Noiz argitaratua Asteazkena, 2019.eko Apirilak 17

Nafarroako Parlamenturako eta 346 kontzejuetarako hauteskunde deialdia egin da

Legebiltzarra ekainaren 19an eratuko da, herritarrek maiatzaren 26an botoa eman eta hiru astera

Nafarroako Gobernuak Nafarroako Parlamenturako eta 346 kontzejuetarako hauteskundeetara deitzeko dekretu bana onetsi zituen pasa den astelehenean, apirilaren 1ean. Hauteskunde horiek maiatzaren 26an eginen dira, igandez, eta egun berean Espainia osoan, Gobernu zentralak deituta, udal hauteskundeak eginen dira (272 udal daude Nafarroan).

 

Nafarroako Parlamenturako hauteskunde deia egin duen foru dekretuak hauteskunde kanpainaren hasiera eta amaiera egunak ere ezarri ditu: kanpainak hamabost egun iraunen du, maiatzaren 10an hasiko da eta 25ean amaituko, 00:00etan. Parlamentua eratzeko bilkura ekainaren 19an eginen da, 11:00etan.

 

Hauteskunde egutegia data hauek osatzen dute, aurkezpena (apirilak 17-22), behin behineko argitaratzea (apirilak 24), jakinarazpena (29) eta behin betiko hautagaitzen argitaratzea (apirilak 30), kanpaina aurreko (10-24) eta hauteskunde eguneko (maiatzak 26) azkeneko pausuak.

 

Nafarroako hautesle-errolda Foru Erkidegoan bizi diren 483.783 pertsona espainiarrek osatzen dute, eta horiei gehitu behar zaizkie atzerrian bizi diren eta boto eskubidea duten 27.442 pertsonak.

 

PARLAMENTURAKO HAUTESKUNDEAK

Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak azaroaren 17ko 16/1986 Foru Legearen bidez arautzen dira. 50 parlamentari hautatzen dira hauteskunde-barruti bakarrean. Hautagaiak zerrenda itxi eta blokeatuetan aurkezten dira, eta herritarrek emandako botoen arabera banatzen dira jarlekuak, D’Hondt legearen bidez zuzendutako sistema proportzional batean.

 

Ekainaren 19ko eratze-bilkuran, Parlamentuak bere lehendakaria eta hurrengo lau urteetan erakundea gobernatuko duen Mahaia hautatuko ditu.

 

Egun horretatik aurrera, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria aurkezteko eta, kasua bada, hautatzeko prozedura eginen da.

 

Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria Parlamentuak hautatzen du bere kideen artetik, eta erregeak izendatzen du.

 

a) Proposamena. Parlamentua eratu eta 10 eguneko epean, Parlamentuko lehendakariak kontsulta egin behar die bertan ordezkaturik dauden alderdi edo talde politikoek izendatutako eledunei, hautagai bat proposatu behar du, eta osoko bilkurarako deia egin behar du, 3 egun lehenagotik, gutxienez.

 

b) Inbestidura eztabaida. Parlamentuko lehendakariak proposamena jakinaraziko du. Horrela hasiko da inbestidura bilkura. Ondoren, hautagaiak bere programa politikoa azalduko du, denbora mugarik gabe. Talde parlamentarioak hogeita hamarna minutuz mintzatu ahalko dira, handienetik hasi eta txikieneraino; hitz egiten azkena Talde Mistoa izanen da, eta dagokion denbora taldekideen artean banatu ahalko du. Hautagaiak nahi duen guztietan erantzun ahalko die taldeei, banaka edo batera, eta taldeek eskubidea izanen dute hari ihardesteko, Legebiltzarreko lehendakariak erabakitzen duen denboraz.

 

c) Bozketa. Bozketa isilpekoa izanen da eta boto-txartelen bidez eginen da. Lehendakariak aurrez ezarritako orduan eginen da. Hautagaiak gehiengo osoa lortzen badu, konfiantza eman zaiola ulertuko da; halako gehiengorik lortzen ez badu, hogeita lau orduren buruan beste bozketa bat eginen da, eta horretan konfiantza eman zaiola ulertuko da gehiengo soila lortzen badu.

