentua.eus.

 

Gainera, etenda geratzen da gaur egun izapidetzen ari diren Parlamentuko gai guztien izapidetzea, horien epeak barne, zeinak izapidetzearen etena bukatzen den unean berrabiaraziko baitira.

 

Administrazio-epeei dagokienez, etenda geratzen dira COVID-19k eragindako osasun-krisia kudeatzeko alarma-egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren arabera.

 

Unai Hualdek "Nafarroako Parlamentuaren eta, beraz, Nafarroako gizarte osoaren izenean, azken asteetan koronabirusaren ondorioz hildako pertsona guztiak oroitu ditu. Doakiela gure maitasuna, besarkada eta elkartasuna familia eta lagun guztiei".

 

Ildo berean, Foru Legebiltzarreko lehendakariak "funtsezko esparruetan lanean jarraitzen duten pertsona guztiak" oroitu ditu, bereziki "osasun zerbitzuetan eta adinekoen egoitzetan lan egiten dutenak". Hauei guztiei egunero, arratsaldeko 8etan, leihotik gure esker ona gogorarazten diegu".