Noiz argitaratua Asteartea, 2020.eko Urtarrilak 14

NUPek Nafarroako Parlamentuarekin lankidetzan eginiko Nafarroako Oroimen Historikoaren Dokumentu-funtsaren aurkezpena

1936ko kolpearen ondorioz errepresaliatuak izan zirenen eta indarkeria mota desberdinak jasan zituztenen datu-base nominala eskaintzen duen erabilera publikoko baliabidea da

Nafarroako Oroimen Historikoaren Dokumentu-funtsa aurkeztu dute gaur Nafarroako Parlamentuko Erabilera Anitzeko Aretoan. Lankidetza instituzionalaren eta partaidetza sozialaren fruitu den kontsultarako baliabide honek Nafarroa abangoardia-posizio batean kokatu du estatu-mailan, 1936ko uztailaren 18an Nafarroan bizi zirenek edo Nafarroara eramanak izan zirenek jasandako errepresioaren inguruko ikerketei dagokienez.

 

Kontsulta publikoa ahalbidetzea eta familiartekoei edo ikertzaileei dokumentazioa eskuragarri jartzea du helburu NUPeko ikerketa-taldeak egindako datu-baseak. 22.555 pertsonak jasandako 29.095 errepresio-egintza zenbatzen ditu (14 kategoriatan eta 62 azpikategoriatan banatuta). Bildutako informazioa iturri desberdinetatik heldu da, hala nola artxiboetatik, ahozko iturriengandik edo ikertzaile nahiz familiartekoengandik.

 

Zehazten denez, errepresio-egintza hartu da oinarrizko analisi-unitate gisa, hau da, “Estatuko aparatuek, indar paramilitarrek edo haien kolaboratzaile zibilek ezarritako zehapen formal edo informalak, xede zutenak 1936ko uztailaren 18tik aurrera abiarazi nahi izan zen erregimen berriaren aurkakotzat identifikaturiko jokabide jakin batzuk zigortzea”.

 

Datu-base berriaren oinarri teoriko eta metodologikoak dokumentu batean bilduta daude, Errepresio-egintzak kuantifikatzea: Nafarroako Memoria Historikoaren Dokumentu-funtsaren datu-baseari buruzko azalpena eta haren erronkak deiturikoan, gaztelaniazko eta ingelesezko bertsioa eskuragarri dago linean, eta aurki eskuragarri egonen da euskarazko bertsioa ere.

 

Webguneak modua ematen du informazioa iragazki desberdinen bitartez bilatzeko (izen-abizenak, sexua, jaiotza eta/edo auzotartasuna, e.a.), eta behin pertsona aurkiturik, webguneak txosten eguneratu bat inprimatzen du automatikoki, non honako hauek agertzen baitira pdf formatuan: oinarrizko datu pertsonalak, jasandako errepresio-egintzak, gatibu-guneetan izandako mugimendu edo lekualdatzeak, informazioa lehen edo bigarren mailako zer iturritatik lortu den, ikertzaileek edo familiartekoek haietara jotzeko modukoak edo informazioa zuzentzeko nahiz hedatzeko posta elektronikoko harremanerako helbidea. https://memoria-oroimena.unavarra.es/

 

Nafarroako Oroimen Historikoaren Dokumentu-funtsa Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ikerketa-talde batek garatutako proiektua da, 2011ko azaroaren 30ean Nafarroako Parlamentuak eta NUPek sinatutako hitzarmenaren emaitza. Oroimenari buruzko politika publikoen aldeko ekarpena egiteko xedez, Nafarroako Gobernuak lankidetza hitzarmena sinatu zuen 2017an eta 2018 eta 2019an berritu egin zuen.

 

Datu-base berria eta bere erabilera publikoa ahalbidetuko duten aplikazioak behin-betiko konfiguratu ostean, Nafarroako Oroimen Historikoaren Dokumentu-funtsa ikastetxeek, udalek edo bestelako erakundeek egindako eskaerei erantzuteko erabilgarri egongo da. Era berean, txostenak egin eta informazioa eskainiko dio hala eskatzen duen erakunde orori.

 

Halaber, Nafarroako Oroimen Historikoaren Dokumentu-funtsak bertara jotzen duten biktimen senitartekoak artatzen jarraituko du, bai testigantzak eskaintzeko edo eta beren senideen buruzko informazioa eskatzeko.

