Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Apirilak 2

Nafarroako Parlamentuaren aurrealdea urdinez argiztatuko da gaur gauean Autismoaren Kontzientziaziorako Nazioarteko Egunarekin bat eginez

‘Ikas dezaket, lan egin dezaket' lelopean kalitatezko hezkuntza eta enplegurako sarbidea aldarrikatzen da, eta koronabirusaren krisi bete-betean, gaitasun desberdinak dituzten haurrenganako enpatia eta sentsibilizazio handiagoa eskatzen da

Nafarroako Parlamentuaren aurrealdea urdinez argiztatuko da ostegun honetan, apirilaren 2an (20:30etatik 24:00ak arte), Autismoaren Kontzientziaziorako Nazioarteko Egunarekin bat eginez. Aurten Ikas dezaket, lan egin dezaket lelopean ospatzen da, eta aldarrikatzen da autismoa duten pertsonen beharrei, lehentasunei eta gaitasunei egokitutako eta beren bizikalitatea hobetuko duten neurriak hartzea, kalitatezko hezkuntza eta enplegurako sarbidea ahalbidetuko dutenak.

 

Aurtengo ospakizunak garrantzia berezia dauka, izan ere, herrialdea koronabirusaren krisian bete-betean sartuta eta Alarma Egoeraren eraginez geldialdian egonik, autismoa duten haurrek nahi gabe protagonismoa hartu dute, gaitasun desberdinak dituzten haurrenganako enpatia eta sentsibilizazio handiagoa eskatzen ari baita.

 

Hori dela eta, gaur gauean, osasun arloko langileei zuzendutako txaloen ostean, Espainiako Autismo Konfederazioak deia egin du 21:00ean leiho eta terrazetara irteteko eta eraikinak argi urdinez betetzeko, modu honetan kolektibo honi ikusgarritasuna emateko.

 

Espainian autismoaren inguruan lan egiten duen mugimenduak, Espainiako Autismo Konfederazioak bultzatuta eta Europako Autismo Elkartearekin elkarlanean, kontzientziazio kanpaina bat sustatzen dute gizartean gaitz honi buruzko informazioa zabaltzeko eta Autismoa dutenen eta euren familien errealitatea eta beharrak mahai gainean jartzeko.

 

Nazio Batuen Asanblea Nagusiak 2008an ezarri zuen apirilaren 2a Autismoaren Kontzientziaziorako Nazioarteko Egun gisa.

 

Nafarroako Parlamentuko atean 2014ko urtarriletik piktograma bat dago, autismoa duten pertsonek bertan garatzen diren funtzio eta ekintzak uler ditzan. Irudiak, bisualki erakunde parlamentarioa identifikatzea ahalbidetzen du, eta eraikinaren sarreran dago, Navas de Tolosa kalean.