Noiz argitaratua Asteazkena, 2020.eko Maiatzak 13

Nafarroako Parlamentuak ostegun honetan Gobernuaren kontroleko Osoko Bilkura eginen du

Osasun agintarien gomendioei jarraiki Legebiltzarrak atalondoa egokitu du eta bihartik aurrera kazetarien presentzia fisikodun prentsaurrekoak berreskuratuko ditu

Nafarroako Parlamentuak bigarren kontroleko Osoko Bilkura eginen du ostegun honetan, maiatzak 14 (09:15), koronabirusari aurre egiteko kontingentzia-planaren baitan Legebiltzarreko Mahaiak martxoaren 16an parlamentu-jarduera murriztu zuenetik.

 

Parlamentuko Segurtasun eta Osasun batzordearen txostenak dioenez, eta Mahaiak eta Eledunen Batzarrak pasa den apirilaren 8an adostutako erabakiaren arabera, honakoa izanen da eserleku-banaketa Osoko Bilkura presentzialetan, taldeen ordezkagarritasun-mailaren arabera: Navarra Sumak hiru eserleku izanen ditu, PSNk, Geroa Baik eta EH Bilduk bina eserleku eta Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda- Ezkerrak bana.

 

Gobernuaren ordezkari gisa, Lehendakariak eta bost kontseilarik parte hartzeko aukera izanen dute. Gainerako eserlekuak, legelari nagusiaz gain, Mahaiko bost kideentzat izanen dira, eta horietako bi, bigarren Lehendakariordea eta bigarren idazkaria, behar izanez gero, prentsa kabinetan egonen dira.

 

Kontroleko Osoko Bilkura honekin batera eta pasa den ostiralean Mahaiak onetsitako Jarduera Presentzialera Itzultzeari Buruzko Planari jarraiki, Nafarroako Parlamentuak ostegun honetan kazetarien presentzia fisikodun prentsaurrekoei ekingo die berriz.

 

Horretarako, osasun agintariek gomendatutako segurtasun neurriak betetzeko atalondoa egokitu egingo da eta kazetarien presentzia beren lana egiteko behar duten denborara mugatuko da.

 

Ostegun honetako prentsaurrekoa, kontroleko Osoko Bilkura (09:15) hasi aurretik eginen da, 8:45ean (atalondoan). Eledunek ordezkaritza txikiena duenetik handienera eginen dute agerraldia, hau da, Izquierda-Ezkerrak emanen dio hasiera eta Navarra Sumak amaiera. Unai Hualde Parlamentuko Lehendakaria ere hala eskatzen duten hedabideen esanetara egonen da.

 

https://www.parlamentodenavarra.es/eu/node/151137