Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Otsailak 6

Navarra Sumak 2020ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legearen proiektuari aurkeztutako osoko zuzenketa baztertu da

Otsailaren 10etik 18ra bitartean zuzenketa partzialak aztertuko dira, eta 27an Batzordearen irizpena Osoko Bilkurara eramanen da behin betiko eztabaida eta bozketa egiteko

Gaur egindako osoko bilkuran, Nafarroako Parlamentuak baztertu egin du 2020ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Lege proiektuari Navarra Sumak aurkeztutako osoko zuzenketa. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak zuzenketaren aurka bozkatu dute.

 

Orain, lege proiektua Gobernuari itzultzea baztertu ondoren, zuzenketa partzialak aztertuko dira Ekonomia eta Ogasuneko Batzordean, otsailaren 10etik 18ra bitartean (zuzenketa partzialak aurkezteko epea atzo amaitu da), eta batzorde horren irizpena otsailaren 27an Osoko Bilkurari aurkeztuko zaio, behin betiko eztabaida eta bozketa egiteko.

 

Zuzenketa partzialak aurkezteko epea amaitu da. Navarra Sumak 540 erregistratu ditu, Geroa Baik 55, EH Bilduk 46, PSNk 37, Izquierda-Ezkerrak 33 eta Podemos-Ahal Duguk 30. PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguk, elkarrekin, 10 aurkeztu dituzte; Geroa Bai eta EH Bilduk 7; Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguk 5; PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek 4; PSN eta EH Bilduk beste 4; Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Duguk 1; PSN eta Geroa Baik 1, eta PSN, Geroa Bai eta EH Bilduk 1. Guztira, 774 zuzenketa aurkeztu dituzte gastu-partidei dagokienez. Eta beste 29 artikulatuari: 9 Navarra Sumarenak, 7 EH Bildurenak, 5 I-Erenak eta 8 PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Dugurenak, elkarrekin aurkeztuta. Orotara, 803 zuzenketa izan dira.

 

2020ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Lege proiektua urtarrilaren 10ean onartu zen izapidetzeko, eta hilaren 14an argitaratu zen Parlamentuko Aldizkari Ofizialean. Proiektuan jasotako aurrekontua 4.557.058.498 eurokoa da.

 

Kontuetan jasotako 4.557.058.498 euro horietatik 4.239.828,493 dagozkio gastu ez-finantzarioari (Nafarroako Gobernuko departamentuak, Nafarroako Parlamentua eta Nafarroako Kontseilua) eta gainerako 317.230.005 euroak finantza-gastuetarako dira.

 

Gastu ez-finantzarioaren gehieneko zenbatekoa % 5,7 igo da 2019ko Aurrekontuaren aldean. Azken horretan 4.016.552.285 milioikoa izan zen; beraz, zenbaki absolututan 223.276.208 milioiko aldea dago.

 

Nafarroako Gobernuak, hilaren 3an egindako bileran, erabaki zuen gastu ez-finantzarioaren muga 16.745.000 euroan handitzea, Foru Ogasuneko zuzendari kudeatzailearen txostena ontzat eman ondoren, non PFEZ bidezko diru-sarreren aurreikuspenetan 15.745.000 euroko hobekuntza aurreratu duen. Horri, halaber, jokoaren gaineko zergaren diru-bilketaren hazkundea gehitu behar zaio, milioi bat eurokoa. Karga-tasa% 12tik %20ra hazteagatik gertatu da.

 

Jasotakoaren haritik eta Ekonomia eta Ogasuneko Batzordean zuzenketa partzialei buruz eginen den eztabaidari dagokionez, Nafarroako Gobernuak ebatzi zuen ados dagoela 2020ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Lege proiektuan aurreikusi ez diren diru-sarrerekin finantzatutako gastuaren gehikuntza dakarten zuzenketa guztiak izapidetzeko onartzeari dagokionez.

