Noiz argitaratua Asteazkena, 2020.eko Apirilak 29

Nafarroako Parlamentuak herritarrei dei egiten die hiru minutuko isilunea gorde dezaten igande honetan COVIDaren biktimen gomutan

13 kontseilarien borondatezko agerraldiak onetsi dira, eta lehentasuna izanen dute Garapen Ekonomikorako kontseilariak, Kultura eta Kirolekoak eta Ekonomia eta Ogasunekoak, Navarra Sumak eta EH Bilduk eskatu baitituzte

Eledunen Batzarrak gaur arratsaldean bideokonferentzia bidez egindako bilkuran, honako adierazpen instituzional hau onetsi du. Honen bidez, bere gertutasuna eta konpromisoa helarazi nahi dizkie nafarrei, COVID-19 birusaren pandemia globalak eragindako giza, osasun, gizarte nahiz ekonomia krisia bizi dugun une honetan. Legebiltzarreko lehendakariak aurkeztu du.

 

Onetsitako adierazpenak honela dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak txera eta doluminak helarazi nahi dizkie, errespetu guzti-guztiaz, COVID-19 birusaren infekzioak eragindako nahiz okertutako prozesuen ondorioz hil diren pertsonen senitartekoei eta lagunei, atsekabe hori, sarritan, are larriagoa izan baita beren gertukoei ezin izan dietelako agurrik egin naturaltasunez.

 

Nafarroako Parlamentuak, halaber, berretsi egin nahi du pandemia honen aurka borrokatzen jarraitzeko konpromisoa; hartara, pandemia honek osasunaren, gizartearen nahiz ekonomiaren arloan eragin dituen ondorio suntsitzaileak arintzeko hartu beharreko ekintza parlamentario eta legegintza-neurri guztiak har daitezen sustatuko du, bidean inor ere gera ez dadin saiatzeko.

 

Era berean, Nafarroako Parlamentuak zinez eskertu nahi du sektore publiko nahiz pribatuko profesional guztien lan nekagaitz eta ausarta, lehen lerrotik lagundu baitute krisi honen ondorioen aurka borrokatzen: gaixoen osasuna zainduz, kolektibo ahulenekin lan eginez, hornidurak mantenduz, oinarrizko ondasunak eskura ahal izatea bermatuz eta herritarrak babestuz, besteak beste.

 

Azkenik, Nafarroako Parlamentuak goretsi egin nahi du nafarrek egindako ahalegin kolektiboa eta erakutsitako ardura zibikoa; izan ere, gizarteak duen hoberena erakutsi du modu boluntarioan eta desinteresatuan sortu diren elkartasun-erakustaldi eta -ekimenetan, bai eta arratsaldero, erantzun laudagarria emanez, txaloak jotzera atera denean ere.

 

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Parlamentuak, Foru Gobernuarekin eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarekin batera, herritarrei dei egiten die hiru minutuko isilunea gorde dezaten igande honetan, eguerdiko 12etan, pandemia honen biktimen gomutan eta haien memoriari ohore egiteko".

 

Bestalde, Mahaiak eta Eledunen Batzarrak izapidetzeko onartu du Covid-19aren pandemiaren ondorioz Nafarroako Gobernuko kontseilari guztien borondatezko agerraldiak egutegian programatzeko eskaera. Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak aurkeztu du. Hurrenkera zehazterakoan, erabaki da lehentasuna ematea talde parlamentarioek aurretiaz eskaturiko agerraldiei. Lehenbizi Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariarena izanen da; haren agerraldia Navarra Sumak eta EH Bilduk eskatu dute. Jarraian, Kultura eta Kiroleko kontseilariarena izanen da, EH Bilduk eskatua, eta Ekonomia eta Ogasunekoarena, Navarra Sumaren eskariari jarraikiz.

 

Gainera, Mahaiak izapidetzeko onartu du 4/2020 Foru Lege-dekretua, apirilaren 29koa, premiazko neurriak onesten dituena koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko. Hura baliozkotzeko eztabaida maiatzaren 7rako, osteguna, deitutako Osoko Bilkuran eginen da (09:15), eta halaber jorratuko dira gaurkotasun handiko galderak.