Noiz argitaratua Asteazkena, 2020.eko Otsailak 26

Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordeak Lizarrako Remontival Ikastetxe Publikoa bisitatu du

Zentroak erabiltzen ez diren espazioak egokitzeko eskatu du, Hezkuntza Bereziko ikasleak baliabide berriekin hornitzeko eta 21 urtera arte gelditzeko aukera emateko.

Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordea bisitan izan da gaur, Navarra Suma talde parlamentarioaren ekimenez, Haur eta Lehen Hezkuntzako Lizarrako Remontival Ikastetxe Publikoan. Zentroa 1974. urtean jarri zen martxan, eta gaur egun 780 ikasle daude bertan (D eta A/G IIP ereduak); horietako 8 Hezkuntza Berezian. Guztira, 80 irakasle dituzte.

 

Batzordekide hauek egon dira: Javier García, Pedro González (Navarra Suma talde parlamentarioa), Jorge Aguirre (PSN talde parlamentarioa), Blanca Regúlez (Geroa Bai talde parlamentarioa), Patricia Perales (EH Bildu talde parlamentarioa) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).

 

Honako hauek egin diete harrera Parlamentuko ordezkariei: Noemí Larrañaga Remontival Ikastetxe Publikoko zuzendariak, Marta García orientatzaileak, Gonzalo Fuentes Lizarrako alkateak eta Marta Ruiz de Alda Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurumeneko zinegotziak.

 

Sarrera-hitzaldian Javier Garcíak bisitaren xedea zein izan den azaldu du: hezkuntza bereziko ikasleentzako (8) gaituriko instalazioen ezaugarriak eta horientzako xedaturiko hezkuntza-eskaintza zuzenean ezagutzea, “beharrizanen eta kalitatezko hezkuntza-proiektu inklusibo bat garatzeko beharrezkoak diren instalazioen arteko elkarrekikotasun falta berresteko”.

 

Segidan, parlamentariak Hezkuntza Berezia ematen den geletara sartu dira eta, zuzendariarekin eta udal agintariekin batera, funtzionaltasun defizita eta 3. eraikina deiturikoan (eskualdeko eskolako egoitza zaharra) erabiltzeke dauden espazioak egokitzearen bidez lehengoratzeko aukera dagoela egiaztatu dute.

 

Jarraian, eta agerian jarri ostean “arreta egoki baterako baldintzen faltatik eratorritako irisgarritasun- eta zailtasun-arazoak”, Noemí Larrañagak 3. eraikinean esku hartzeko aukera proposatu du, instalazioak berritzeaz gain, hezkuntza-eskaintza 21 urtera arte zabaltzeko.

 

“Oraintxe bertan, irisgarritasun-arrazoiak direla eta, Haur Hezkuntzako korridorean gaude; bertan, bi gela eta eskura ez dauden egokitu gabeko komunak bakarrik dauzkagu. Argi dago gela berriak, zerbitzu berriak eta balio anitzeko espazio berriak (fisiorako ere) behar direla. 3. eraikineko lehenengo solairua egokitu beharko litzateke; bertan, bi gela (tailla- eta egur-lantegiak) bakarrik daude, tokia sobera baitago. Onena litzateke bertara lekualdatzea Hezkuntza Berezi guztia eta 21 urtera arte zabaltzea eskaintza, 16 urterekin bertatik irten behar baitute Andrés Muñozera, Isterriara, Aspacera... Desplazamenduak saihestuko lirateke”.

 

Udal eraikin bat denez eta ez dagoenez balorazio ekonomikorik, Gonzalo Fuentes Lizarrako alkateak Hezkuntza Sailari 3. eraikineko lehenengo solairua birmoldatzeak ekarriko lukeen gastuaren inguruko aurrekontu bat helarazteko konpromisoa hartu du. Navarra Suma, Geroa Bai, PSN, EH Bildu eta I-Eko eledunen arabera, aipaturiko espazioan egin beharko litzateke Hezkuntza Bereziko azpiegitura berrien berregokitzea.

 

Javier Garcíak (Navarra Suma talde parlamentarioa) “atzerapenik gabe instalazioak egokitzeko lan egitearen alde” agertu da, “Nafarroako Gobernuaren inplikazioarekin, Hezkuntza Bereziari merezi duen tratamendua emateko. Onena da ez dela ezer eraiki behar, espazio baliogabeak egokitu besterik ez da egin behar. Horretaz gain, hezkuntza-eskaintza 21 urtera arte luzatu badaiteke, horrek familientzako dakarren lasaitasunarekin, askoz hobeto. Posiblea eta beharrezkoa da.

 

Jorge Aguirrek (PSN) ziurtatu du bere taldeak ulertzen dituela beharrizanak eta proposamena zentzuzkoa iruditzen zaiela. Hala ere, Udalak proiektua kuantifikatu behar du gaia sakonago aztertu aurretik. Hezkuntza Sailarekin hitz eginen dugu, berari dagokio lehentasuna ematea, baina eskaerak egokiak iruditzen zaizkigu”.

 

Ildo beretik, Blanca Regúlezek (Geroa Bai), Remontivaletik pasa ostean “Hezkuntza Bereziak dituen gabeziak” ikusi dituela adierazi du. “Ikastetxeak baditu handitzeko aukerak, baina lehenik aurrekontua egin behar da eta gero lehentasunen hurrenkera ezarri behar da. Lehenengo urratsa Lizarrako Udalari dagokio”.

 

Patricia Peralesek (EH Bildu talde parlamentarioa) honako balorazio hau egin du: “premiazkoa da esku hartzea Hezkuntza Bereziko berezitasunetatik hurbilen dauden espazio eta inguruak egokitzeko. Gabeziak agerikoak dira, inbertsioa justifikatuta dago. Aurrekontu bat behar da; gero, Sailak ezartzen duen lehentasunen menpe egonen da”.

 

Marisa de Simónen (Geroa Bai) ustez, “guztiz beharrezkoa da Hezkuntza Bereziari espazio duin bat eskaintzea eta, bide batez, ikasleei 21 urtera arte jarraitzeko aukera ematea. Espazio hutsen egokitzapenak bideragarria dirudi. Hori bai, bikaina iruditu zait ikasleek irakasleengandik jasotzen duten arreta”.