Noiz argitaratua Osteguna, 2019.eko Abendua 19

Ondarearen gaineko Zerga aldatzen duen Foru Legea, enpresa-jarduerei lotutako ondasunen salbuespena jasotzen duena

Osoko Bilkuran onetsia. 2019ko abenduaren 19an

Parlamentuko Osoko Bilkurak Ondarearen gaineko Zerga aldatzen duen Foru Legea onetsi du gaur, PSNren eta Geroa Bairen baiezko botoekin. EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aurka bozkatu dute, eta Navarra Suma abstenitu egin da. Lege honek enpresa-jarduerei lotutako ondasunen salbuespena jasotzen du.

 

Ondarearen gaineko Zerga aldatzen duen Foru Legeak, Gobernuak igorri zuen bezala aurkeztuak, helburu hau du: “Nafarroako zergadunek araubide erkidekoen edo Euskal Autonomia Erkidegokoen aldean duten desabantaila zuzentzea, jarduera ekonomikoei atxikita dauden ondasun edo eskubideei dagokienez, baita zenbait baldintza betetzen dituzten entitateetan partaidetza izateari dagokionez ere”.

 

Ondasun, eskubide eta partaidetza horietarako dagoen kenkari partziala kendu eta halakoak salbuetsita daudela adieraztean datza aldaketa.

 

Beste ezein talderen babesik gabe, Navarra Sumak aurkeztutako bi zuzenketak ezetsi egin ziren batzordean. Alde batetik, salbuetsita dagoen gutxienekoa 550.000 eurotik 800.000 eurora igo nahi zuen.

 

Bestetik, ezkutu fiskala hobetzea planteatzen zuen, halako moduan non Ondarearen eta PFEZaren baterako kuota osoak “ezin izanen baitu gainditu azken horren zerga-oinarriaren % 60”. Horretarako, “ez da kontuan hartuko PFEZaren kargapeko etekinik sortzeko gai ez diren ondare-elementuei dagokien kuota zatia”, proposatzen zuen Navarra Sumak. Eta bi kuoten baturak % 60 gaindituz gero, “zerga horren kuota (PFEZarena) gutxituko da muga horretara iritsi arte; murriztapen hori ezin izanen da % 75 baino handiagoa izan”.

 

EH Bilduk proiektua edukiz hustu nahi zuen, baina hori ere ez zen onartu. I-Ek soilik babestu zuen haren jarrera: “ez da bidezkoa lege honek mesede egiten dien subjektu pasiboen ondareko aberastasunen zati handi baten tributazioa kentzea”.

 

· www.nafarroakoparlamentua.eus
· Foru lege proiektua (39. NAO, 2019-11-21ekoa)
· Zuzenketak (47. NAO, 2019ko 12-11koa)