Noiz argitaratua Asteazkena, 2020.eko Urtarrilak 22

Nafarroaren Sinboloei buruzko Foru Lege proposamenaren gaineko irizpena onetsi da

Parlamentuko gehiengoak ezetsi egin du zehapenen bidera itzultzea, Navarra Sumak nahi zuen bezala, Nafarroaren nortasuna “babesteko”, horrek “liskarra” baino ez lukeela ekarriko iritzita

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Batzordeak Nafarroaren Sinboloei buruzko Foru Lege proposamenaren gaineko irizpidea onetsi du gaur. 24/2003 Lege indargabetua berreskuratzeko asmotik abiatuta, proposamenaren testuak azkenean maiatzaren 28ko 7/1986 Foru Legea emulatzera jo du.

 

Navarra Suma talde parlamentarioak bultzatutako lege proposamenak xedetzat zuen “Nafarroako Foru Komunitatearen hiru sinbolo oinarrizkoen (armarria, bandera eta ereserkia) erabilerari buruzko araubidea guztiz berreskuratzea, bizitza ofizial eta arruntean agertuko direla sustatzeko eta Nafarroaren nortasuna gordetzeko neurriak taxutzeko, egintza jurisdikzional eta administratiboetarako aukera tartean dela”, tipifikatutako arau-hauste eta zehapenen babesean.

 

Horrek guztiak, zehazten zenez, botere publikoei ahalbidetu behar zien “eraginkortasunez zuzentzea zenbait udaletan oraindik gertatzen ari diren irregulartasun ugariak. Izan ere, beste autonomia erkidego bateko bandera jarri da udal horietan”.

 

Ildo horretatik, Nafarroako Sinboloei buruzko 24/2003 Foru Legearen edukia aldarrikatzen zen, 3/2017 Foru Legearen bidez indargabetua, eta araudi egoki bat bultzatzeko premia azpimarratzen zen, “irudikapen alternatibo eta nekez gerta daitekeenari izaera ofiziala eman nahi diotenen aurrean Nafarroaren nortasuna duinduko duena komunitate berezi, bereki eta bereizi gisa”.

 

Batzordean egindako eztabaidan, ordea, indarrik gabe utzi da zehapenei buruzko zatia, eta araubide berria eman zaio sinboloen erabilerari, zeina lege proposamenaren 2. artikuluan jasorik baitago. Hori guztia PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek babestu dute, eta Navarra Sumak aurka egin du.

 

Sinboloak erabiltzeko baldintzak Geroa Bai taldearen zuzenketa batean oinarrituta zehaztu dira, eta hau aurreikusten dute: “departamentu eskudunaren administrazio-baimena” behar izatea (jatorrizko testuak erregelamenduzko garapenera igortzen zuen) “produktuen edo salerosketa-gaien jatorriaren adierazgarri gisa bandera eta armarria erabili ahal izateko, bai eta alderdi politiko, sindikatu, enpresari-elkarte edo edonolako entitate pribatuen sinbolo edo logotipo gisa erabili ahal izateko ere”.

 

PSN, Geroa Bai, I-E, EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu taldeen zuzenketei Navarra Sumak baino ez die aurka egin. Horrenbestez, talde horien eskariz, arauaren manu zehatzaileak abolitu dira. Gehienak V. kapituluan zeuden, baina baziren halakoak 4. artikuluan ere (Foru legearen aurkako egintzen deuseztasuna). Xedapen horiekin batera irizpenetik ezabatu dira 6. artikulua (Nafarroako banderaren erabilera), 8.a (Erabileraren araubidea Nafarroako Toki Administrazioan), 12.a (Nafarroako sinboloen sustapena hezkuntzaren arloan), 13.a (Sinboloak toki erakundeetan sustatzea), xedapen gehigarri bakarra (Sinbolo frankistak kentzea) eta zioen azalpena bera.

 

Gainera, eta berriz ere Geroa Bairen proposamenari jarraituz —hark 11. artikulua ordezteko aurkeztutako zuzenketaren kontra Navarra Sumak baino ez du bozkatu—, zilegi izanen da “Nafarroako bandera omentzeko ekitaldiak egin eta foru sinboloen ezagutza eta erabilera sustatzea” —arauak hala egiteko agintzen zion gobernuari—, baita “inguruabar historikoak edo Nafarroaren identitate politikoa islatzekoak” dituzten lekuetan bandera agerian egotea ere.

 

Batzordean egindako eztabaidan 50 zuzenketa jorratu dira, horietatik 9 PSNrenak, 17 Geroa Bairenak, 12 Izquierda-Ezkerrarenak eta beste 12 in voce, EH Bilduk eta Podemos-Ahal Duguk batera sinatuak. 17 atera dira aurrera, eta horietako asko elkarren berdin-berdinak ziren. Talde hauek aurkeztu dituzte: 6 Geroa Baik, 3 PSNk, 4 I-Ek eta beste 4 EH Bildu eta Podemos-Ahal Duguk.

 

Irizpena onetsi ondoren, Nafarroaren Sinboloei buruzko Foru Lege proposamena osoko bilkurara eramanen da behin betiko eztabaida eta bozketa egiteko.

 

Nafarroaren Sinboloei buruzko Foru Lege proposamena aintzat hartu zen iragan urriaren 3ko osoko bilkuran, Navarra Suma eta PSN taldeen aldeko botoekin eta Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E taldeen aurkako botoekin. Orduan jada, foru gobernuari eusten dioten lau taldeek azpimarratu zuten Nafarroaren sinbolo berekien babesa guztiz bermaturik dagoela “2019-2023 programa-akordioak autogobernuaren alorrean gai horri buruz ezartzen duen konpromiso politiko argiaren bidez”.

 

EH Bilduk, bestalde, Nafarroa “askotarikoa” islatu behar duen politika demokratikoa, tolerantziazkoa eta integraziozkoa aldarrikatu zuen.

 

Argudio guztiak Batzordean errepikatu dira gaur. Nafarroa Sumak zehapen-atal bat sartzea justifikatu du “segurtasun juridikoagatik eta auzibidera jo gabe legea berehalakoan aplikatu ahal izateko”.

 

Gaurko bilkuran, Carlos Pérez Nievas (Navarra Suma talde parlamentarioa) buru zutela, honako hauek izan dira: José Suárez, Marta Álvarez, Ángel Ansa, Pedro González, Isabel Olabe (Navarra Suma talde parlamentarioa), Inma Jurío, Ramón Alzórriz, Jorge Aguirre (PSN talde parlamentarioa), Uxue Barkos, Isabel Regúlez (Geroa Bai talde parlamentarioa), Adolfo Araiz, Maiorga Ramírez (EH Bildu talde parlamentarioa), Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkartea) eta Marisa de Simón (Mistoa-Izquierda-Ezkerra talde parlamentarioa).