Noiz argitaratua Osteguna, 2019.eko Martxoak 28

Nafarroan kirol-lanbidean hasteari eta jarduteari buruzko Foru Legea

Osoko Bilkuran onetsia. 2019ko martxoaren 28an

Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak Nafarroan kirol-lanbidean hasteari eta jarduteari buruzko Foru Legea onetsi du gaur aho batez.

 

Gobernuak igorritako legearen helburua da kirol arloko lanbide jakin batzuen oinarrizko alderdiak arautzea, behar diren kualifikazioak eta eremu funtzionala ezarriz.

 

Lanbide hauek arautzen dira, zehazki: Gorputz Hezkuntzako irakaslea, kirol-monitorea, entrenatzailea, kirol-zuzendaria eta prestatzaile fisikoa.

 

Hala, Gorputz Hezkuntzako irakaslearen lanbideak bide ematen du Gorputz Hezkuntzako eskolak emateko dagozkion hezkuntza-mailetan, eta hezkuntza legerian aurreikusitako funtzio instrumental edo eratorri guztiak betetzeko.

 

Kirol-monitorearen lanbideak bide ematen du edozein kirolari edo kirolari-talderentzat honako funtzio hauek betetzeko: plangintza, instrukzioa, ikaskuntza, animazioa, egokitze fisikoa, egoera fisikoa berreskuratzea edo hobetzea, entrenamendu edo prestaketa pertsonala, monitorizazioa, kontrola, gidaritza, laguntza, ebaluazioa eta antzekoak. Nolanahi ere, jarduera horrek ez du egon behar kirol lehiaketetara bideratua. Kirol-monitoreak heziketa lehiaketetan edo kirol hastapenekoetan jardun dezake, lehiaketa horiek errendimendura zuzenduak ez badaude.

 

Monitoreak Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Graduaren bidez egiazta daitekeen kualifikazioa izan beharko du “adina, ahalmen fisiko edo psikikoa, inguruabar sozialak edo osasuna direla-eta arreta berezia” eskatzen duten pertsonekin jardun ahal izateko.

 

Entrenatzailearen lanbideak bide ematen du errendimenduko lehiaketan aritu nahi duten kirolariak eta kirolari-taldeak entrenatzeko, fisikoki eta teknikoki prestatzeko, hautatzeko, aholkatzeko, planifikatzeko, programatzeko, zuzentzeko, gidatzeko, kontrolatzeko, ebaluatzeko eta jarraitzeko, eta antzeko funtzioak betetzeko.

 

Kirol-zuzendariaren lanbideak ahalmena ematen du kirol-zentro, -zerbitzu, -jarduera eta -erakunde publiko nahiz pribatuetan zuzendaritza tekniko, programazio, plangintza, koordinazio, kontrol, ebaluazio, gainbegiratze eta antzeko zereginekin zerikusia duten lanbide-jarduerak gauzatzeko, kirol zientzietako ezagupenak eta teknikak aplikatuz. Era berean, kirol-zuzendariari dagokio kirol-monitorearen edo kirol-entrenatzailearen lanbidean dihardutenen funtzio teknikoak koordinatzea, gainbegiratzea eta ebaluatzea.

 

Prestatzaile fisikoaren lanbideak bide ematen du gorputz- eta kirol-ekintzen eta ariketa fisikoaren gaineko aholkularitza, plangintza, diseinua eta ebaluazio tekniko eta zientifikoa egiteko, bai eta ekintza horiek garatu eta gauzatzeko ere, xedetzat izanik pertsonen egoera fisikoa eta koordinazio gaitasunak mantentzea, garatzea, hobetzea, optimizatzea eta berreskuratzea, haien bizi-kalitatea eta osasuna hobetzeko. Xedetzat du, halaber, lesioak eta patologiak prebenitzea eta haiek dituztenak berreztea, berregokitzea eta berrentrenatzea, eta horretarako, kasuan kasuko ezaugarri eta beharrekin bat datozen gorputz- eta kirol-ekintzak eta ariketa fisikoak egitea. Hori guztia “osasun-arloko profesionalekin lankidetzan arituz eta elkarren lanbide-eremuak errespetatuz” egin behar dute prestatzaile fisikoek.

 

Legeak arreta berezia jartzen die gizarte gaiei, batez ere genero-berdintasunari eta adingabeen babesari.

