Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Irailak 21

Nafarroako Parlamentuak Katalunian gertatzen ari den salbuespen demokratikoko egoera salatzen du

Bi adierazpen instituzional onetsi ditu, eta haiek Osoko Bilkuraren hasieran irakurri ondoren bost minutuko bilkura isila eginen du legebiltzarraren egoitzaren atarian

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak gaur, osteguna, bilkura berezi bat egin dute, eta hartan, UPN, PSN eta PPNren aurkako botoekin, bi adierazpen instituzional onetsi dituzte, lehenengoa Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu taldeek aurkeztua eta bigarrena Izquierda-Ezkerrak aurkeztua.

 

Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Duguren ekimenez onetsitako adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak bere arbuioa eta alarma adierazten ditu Kataluniako autonomian egitatezko bidetik esku hartu delako eta Estatuko segurtasun kidego eta indarrek egindako polizia-operazioagatik, zeinak ekarri baititu Generalitateko egoitzetan miaketak egitea eta erakunde horretako arduradun legitimoak atxilotzea.

 

2. Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernua, Alderdi Popularrekoa, premiatzen du oinarrizko eta funtsezko askatasunen aurkako errepresio-estrategiari utz diezaion, demokraziaren oinarrizko printzipioen kontrakoa baita.

 

3. Nafarroako Parlamentuak bere konpromisoa berresten du funtsezko printzipio demokratiko guztiekiko, eta bere elkartasuna adierazten die Kataluniako herriari eta Alderdi Popularraren Espainiako Gobernua zuzentzen ari den errepresio politiko eta demokraziaren aurkakoa pairatzen ari diren pertsona eta erakunde guztiei.

 

4. Nafarroako Parlamentuak erabaki du bost minutuko elkarretaratze bat egitea gaur, irailaren 21a, Osoko Bilkuraren hasieran, Katalunian gertatzen ari den salbuespen demokratikoko egoera salatzeko, askatasunarekiko, demokraziarekiko eta eskubide zibil eta politikoekiko konpromisoa eta elkarrizketan oinarritutako irtenbide baten aldeko apustua adierazte aldera, eta berresten du elkarrizketaren eta negoziazioaren aldeko apustua egiten duela, horiexek baitira gatazka politikoak ebazteko bide bakarrak”.

 

Izquierda-Ezkerraren ekimenez onetsitako adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten du Alderdi Popularreko Gobernuaren jarduketa autoritario eta errepresiboa, Kataluniako herriaren askatasun demokratikoak nahiz erabakitzeko eskubidea eragozten ari baita.

 

2. Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten ditu, halaber, kargudun publiko eta alkate katalanen seinalatzeak eta haien aurkako hertsatzeak, urriaren 1eko erreferendumaren aurrean duten jarrera dela-eta gertatu direnak.

 

3. Nafarroako Parlamentuak erabaki du irailaren 21ean, ostegunez, Osoko Bilkuraren hasieran, kontzentrazio bat egitea, Katalunian gertatzen ari den salbuespen demokratikoa arbuiatzeko eta konponbide negoziatu baten alde”. 

 

I-Eren adierazpenak laugarren puntu bat bazuen, UPN, Geroa Bai, EH Bildu, PSN eta PPNren aurkako botoekin atzera bota dena; honako hau zioen:

 

2. Nafarroako Parlamentua Katalunian dagoen gatazka politikoari elkarrizketan oinarritutako konponbidea ematearen alde dago, horren bidez Kataluniako herriak libreki erabaki dezan bere etorkizunari buruz, erreferendum itundu eta bermedun baten bidez, zeinean Kataluniako herritarrek proposamen desberdinak bozkatuko baitituzte (independentzia, estatu federala, autonomia).