Noiz argitaratua Astelehena, 2020.eko Urtarrilak 13

Nafarroako Parlamentuak zeharo errefusatzen du Tuteran izandako sexu-erasoa, eta bere elkartasuna adierazten dio biktimari

Mahaiaren eta Eledunen Batzarrak onetsia. 2020ko urtarrilaren 13an

Eledunen Batzarrak aho batez onetsi du adierazpen instituzional bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak zeharo errefusatzen baitu Tuteran izandako sexu-erasoa, eta bere elkartasuna adierazten baitio biktimari. Navarra Suma, PSN, Geroa Bai eta EH Bildu talde parlamentarioek, Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarioen elkarteak eta I-E talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

“1. Nafarroako Parlamentuak zeharo errefusatzen du Tuteran izandako sexu-erasoa, eta Foruzaingoaren lanak ustezko erasotzailea lehenbailehen atxilotzea ahalbidetuko duela espero du.

 

2. Nafarroako Parlamentuak bere elkartasuna eta babesa agertzen dizkie sexu-eraso horren biktima izandako emakumeari eta haren familiari.

 

3. Nafarroako Parlamentuaren ustez, sexu batek bestea menderatzearen adierazgarririk gorena da sexu-indarkeria, bai eta emakumeen integritatearen eta askatasunaren aurkako atentatu handi bat ere.

 

4. Nafarroako Parlamentuak zeharo errefusatzen du emakumeen aurkako indarkeria oro, indarkeria matxista modu ororekiko tolerantziarik batere ez duela izanen adierazten du eta indarkeria mota hori desagerrarazteko, segurtasuna hobetu eta emakumeek edozein ingurunetan askatasuna erabat baliatzeko lan egiteko konpromisoa agertzen du.

 

5. Nafarroako Parlamentuak herritarrei berriz ere gonbit egiten die ez daitezen ezer egin gabe gelditu emakumeen aurkako indarkeriaren eta erasoen aitzinean, eta emakumeek beren harremanei, gorputzari eta sexualitateari buruz erabakitzeko eskubidea dutela erreklamatzen du.

 

6. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Tuterako Udalaren komunikatuarekin, eta eskertu egiten du atzo, 19:00etan, herritarrek deitu zen elkarretaratzean parte hartu izana.

 

7. Nafarroako Parlamentuak Tuterako Udalari eta, horresbestez, Erriberako hiriburuko herritar guztiei helaraziko die adierazpen hau”.