 

Emilio Majuelo aritu da lantaldearen zuzendari 2011tik 2019ra bitartean. Koordinazioaz Fernando Mendiola (2012-2018) eta Nerea Pérez Ibarrola (2018-2019) arduratu dira. Bestalde, proiektuan hainbat historialarik parte hartu dute, denbora-tarte ezberdinetan: Juan Carlos García Funes, Gotzon Garmendia, Gemma Piérola, Daniel Oviedo eta Edurne Yaniz.

 

Datu-basearen diseinu eta prestaketari dagokienez, Humberto Bustince eta Edurne Barrenechea irakasleek 2017tik 2019ra bitartean koordinatu dute Rubén Sesma eta Iosu Rodríguez ikertzaileen lana. Eginkizun hori Estatistika, Informatika eta Matematika Departamentuan dago kokaturik.

 

Gainera, denbora honetan guztian zehar funtsezkoa izan da NUPeko Informatika Zerbitzuaren lana; batez ere, Ana Martínezena.

 

NUPtik kanpoko aholku-taldea: Julián Casanova (Zaragozako Unibertsitatea), Francisco Espinosa Maestre (Sevillako Unibertsitatea), Lourenzo Fernández Prieto (Santiago Konpostelakoko Unibertsitatea), Conxita Mir (Lleidako Unibertsitatea), Josu Chueca (Euskal Herriko Unibertsitatea), Paul Preston (London School of Economics) eta Gutmaro Gómez Bravo (Madrilgo Complutense Unibertsitatea).

 

Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko Lehendakariak adierazi duenez, Funtsa “aitzindaria da, ez bakarrik ikerketari dagokionez, baita dibulgazioari dagokionez ere. Hau oso garrantzitsua da gaur egun, frankismoko milaka pertsonen erailketak nola hutsaltzen ari diren ikusten ari baikara. Diskurtso hauei aurre egin behar diegu, erkidegoetako ganberetan entzuten ditugu eta laster Kongresuan ere entzungo ditugu. Frankismoaren goratze guztiak gaitzesgarriak dira”.

 

Biktima guztientzako “egia, justizia eta erreparazioa” lortzeko lanean jarraituko dutela adierazi du Hualdek, eta bide horretan NUPen eta Foru Legebiltzarraren artean hitzarmen berri bat sinatuko dutela iragarri du. “Parlamentu honek Dokumentazio-funtsarekin eta Oroimen Historikoari buruzko legeen onespenarekin argi utzi du erakunde mailan elkarlanean aritzeak duen garrantzia. Legebiltzarraren, Gobernuaren eta NUPen lan bateratuak, aurreko legegintzaldian Bakearen, Elkarbizitzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritzaren bidez ikusgai izan zenak, aurrera jarraituko du. Elkarrekin lan egingo dugu Oroimen Historikoaren alde”.

 

Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako Kontseilariak “oroimenaren sugarra bizirik mantendu duten eragileen eta erakundeen arteko lankidetza” nabarmendu du, “ikertzaileen zehaztasun eta profesionaltasuna” eta NUPen eginkizuna, “oinarrizkoa izan baita ahaztutakoen eta ikusezin izan diren milaka eta milaka pertsonen bizitzak berreskuratzeko. Parlamentuak 2011z geroztik egin duen bezala, Nafarroako Gobernuak urtero berrituko du 2017an sinatutako hitzarmena, 80.000 euroz hornitua. Oroimenaren babes eta sustapenaren euskarri izaten jarraituko dugu”.

 

Fernando Mendiola Nafarroako Oroimen Historikoaren Dokumentu-funtsaren zuzendariak, proiektu honen atzean dagoen prozesu sozial, zientifiko eta historiografikoa laburbildu du, bere hitzetan “Oroimenari buruzko ezagutza solido batean oinarrituta eraikitako politika publikoak bermatzeko elkarlanaren adibide argia. Erakundeen inplikazio eskuzabal eta irmoa elkarte eta norbanakoen lankidetzaren mailakoa izan da”.

 

Azkenik, Nerea Pérez Funtsaren koordinatzaileak webgunean egindako “berrikuntza tekniko eta metodologikoen” inguruko zehaztasunak eskaini ditu, zeinaren helburu nagusia baita “bere erabilera publikoa ahalbidetzea”. Denek Emilio Majueloren zuzendaritza lana goraipatu dute.