Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Apirilak 30

Pandemiaren biktimak oroituz ekin die berriz ere Parlamentuak kontroleko Osoko Bilkurei

Pandemiaren ondorio soziosanitarioei aurre egiteko beharrezkoak diren lege-ekimen guztiekiko konpromisoa nabarmendu du Ganberak, "inor bidean utzi gabe"

Unai Hualdek asteazken honetan Eledunen Batzarrak onetsitako adierazpen instituzionala irakurriz eman dio hasiera pasa den martxoaren 16an Legebiltzarreko Mahaiak parlamentu jarduera murriztu zuenetik egiten ari den lehenengo kontroleko Osoko Bilkurari, eta minutu bateko isilunea egin dute koronabirusaren biktimak oroituz.

 

Eledunen Batzarrak atzo bideokonferentzia bidez egindako bilkuran, adierazpen instituzional bat onetsi zuen aho batez, zeinaren bidez, bere gertutasuna eta konpromisoa helarazi nahi dizkie nafarrei, COVID-19 birusaren pandemia globalak eragindako giza, osasun, gizarte nahiz ekonomia krisia bizi dugun une honetan.

 

Adierazpenak zehazten duenez, Nafarroako Parlamentuak, Foru Gobernuarekin eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarekin batera, herritarrei dei egiten die hiru minutuko isilunea gorde dezaten igande honetan, eguerdiko 12etan, pandemia honen biktimen gomutan eta haien memoriari ohore egiteko.

 

Onetsitako adierazpenak honela dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak txera eta doluminak helarazi nahi dizkie, errespetu guzti-guztiaz, COVID-19 birusaren infekzioak eragindako nahiz okertutako prozesuen ondorioz hil diren pertsonen senitartekoei eta lagunei, atsekabe hori, sarritan, are larriagoa izan baita beren gertukoei ezin izan dietelako agurrik egin naturaltasunez.

 

Nafarroako Parlamentuak, halaber, berretsi egin nahi du pandemia honen aurka borrokatzen jarraitzeko konpromisoa; hartara, pandemia honek osasunaren, gizartearen nahiz ekonomiaren arloan eragin dituen ondorio suntsitzaileak arintzeko hartu beharreko ekintza parlamentario eta legegintza-neurri guztiak har daitezen sustatuko du, bidean inor ere gera ez dadin saiatzeko.

 

Era berean, Nafarroako Parlamentuak zinez eskertu nahi du sektore publiko nahiz pribatuko profesional guztien lan nekagaitz eta ausarta, lehen lerrotik lagundu baitute krisi honen ondorioen aurka borrokatzen: gaixoen osasuna zainduz, kolektibo ahulenekin lan eginez, hornidurak mantenduz, oinarrizko ondasunak eskura ahal izatea bermatuz eta herritarrak babestuz, besteak beste.

 

Azkenik, Nafarroako Parlamentuak goretsi egin nahi du nafarrek egindako ahalegin kolektiboa eta erakutsitako ardura zibikoa; izan ere, gizarteak duen hoberena erakutsi du modu boluntarioan eta desinteresatuan sortu diren elkartasun-erakustaldi eta -ekimenetan, bai eta arratsaldero, erantzun laudagarria emanez, txaloak jotzera atera denean ere.

 

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Parlamentuak, Foru Gobernuarekin eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarekin batera, herritarrei dei egiten die hiru minutuko isilunea gorde dezaten igande honetan, eguerdiko 12etan, pandemia honen biktimen gomutan eta haien memoriari ohore egiteko".