Noiz argitaratua Ostirala, 2020.eko Maiatzak 8

Nafarroako Parlamentuko organo guztiek bilkura presentzialak, ez-presentzialak edo mistoak egin ahalko dituzte maiatzaren 18tik aurrera

Legebiltzarrak telelana mantenduko du lan presentzialera mailaka itzultzeko plan bat prestatzen duen bitartean eta gai guztiak izapidetzeari berrekinen dio, lan bilerak eta ponentziak izan ezik

Nafarroako Parlamentuak aho batez onetsi du gaur Jarduera Presentzialera Itzultzeari Buruzko Plana. Plan horrek, martxoaren 16an onetsitako Kontingentzia Planaren esparruan, egokitzen ditu Osasunaren Mundu Erakundeak 2020ko martxoaren 11n koronabirusa nazioarteko pandemia deklaratu ostean ezarritako neurri bereziak.

 

Mahaiaren eta Eledunen Batzarrak erabaki hori hartu dute, hain zuzen ere, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren laugarren luzapenaren ondoriozko egoerara egokitu beharra dagoelako. COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko alarma egoera deklaratu zuen Errege Dekretuaren luzapen horri buruzko erabakia maiatzaren 6an hartu zuen Kongresuak.

 

Dokumentuan planteatzen da jardun arrunterako itzulera mailakatua, halako moduz non zenbait zuhurtasun-neurri hartuko baitira, erakundearen funtsezko eginkizunak bateratze aldera eginkizunak Parlamentu honetan betetzen dituzten guztien osasuna zaintzearekin.

 

Testuinguru horretan, Nafarroako Parlamentuak heldu den astelehenean, maiatzak 10, berrekinen dio jarduera parlamentario ia osoari. Soilik jarraituko dute etenda ponentziak, batzordeen lan-bilkurak, bai eta bidaia ofizialak, bisitak, ekitaldi publikoak, eskola-ikasleen osoko bilkurak eta antzekoak, hitzaldiak, erakusketak, bisita gidatuak eta abar.

 

Hala, Foru Parlamentuko organo guztiek bilkura presentzialak, ez-presentzialak edo mistoak –horietan, foru parlamentarietako batzuk egoitzan bertan egonen dira eta beste batzuek bideokonferentzia bidez parte hartuko dute.

 

Egunero bilera presentzial bat egiteko muga mantentzen da parte hartu behar duten gobernukideak edo foru parlamentarioak aldatzen direnean, eta hauek guztiak Osoko Bilkuren aretoan burutuko dira.

 

Proposatzen dena da jarduera parlamentarioa areagotzea batzorde-bilkura ez-presentzialen bidez. Bilkura horiek maiatzaren 18tik aurrera eginen dira, behin ezarrita bideokonferentzia ikus-entzunezko sisteman integratzeko beharrezkoak diren baliabide telematikoak, bilkurak grabatu eta Internet bidez (streaming) emititzeko xedez. Betiere ziurtatuko da euskaraz parte hartzeko eskubidea eta aldi bereko itzulpen zerbitzua izanen da.

 

Batzordeen bilkura telematikoetan parte hartzeak ez du inongo murriztapenik izanen eta, horrenbestez, batzordea osatzen duten 15 foru parlamentariek, batzordeari laguntzen dion legelariak eta agerraldia egin beharreko kontseilariak parte hartu ahalko dute. Erregelamenduaren 101. artikuluarekin bat, bozketa publikoa eginen da, banan-banan deituta.

 

Bat-bateko matxura tekniko bat gertatuz gero, parlamentari bati eragotzi egiten diona parte hartzea, dela bideokonferentziaz dela segimendua bermatzeko egokiak diren bestelako sistema teknikoen bidez, eten eginen da bilkura, non eta kasuko parlamentariak ez duen adierazten baimendu egiten duela bilkurak jarraitzea.

 

Batzordeen bilkurak presentzialak ere izan ahalko dira, batzordea osatzen duten 15 parlamentariak osoko bilkuren aretoan bertan direla, areto horrek egungo egoeran duen gehieneko edukiera 21 eserlekura mugatu baita. Kasu horretan bozketa elektronikoa izanen litzateke, edo eskua jasota egindako bozketa. Bilkura mistoak eginen balira, parlamentarietako batzuek bideokonferentzia bidez parte hartuta, bertan ez dauden parlamentariek modu publikoan bozkatuko lukete, banan-banan deituta.