 

Hala eta guztiz ere, eta kontuan izanda aurkeztutako zuzenketen arabera 47.011.538 euroko gehikuntza egin beharko dela, hau da, aurreikusitako diru-sarreren gehikuntza baino ia 31 milioi gehiago, foru-gobernuak ohartarazi du PFEZren kargura 15.745.000 euro arteko zuzenketak baino ezin izanen direla onetsi eta jokoaren gaineko zergaren kargura, aldiz, 1.000.000 gehiago.

 

Nafarroako Gobernuaren erabakia ikusita, Isabel Aranburu buru duen Ekonomia eta Ogasuneko Batzordeak asteartean, hilaren 4an, erabaki zuen izapidetzeko onartzea aurreikusi ez diren diru-sarrerekin finantzatutako gastuak handituko dituzten zuzenketa guztiak.

 

Navarra Suma talde parlamentarioak honako hau adierazi du osoko zuzenketa justifikatzeko: «benetako premietatik aldentzen den politika fiskal eta tributarioaren babesean dauden epe laburreko aurrekontu kontinuistak» dira, eta «ez dituzte aurreko legegintzaldian sortu edo jorratu ziren arazoetarako irtenbideak planteatzen».

 

Diru-sarrerei dagokienez, alegatu da, ekonomia- eta ekoizpen-jardueraren aldeko testuinguru tributario bat eraiki beharrean, gaur egun Gobernuan dagoen alderdiak hainbeste kritikatu zuen fiskalitate astuna betikotu eginen dela eta PFEZren karga astuna, modu ez oso justuan, berriz ere egotziko zaiola erdi-mailako klaseari, baita ere zalantzan jarri dela izandako hazkunde ahula, are gehiago dezelerazioa zantzu nabarmenak ikusita, eta langabezia murrizteari dagokionez ere bai.

 

Testuinguru horretan eta gastuen kapituluari lotuta, Gobernuaren egituraren «gaindimentsionamendua» kontrajarri da «inbertsioa murriztearekin», hain garrantzitsua den Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuan, non agerian geratu den «ez dagoela lehiakortasunaren aldeko etorkizuneko apusturik». «Langileen egitura izan da gastuaren gehikuntzaren ardatza».

 

PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguk azpimarratu dute aurrekontu batzuk «hedakorrak» direla, eta legegintzaldirako akordioan adostutako jarraibideen testuinguruan, «karga sozial handia» dutela eta oparotasuna lortu nahi dutela berrikuntzaren, jasangarritasunaren eta talentuaren bidez.

 

Horren guztiaren oinarria, argudiatu denez, politika fiskal «progresibo eta jasangarria» da, «desberdintasunak murriztu eta gizarte zein lurralde kohesioa hobetzea» xede duena.

 

EH Bilduk, bestalde, adierazi du «aukera bat emanen diela aurrekontuei»; izan ere, oinarrizko gizarte-lehentasunak jaso dira bertan, eta horiek erabiliz Navarra Sumari jarduteko aukerarik emanen ez dion ekintza progresistarako batasuna eszenaratu ahal izanen da.

 

Horri dagokionez eta gastu-muga 16,7 milioi euroan handitzeko PSNrekin lortutako akordioaren garrantzia azpimarratu ostean (horietatik 5 erabiliko dira 10.000 biztanle bano gehiago dituzten udaletarako tokiko azpiegitura plana egiteko), adostasunak lehenetsi dira, ez desadostasunak, eta oso garrantzitsuak diren alorretan zehaztutako hobekuntza garrantzitsuak nabarmendu dira, hau da, «hezkuntza, osasuna edo berdintasun-politiketakoak».

 

Amaitzeko, Izquierda Ezkerrak adierazi du Navarra Sumaren jarrera arrazoirik gabekoa dela, eta defendatu egin ditu batzordean zuzenketa partzialak eztabaidatu direnean aurrekontuak hobetzeko emandako bidezko eta arrazoizko ekarpenak.