Noiz argitaratua Osteguna, 2019.eko Azaroak 28

Nafarroako Parlamentuaren Domina Euskaltzaindiari emateko ekitaldia astelehenean eginen da

Arratsaldean Nafarroako Orkestra Sinfonikoak kontzertua eskainiko du Legebiltzarraren atalondoan

2019ko Nafarroaren Egunaren karietara antolatutako ekitaldi-programari abenduaren 2an, datorren astelehenean emanen zaio jarraipena, Nafarroako Parlamentuaren Domina Euskaltzaindiari emateko ekitaldiarekin, Euskaltzaindiak bere mendeurrena ospatzen duen honetan.

 

Ekitaldia Osoko Bilkuren aretoan eginen da 11:00etan eta Unai Hualde Legebiltzarreko Lehendakariak eta Andrés Urrutia Euskaltzaindiako lehendakariak parte hartuko dute.

 

Gainera, talde parlamentarioetako ordezkariek pasa den astelehenean, hilaren 25ean Eledunen Batzarrak onetsitako Adierazpen Instituzionala irakurriko dute.

 

Noelia Compainsek jota bat kantatuko du eta Julio Sotok bertso bat eskainiko du.

 

Arratsaldean (19:00) Nafarroako Orkestra Sinfonikoak kontzertua eskainiko du Legebiltzarraren atalondoan.

 

Lehenengo udal eta foru hauteskundeen 40. urteurrena

 

Nafarroaren eguna ospatzeko ekitaldi-programa abenduaren 4an amaituko da, Nafarroako Lehenengo Udal eta Foru Hauteskundeen 40. urteurrena ospatzeko ekitaldi instituzionalarekin.

 

Osoko Bilkuren aretoan ospatuko da 18:00ean, Parlamentuko Mahaiko kideak mahaiburu izanen dira eta gonbidatuta daude legegintzaldi guztietako parlamentarioak, Foru senatariak, Kontuen ganberako lehendakariak eta historian zehar Parlamentuak izendatutako Arartekoak, Nafarroako Gobernuko kideak, Merindadeetako alkateak eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko Lehendakaria.

 

Unai Hualde Parlamentuko Lehendakariak eta María Chivite Nafarroako Gobernuko Lehendakariak parte hartuko dute ekitaldian.

 

Goiz horretan (11:00) Nafarroako Parlamentuaren berrogei urteak biltzen dituen atzera begirako erakusketa inauguratuko da. Duela bi urte, Nafarroako Egunaren karietara egindako erakusketa ibiltariaren jarraipena da. Oraingoan lekua egiten zaie lehenengo Legebiltzarra (1979) osatu zuten 70 emakume eta gizonei, frankismoaren ondorengo parlamentarismo demokratikoari jatorria eman ziotenak.

 

Atea irekien jardunaldiak

 

Abenduaren 2 eta 3an Nafarroako Parlamentuak herritarrei ateak irekiko dizkie berriz ere.

 

Nafarroako Legebiltzarraren egoitza ezagutzeko aukera izanen dute bertaratzen diren herritarrek, Osoko Bilkuren aretoa, Batzordeetarako aretoak, Mahaiaren eta Eledunen Batzarraren aretoa, Ataria eta Erakunde aretoa.

 

Parlamentu jarduera non gauzatzen den ikusi ahal izango dute bisitariek, legeak non onesten diren eta Nafarroako Gobernuaren kontrola nondik egiten den. Azken finean, Legebiltzar nafarraren eginkizunei buruzko informazio eta azalpenak jasoko dituzte, bere antolakuntza eta funtzionamenduari buruz. Nafarroako Parlamentuaren bilduma artistikoa ere ezagutzeko aukera izanen dute bertaratzen direnek.

 

Bisitak abenduaren 2an goiz eta arratsaldez izanen dira eta abenduaren 3an goizez. Bisita egiteko eskaera doakoa da eta 948209209 telefonoaren bidez egin daiteke 9etatik 15etara.