 

Halaber, maiatzaren 21etik aurrera osoko bilkura mistoak egitea ere aurreikusi da. Bilkura horietan, parlamentari batzuek modu presentzialean parte hartuko dute eta beste batzuek, berriz, modu telematikoan, bideokonferentzia bidez (osoko bilkuren aretoko pantailak) eta botoa eskuordetuko dute.

 

Osoko Bilkura presentzialetan (arruntetan eta kontrolekoetan) eserleku-banaketa taldeen ordezkagarritasun-mailaren arabera eginen da eta, hala, Navarra Sumak hiru eserleku izanen ditu, PSNk, Geroa Baik eta EH Bilduk bina eserleku eta Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda- Ezkerrak bana. Bi kasuetan aurreikusten da gehienez ere sei gobernukidek parte hartzea (lehendakariak eta bost kontseilarik), bai eta Mahaiko bost kideek ere. Horietako bik, bigarren lehendakariordeak eta bigarren idazkariak, ‑beharrezkoa balitz,‑ prentsa-kabinetatik jarraituko dute bilkura, osoko bilkuren aretoaren gehienezko edukiera ez gainditzeko xedez.

 

Hedabideei dagokienez, Jarduera Presentzialera Itzultzeari Buruzko Planean jasotzen da prentsaurreko arruntak atalondoan egiteko aukera, kazetarien parte-hartzearekin, gune hori aldez aurretik egokitzen bada segurtasun neurriak betetze aldera.

 

Halaber, aurreikusten da osoko bilkuren aretoan prentsaurrekoak bideokonferentzia bidez (streaming) emateko aukera, hedabideetako profesionalek bitarteko telematikoen bidez galderak zuzenean egiteko aukerarekin.

 

Hala ere, heldu den maiatzaren 11n Mahaiaren eta Eledunen Batzarraren bilkuraren ostean aurreikusita dagoen prentsaurrekoa azken asteotan egin den modu berean eginen da. Kazetariek aldez aurretik helarazi beharko dituzte galderak prentsa zerbitzuaren bitartez.

 

Epe parlamentarioei dagokienez, berriro zenbatzen hasiko dira, etenda jarraitzen duten ekimenekin –hala nola lan bilerak eta batzordeen bisitak– zerikusia dutenak izan ezik.

 

Administrazio-epeei dagokienez, etenda jarraitzen dute alarma-egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren arabera. Hala eta guztiz ere, maiatzaren 5eko 17/2020 Errege Lege-dekretuko zortzigarren xedapen gehigarriak ezartzen duena aintzat hartuko da (arau horrek kulturaren sektoreari laguntzeko neurriak eta tributu-izaerakoak onesten ditu, COVID-19aren inpaktu ekonomiko eta sozialari aurre egiteko), honakoari dagokienez: Sektore Publikokoak diren entitateek sustaturiko kontratazio-prozeduretako epemuga-eteteak eta epe-gerarazpenak kentzea, haien izapidetzea bitarteko elektronikoak erabiliz egiten denean. Halaber baimentzen da kontratazio-prozedura berriak hastea, haien izapidetzea ere bitarteko elektronikoak erabiliz egiten denean.

 

Parlamentuaren egoitzarako sarbideak, hasiera batean lehendakariari eta Mahaiko eta Eledunen Batzarreko kideei mugatu zenak, murriztuta jarraituko du eta parlamentariak, talde parlamentarioen laguntzaileak, Lehendakaritzaren kabinetea eta jarduera parlamentarioa behar bezala garatzeko beharrezkoa den langile funtzional eta teknikoak sartu ahalko dira. Betiere egonaldia mugatuta egonen da beharrezkoak diren eginkizunak betetzeko ezinbestekoa den denborara, eta egonaldia betiere eginen da segurtasun-bermearekin. Lehendakariaren edo idazkari nagusiaren baimena behar izanen da salbuespeneko bestelako edozein errekerimendurako.

 

Koronabirusagatik arrisku-egoerak jarraitzen duen bitartean, erregistro guztiak modu telematikoan egiten jarraituko dira. Horretarako, parlamentarioek gaituta duten sistema erabiliko dute, eta gainerako interesdunek, berriz, posta elektronikoko honako helbide hau: [email protected].

