Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Irailak 17

Parlamentuak aintzat hartu du Enpresen Deslokalizazioari Aurre Egiteko Neurriei buruzko Foru Lege proposamena

Jasotako laguntza publikoen xedea urratuz, jarduera justifikaziorik gabe deslokalizatzen duten enpresen aurkako zehapen-neurriak hartu nahi dira

Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaurkoan onetsi du, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoarekin eta Navarra Sumaren abstentzioarekin, aintzat har dadila Enpresen Deslokalizazioari Aurre Egiteko Neurriei buruzko Foru Lege proposamena.

 

EH Bilduk bultzatutako lege-proposamenaren helburua da, jasotako dirulaguntza eta laguntza publikoen xedea urratuz, jarduera “justifikaziorik gabe”, jarduera horren “bideragarritasun ekonomikoarekin” lotutako arrazoiekin zerikusirik ez duen moduan, deslokalizatzen duten enpresen aurkako zehapen-neurriak arautzea.

 

Horretarako, “enpresek jasotzen duten finantzaketa publikoak enplegua eta kalitatezko lan-baldintzak sortzen eta, horrela, Foru Komunitatearen garapenean laguntzen duela bermatzeko”, enpresa bat deslokalizatutzat jotzeko beharrezko baldintzak zehazten dira; kasu horretan, sortutako laguntzak itzultzeko “betebeharra” zehazten da.

 

Lege honen ondoreetarako, enpresa-deslokalizazioa gertatzen dela ondorioztatzeko zehaztutako inguruabarren artean, honako hau aipatzen da: “Jarduera nabarmen etetea edo murriztea, aldi berean edo aurreko edo ondorengo hiru urteetan, enpresak jarduera hori Nafarroatik kanpo garatzen duen bitartean”, bere kabuz edo Merkataritza Kodearen 42. artikuluan jasotako egoeretako batekin lotura duen beste erakunde baten bidez (sozietate nagusia/mendeko sozietatea).

 

Ulertzen da jarduera nabarmen murriztea dela langileak “erdira baino gutxiagora” murriztea; horretarako, aurreko bi urteetako plantillaren batez bestekoa hartuko da kontuan. Eta ulertzen da enpresaren jarduera etetea dela bai konpainia eta ekoizpen-instalazio guztiak, bai haietako batzuk ixtea.

 

Salbuespenezko eta behar bezala justifikatutako” kasuetan, ez da deslokalizazio gisa interpretatuko, baldin eta, aurreko inguruabarrak gertatu arren, enpresa zuzenean edo beste erakunderen baten bidez hasten bada, Merkataritza Kodearen 42. artikuluan jasotako kasuetan, “kendutakoen antzeko edo gehiagoko lanpostu-kopurua sortzea dakarten jarduera berriak” egiten.

 

Arauaren eraginkortasuna bideragarri egiteko, enpresen deslokalizazioan ez erortzeko konpromisoa dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileetan sartzea proiektatu da.

 

Enpresaren deslokalizazio-deklarazioak berekin ekarriko du azken hamar urteetan jasotako dirulaguntzak itzultzeko betebeharra, zenbateko bakoitza jasotzen den egunetik sortutako berandutze-interesarekin batera. Deklarazio horrek, gainera, sektore publikoaren laguntzak hamar urtez lortzeko ezintasuna ekarriko du.

 

Foru Komunitateko erakundeek emandakoak izan eta dirulaguntzak ez diren laguntzei dagokienez, Gobernuak kuantifikatuko du laguntzaren zenbatekoa, zeina, oro har, bat etorriko baita merkatuko balioaren eta kasuan kasuko negozio juridikoan hitzartutakoaren arteko aldearekin.

 

Lege proposamen honetan xedatutakoa, zeina erregelamendu bidez garatzeko urtebete ematen baitzaio Gobernuari, indarrean jarri aurretik emandako laguntza publikoei aplikatuko zaie, baldin eta hamar urte igaro ez badira dirulaguntza eman dela jakinarazi denetik edo argitaratu denetik.

 

Bestalde, eta prozesu horiekin lotutako guztia eta horiek ehun sozioekonomikoan duten eragina jendarteratzen laguntzeko, ikerketa-ildo egonkor bat egituratzea aurreikusten da, globalizazioaren eta horren eratorrien ondorioen ezagutza teoriko eta praktikoan aurrera egiteko, deslokalizazio mailan.

 

Lege proposamena aplikatuko zaie Nafarroan lantokia duten enpresei eta Gobernuaren laguntzak jaso eta enpresaren esparruan lan egiten duten fundazio eta enpresei.

 

Zioen azalpenean adierazten denez, ekonomiaren mundializazio- eta globalizazio-prozesuek enpresen deslokalizazioa errazten dute; izan ere, enpresa horiek, etekinak handitzeko ahaleginean, “gizarte-arloan gutxi garatutako lan-legeriak, soldata txikiagoak eta ingurunearen kontserbazioaren arloko arau malguak” ezaugarri dituzten estatuetara jotzen dute.

 

Horren aurrean, “Gobernuak egoera honek sortzen dituen ondorioei aurre egiteko behar diren baliabideak jarri behar ditu. Lehiakortasunerako, lan-baldintza duinei lotutako enplegu egonkorra sortzen lagunduko duten politika publikoak behar dira”.

 

Aintzat hartua izan ondoren, Enpresen Deslokalizazioari Aurre Egiteko Neurriei buruzko Foru Lege proposamena Batzordean aztertuko da, Osoko Bilkurara behin betiko eztabaida eta bozketarako bidalia izan aurretik.