 

d) Izendapena eta karguaz jabetzea. Hautagaiari konfiantza ematen bazaio, Parlamentuko lehendakariak erregeari jakinaraziko dio hori, hautagaia Nafarroako Gobernuko lehendakari izenda dezan, BOEn eta NAOn argitaratuko den errege dekretu baten bidez; dekretu hori NAOn argitaratzen denetik 10 egun natural iragan baino lehen, lehendakari hautetsia karguaz jabetuko da, zin edo promes eginez Parlamentuko lehendakariaren aurrean (abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 24. eta 25. artikuluak).

 

Hautagaia arbuiatzen bada, hurrenez hurreneko hautagai-proposamenak izapidetu beharko dira modu berean.

 

Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak egin eta gero hiru hilabete iragan eta hautagairik aurkeztu ez bada edo aurkeztu direnetatik inor hautatu ez bada, Parlamentua deseginen da eta beste hauteskunde batzuk deituko dira berehala. Hauteskunde dei horretatik sortzen den Parlamentu berriak lau urteko legealdi osoa iraunen du.

 

Parlamenturako hauteskundeak

http://www.navarra.es/home_eu/Navarra/Instituciones/Elecciones+2019/Elecciones+Parlamento/

 

Hautagai zerrendak

https://www.navarra.es/home_eu/Actualidad/BON/Boletines/2019/78/Anuncio-0/

 

Hauteskundeei buruzko araudia

https://www.navarra.es/home_eu/Navarra/Instituciones/Elecciones+2019/Normativa+Electoral/

 

Antolaketa eta funtzionamendua

http://www.navarra.es/home_eu/Navarra/Instituciones/Elecciones+2019/Organizacion+y+funcionamiento/

 

Aurreko hauteskundeak

https://www.navarra.es/home_eu/Navarra/Instituciones/Elecciones+2019/Resultados+Anteriores/

 

Nola bozkatu

https://www.navarra.es/home_eu/Navarra/Instituciones/Elecciones+2019/Como+Votar/

 

Kontzejuetarako hauteskundeak

346 kontzejuetarako hauteskundeei buruzko foru dekretuak kontzejuetako kideak hautatzeko sistema eta erabili behar diren txartel, gutun-azal eta inprimakien ereduak ezartzen ditu.

 

Kontzeju bakoitzeko biztanleen kopuruaren arabera, hauteskunde horietan honako karguak beteko dira:

 

-1.000 pertsonako edo gehiagoko kontzejuen junta presidenteak eta sei bokalek osatuko dute.

 

-50 biztanle baino gehiago eta 1.000 biztanle baino gutxiagoko kontzejuetan, presidenteak eta lau bokalek osatuko dute; baita Kontzeju Irekia erregimenarekin zuzendutako eta Foru Administrazioari junta izateko borondatea, hauteskundeen deialdiaren aurretik legezko kideen gehiengo osoak onetsitako akordioarekin bitartez eskatu dutenek ere.

 

-50 biztanle baino gutxiago dituzten kontzejuetako presidentea Kontzeju Irekia erregimenaren bitartez zuzenduko da; baita biztanle gehiago izanik, eta hauteskundeen deialdiaren aurretik Juntako gehiengo osoak onetsitako akordioaren bitartez Foru Administrazioari Kontzeju Irekia eratzeko borondatea aurkeztu dutenek ere.

 

Halaber, kontzejuen zerrenda onetsi da, hurrenkera alfabetikoan antolatua, kontzejuak udalerrietan bilduta. Kontzeju bakoitzari dagokion udalerria zehazten da, bai eta kontzeju bakoitzean Kontzeju Irekiko lehendakaria ala Batzarreko lehendakaria eta kideak hautatu behar diren ere.

 

Kontzejuetarako hauteskundeak

http://www.navarra.es/home_eu/Actualidad/Sala+de+prensa/Noticias/2019/03/27/convocatoria+elecciones+346+concejos+navarra.htm