 

Bestalde, salbuespen egoera martxoaren 29az harago luzatuko balitz aurreikusi zenez, telelanaren sistema mantentzen da beren eginkizunak araubide horretan betetzen dituzten Nafarroako Parlamentuko langile guztientzat, langileen jarduera presentziala bilkura presentzialen beharrizanetara egokituta eta, betiere, osasun-segurtasuneko neurriak beteta.

 

Ondorioz, kutsatzeko arriskuak dirauen bitartean gomendatzen da ahalik eta gutxien bertaratzea eta, horrenbestez, etxetik lan egitea. Hori posible izan ez, eta jarduera parlamentarioak ez duenean beharrezko egiten langilea fisikoki Legebiltzarraren egoitzara bertaratzea, ezinbesteko eginbehar gisa joko da langilea bere etxean egotea.

 

Legebiltzarreko langileek zilegi izanen dute, 0tik 14 urtera bitarteko adineko seme-alabak edo menpeko edadetuak zaintzeko, bizitza pertsonala eta lanekoa bateragarri egiteko beharrezkoa den ordutegi-malgutasunaz jardutea, 7:30etatik hasita 20:30erako tartean.

 

Bitartean, Nafarroako Parlamentuko zerbitzuetako arduradunek lan presentzialari dagokionez langile guztien pixkanakako itzulera plan bat aurkeztu beharko dute maiatzaren 14a baino lehen, pertsonarteko gutxieneko distantziak beterik eta kasuko zereginak Legebiltzarreko langileentzako ahalik eta arrisku txikienarekin egin daitezen sustaturik.

 

Gogoratuko denez, martxoaren 16an Parlamentuak eraikina eta haren zerbitzu guztiak itxi zituen, baita lan parlamentarioak murriztu ere. Lan horiek Mahaiaren eta Eledunen Batzarraren bilkuretara eta beste legebiltzar-organo batzuen (orain arte, Osoko Bilkura eta Batzordeak) bilkura zehatzetara mugatu zituen —ahal dela bideokonferentziaz—, baldin eta atzeraezintzat jotzen diren premiazko arrazoiengatik egin behar baziren. Hori guztia segurtasun-bermeekin eginen da, osasun-agintarien gomendioei jarraikiz.

 

Alarma egoera deklaratu zenetik, Nafarroako Parlamentuak bost osoko bilkura egin eta bost lege onetsi ditu, horietako bi aurretik baliozkotutako Foru Lege-dekretuetan oinarritutakoak.

 

Apirilaren 8an Parlamentuko Osoko Bilkurak hiru foru lege onetsi zituen aho batez, zehazki, Covid-19ak eragindako osasun publikoko arrazoiak direla-eta hartutako neurri berezi eta urgenteek ekarritako behar bereziei erantzuteko kreditu-gehigarria ematen duena, kreditu berezia ematen duen legea eta Nafarroako 2020rako Aurrekontu Orokorrei buruzko martxoaren 4ko 5/2020 Foru Legea aldatzen duena.

 

Aurretik, apirilaren 3an, Legebiltzarrak bi foru lege onetsi zituen, koronabirusaren (COVID 19) osasun-krisiak eragindako inpaktuari erantzuteko premiazko neurriak indarrean jartzen dituzten martxoaren 18ko 1/2020 eta martxoaren 25eko 2/2020 Foru Lege Dekretuen edukia jaso eta zabaltzen dutenak. Lehena aho batez onetsi zen, eta bigarrena, berriz, EH Bilduren abstentzioarekin. Bi arauen indarraldiak egoera hau eragin duten baldintza bereziak desagertu artean iraunen du. Oinarrian dauden bi Foru Lege-dekretuak martxoaren 27an baliozkotu ziren aho batez. Hirugarren foru lege-dekretu bat ere aho batez baliozkotu zen apirilaren 15ean, eta laugarren bat maiatzaren 7an.

 

Horrez gain, Kontroleko Osoko Bilkura bat eta María Chivite Gobernuko Lehendakariaren hiru agerraldi egin dira Foru Araubideko Batzordean, apirilaren 24ra arte kontroleko, informaziorako eta idatzizko komunikaziorako bideratutako batzordean.

 

Era berean, lau agerraldi egin dira, zehazki, Eskubide Sozialetako kontseilariarena, Osasun kontseilariarena, Kultura eta Kirolekoarena eta Garapen Ekonomiko eta Enpresarialekoarena.