Noiz argitaratua Asteazkena, 2020.eko Maiatzak 13

Parlamentuak aho batez onetsi du 2020-2023 aldirako Nafarroa Suspertu Planari laguntzeko Batzorde Berezia sortzea

Onesten diren ebazpenen irizpenak hilabeteko epean (epe luzagarria izanen da) eginda egon beharko du, eta Gobernuari bidaliko zaio eta Osoko Bilkuran aurkeztuko da eztabaidatu eta bozkatu dezan

Nafarroako Parlamentuak aho batez onetsi du Nafarroako Gobernuak sustatutako Reactivar Navarra-Nafarroa Suspertu Planari buruzko Batzorde Berezia sortzea, koronabirusak sortutako krisi ekonomiko, sozial eta sanitarioaren aparteko larritasunari ahalik eta azkarren erantzuteko.

 

Batzorde Berezi hori sortzeko proposamena Navarra Suma, Geroa Bai, Nafarroako Alderdi Sozialista, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek sinatu dute, eta haren helburua da Parlamentuaren "zilegitasuna eta eraginkortasuna" baliatzea, Foru Gobernuak irekitako parte-hartze prozesuan bere ekarpenarekin laguntzeko.

 

Zioen azalpenean ageri denez, lau arlori buruzkoak izanen dira, funtsean, Batzorde Bereziaren barruko eztabaidak eta ekarpenak: ekonomia suspertzea eta ekoizpen-eredua modernizatzea; gizarte-babeseko eta zaintzako sistemak indartzea; eta zerga-sistema hobetzea.

 

Batzorde Berezia hamaika kidek osatuko dute: Navarra Sumako hiruk; Nafarroako Alderdi Sozialista, Geroa Bai eta EH Bildu talde parlamentarioetako binak; Podemos-Ahal Duguko batek, eta Izquierda-Ezkerrako batek. Talde bakoitzeko gainerako parlamentariak ordezko gisa izendatu ahalko dira, eztabaida sektorialetan espezializazio handiagoz parte hartu ahal izateko.

 

Batzorde Bereziak erabaki guztiak, baita lehendakariaren hautatzeari dagokiona ere, boto haztatuaren sistemaz hartuko ditu.

 

Batzordearen lanak garatzeko ezarritako epea hilabetekoa da, eta luzatzen ahalko da. Epe hori amaitutakoan, irizpen bat eman beharko du Batzordeak, Osoko Bilkurari aurkezteko (eta Gobernuari bidaliko dio), eztabaidatu eta bozka dezan.

 

Batzordearen lanak bere baitan adosten den lan-planaren arabera eginen dira, talde parlamentario eta foru parlamentarien elkarte guztiek aukera izan dezaten eztabaida sektorialak elikatzera zuzendutako ebazpen-proposamenak aurkezteko, betiere modu ordenatu eta egituratuan.

 

Ostiraleko –hilak 15–, 17:30ak arteko epe bat ireki da, Batzorde Bereziaren sustatzaileek proposamenak aurkez ditzaten Batzorde Bereziaren antolamenduari eta funtzionamenduari begira. Batzorde horren funtzionamendu-arauak, zerbitzu juridikoek egin beharrekoak, astelehenean onetsiko dira‑, ustez.