Noiz argitaratua Asteazkena, 2020.eko Ekainak 3

Osasun Departamentua premiatzen da osasun-garraioaren lizitazioa berehala egin dezan eta Tuteran zainketa intentsiboen bigarren unitate bat ezar dezan

Ganberak zerbitzua emateko arazoak konpontzeko deia egiten du, bereziki Zangozan eta Tuteran, kontratu berria esleitu arte itxaron gabe

Osasun Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentua premiatzen baita “osasun-garraioaren lizitazioa berehala egin dezan”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Foru Gobernuko Osasun Departamentuari eskatzen dio “Tuteran zainketa intentsiboen bigarren unitate bat berehala para dezan”.

 

Azkenik, hirugarren atalean, Osasun Departamentua premiatzen da “kalitatezko osasun-garraioaren zerbitzua bermatzeko ezarri beharreko neurriak berehala ezar ditzan, osasun-garraioaren kontratu berria esleitu arte itxaron gabe, bereziki Zangozako eta Tuterako eskualdeetan”.

 

PSN talde parlamentarioak gehitzeko zuzenketa bat aurkeztu du, Navarra Suma ekimenaren titularrak onartu ez duena, eta Nafarroako Gobernua premiatu nahi zuen "osasun-garraioa, larrialdietakoa zein programatua, berriz ere publikoa izateko bideragarritasun-azterketa bat egin zezan".

 

Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak azaltzen du “arazoak daudela zerbitzuan baita zerbitzuaren kalitateari dagokionean, eta are handiagoak direla Zangozako eta Tuterako eskualdeetan”. Hori dela eta osasun-garraioaren lizitazioa berehala egin dadin eskatzen da aurreko legegintzaldian, larrialdiko osasun-garraioa publikoa izateko saiakerarekin sortutako “ziurgabetasunarekin” amaitzeko, “sektoreko enpresen eta langileen segurtasun falta handitu baitzuen”.

 

Ildo horretan, oroitarazten da ez Osasuneko kontseilari ohiak (2019ko martxoan) ez eta orain kontseilaria denak ere (urrian) ez dutela bere garaian iragarritako berehalako lizitaziorik egin, eta ohartarazten da Tuteran ez dela “zainketa intentsiboen bigarren unitate mugikorrik paratu”.

 

Sustatzaileak azaltzen duenez, 2016ko abenduan amaitu zen Nafarroako osasun-garraioaren kontratua eta harrezkero bidegabeko aberastearen salbuespenezko prozeduraren ematen ari da zerbitzua, salbu eta Zangozako eta Tuterako eskualdeei zerbitzu ematen dien osasun-garraioaren kontratua, 2018ko abenduaren 31n bukatu baitzen.

 

Nuria Medina (PSN) buru izan duen eta bideokonferentzia bidez egindako saioan parte hartu duten parlamentariak izan dira: Marta Álvarez, Ángel Ansa, Raquel Garbayo, Miguel Bujanda, Cristina Ibarrola, María Jesús Valdemoros (Navarra Suma), Patricia Fanlo, Ainhoa Unzu (PSN), Ana Ansa, Isabel Aramburu (Geroa Bai), Txomin González, Bakartxo Ruiz (EH Bildu), eta Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu). Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra) ez da egon.