 

Genero-berdintasunaren alorrean, gizonezkoen eta emakumezkoen lehiaketetako kualifikazioen eskakizunetan diskriminazioa debekatzea aurreikusten du. Gainera, kirol-lanbideetako jardueran berdintasuna sustatzeko neurri garrantzitsu bat ezartzen du.

 

Adingabeen babesari dagokionez, kirolaren esparruan profesionalek adingabeei sexu-abusuak egitea prebenitzeko neurriak ezartzen ditu. Horretarako, prestakuntzaren arloko aurreikuspenak jaso dira, eta protokoloak ezarri dira sexu-abusuei aurrea hartzeko eta erantzuteko. Gainera, Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko da Nafarroako Kirolaren Erregistroan inskribatu ahal izateko.

 

Bestalde, osasunaz eta segurtasunaz ere ari da araua, datuen erregistroari eta irisgarritasunari eta lehen sorospenetarako gutxieneko prestakuntza jaso beharrari dagokienez, batik bat. Ildo horretan, lanbide guztietarako eskatzen da bihotz-biriketako bizkortzeari buruzko prestakuntza izatea eta aldian behin prestakuntza hori eguneratzea. Boluntarioei eskatu beharreko prestakuntza-betekizunak ere arautzen dira.

 

Beste alde batetik, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutua (NKGI), gaur egun kirol entitateetara mugatzen dena, Nafarroako Kirolaren Erregistro bihurtzea proiektatzen du legeak. Erregistro horrek bi atal izanen ditu: Kirol Entitateen Atala eta Kiroleko Profesionalen Atala.

 

Legeak hezkuntza-legeria osatuko du “hezkuntza-eskaintza berrikusteko eta aldatzeko” konpromisotik abiatuta, eta horrek barnean hartuko du “Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Familiako Lanbide Heziketako eskaintza publikoa egitea Iruñerrian”. Eskaintza hori “lurraldearen ikuspegitik antolatuko da, eta bermatu beharko du aukera-berdintasuna eta langile kualifikatuak izatea”.

 

Esparru horretan aurreikusten da “NUPekin batera, eta egoki iritzitako kanpo-aholkularitzarekin, aurretiazko txosten exekutibo bat egitea, zeinean baloratuko baita ikasleen eskari potentzialik ote dagoen Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren eta Fisioterapiaren Zientzietako Gradu bikoitzerako, Europako hezkuntza-erakunde onenekin homologatzen ahal den kalitatearekin”.

 

Txosten horretan haztatu beharko dira halaber “espainiar nahiz atzerritar ikasle onak erakartzeko eta Europako espazioan bultzatzeko eta mugitzeko ahalmenik ote duen, bai eta Unibertsitatearen ikerkuntza-ahalmenak hobetzen edo sendotzen laguntzeko ahalmenik ote duen ere”.

 

Abuztuaren 27ko 66/2014 Foru Dekretuak prozedura administratiboak aurreikusten ditu kiroleko profesionalek froga dezaten behar diren gaitasunak eskuratu dituztela laneko esperientziaren bitartez edo prestakuntza bide ez-formalen bitartez. Harik eta prozedura horiek ezartzen diren arte, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu eta foru legea indarrean jarri aurretik jarduera profesional arautuak etengabe egiten zituztela frogatzen duten pertsonak gaituko dira. Gainera, konpromisoa hartu beharko dute beren gaitasunen aitorpena eskatzeko, bi urte igaro baino lehen erregelamenduz ezarri behar diren epean eta baldintzetan.

 

Gaikuntza hori mugatuko da erakunde berean edo beste batean zeukaten zeregin edo mailara, eta ez du balioko entrenatzaile moduan jarduteko dagokion kualifikazioa izatea eskatzen duten kirol-federazioetarako, hala ezarri badute.

 

Beste alde batetik, “administrazio publikoek, kirol entitateek edo kirol zerbitzuetako enpresek lanpostuen egungo izendapenak” mantendu ahalko dituztela argitzen da, eta hori ez da eragozpen izanen dagozkien kualifikazio profesionalak exigitzeko, “baldin eta lanpostuen eginkizunak bat badatoz araututako zenbait lanbidetako jardunarekin”.

 

Azkenik, proiektuak araua progresiboki aplikatzea aurreikusten du eta 2021eko irailera arteko epea ematen du hura betetzeko.

 

  • www.nafarroakoparlamentua.eus
  • Foru lege proiektua (13. NPAO, 2019-02-01ekoa)
  • Zuzenketak (40. NPAO, 2019-03-15ekoa)
  • Irizpena (44. NPAO, 2019-03-25ekoa)