Noiz argitaratua Ostirala, 2019.eko Abenduak 13

Ondarearen gaineko Zerga aldatzen duen Foru Lege proiektuari buruzko irizpena onetsi da

Ez dute lortu ez EH Bilduk legea edukiz husterik ez Navarra Sumak salbuetsitako muga igotzerik, eta Gobernuak igorri zuen bezala iritsiko da proiektua Osoko Bilkurara

Ekonomia eta Ogasun Batzordeak Ondarearen gaineko Zerga aldatzen duen Foru Lege proiektuari buruzko irizpena onetsi du gaur, PSNren eta Geroa Bairen baiezko botoekin. Proiektu horrek enpresa-jarduerei lotutako ondasunen salbuespena jasotzen du. EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aurka bozkatu dute, eta Navarra Suma abstenitu egin da.

 

Ondarearen gaineko Zerga aldatzen duen Foru Lege proiektua Gobernuak igorri zuen bezala aurkeztuko zaio Osoko Bilkurari. Helburu hau du: “Nafarroako zergadunek araubide erkidekoen edo Euskal Autonomia Erkidegokoen aldean duten desabantaila zuzentzea, jarduera ekonomikoei atxikita dauden ondasun edo eskubideei dagokienez, baita zenbait baldintza betetzen dituzten entitateetan partaidetza izateari dagokionez ere”.

 

Ondasun, eskubide eta partaidetza horietarako dagoen kenkari partziala kendu eta halakoak salbuetsita daudela adieraztean datza aldaketa.

 

Beste ezein talderen babesik gabe, Navarra Sumak aurkeztutako bi zuzenketak ezetsi egin dira. Alde batetik, salbuetsita dagoen gutxienekoa 550.000 eurotik 800.000 eurora igo nahi zuen.

 

Bestetik, ezkutu fiskala hobetzea planteatzen zuen, halako moduan non Ondarearen eta PFEZaren baterako kuota osoak “ezin izanen baitu gainditu azken horren zerga-oinarriaren % 60”. Horretarako, “ez da kontuan hartuko PFEZaren kargapeko etekinik sortzeko gai ez diren ondare-elementuei dagokien kuota zatia”, proposatzen zuen Navarra Sumak. Eta bi kuoten baturak % 60 gaindituz gero, “zerga horren kuota (PFEZarena) gutxituko da muga horretara iritsi arte; murriztapen hori ezin izanen da % 75 baino handiagoa izan”.

 

EH Bilduk proiektua edukiz hustu nahi zuen, baina hori ere ez da onartu. I-Ek soilik babestu du haren jarrera: “ez da bidezkoa lege honek mesede egiten dien subjektu pasiboen ondareko aberastasunen zati handi baten tributazioa kentzea”. Navarra Sumak, PSNk, Geroa Baik eta Podemos-Ahal Duguk zuzenketaren aurka bozkatu dute.

 

Beste zuzenketa batean EH Bilduk lege proiektuaren zioen azalpena kendu nahi zuen, baina hori ere baztertu egin da. I-Ek bakarrik babestu du, eta gainerakoak aurka agertu dira.

 

Guztira 4 zuzenketa eztabaidatu dira eta bakar bat ere ez da jaso irizpenean. Hura onetsi ondoren, Ondarearen gaineko Zerga aldatzen duen Foru Lege proiektua Osoko Bilkurari aurkeztuko zaio ostegunean, hilak 19, behin betiko eztabaidatu eta bozkatzeko.

 

Isabel Aranburu (Geroa Bai) aritu da bilkuraren buru, eta bertan izan dira María Jesús Valdemoros, Juan Luis Sánchez de Muniáin, José Suárez, Marta Álvarez, Carlos Pérez Nievas, Cristina Ibarrola (Navarra Suma talde parlamentarioa), Ainhoa Unzu, Inma Jurío, Arantza Biurrun (PSN talde parlamentarioa), Mikel Asiain (Geroa Bai talde parlamentarioa), Adolfo Araiz, Laura Aznal (EH Bildu talde parlamentarioa), Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioa) eta Marisa de Simón (Mistoa-Izquierda-Ezkerra talde parlamentarioa).

 

· www.nafarroakoparlamentua.eus
· Foru lege proiektua (39. NAO, 2019-11-21ekoa)
· Zuzenketak (47. NAO, 2019ko 12-11koa)