Noiz argitaratua Asteartea, 2019.eko Irailak 3

Nafarroako Parlamentuak harrera egin dio Nafarroako Kutxa Fundazioaren patronatuari

Unai Hualdek entitatearen gizarte-lanaren balioa nabarmendu du, eta gonbit egi dio 2018tik 2022ra bitarteko Plan Estrategikoaren edukia Legebiltzarreko taldeei azal diezaien

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek harrera egin dio gaur Legebiltzarrean Nafarroako Kutxa Fundazioaren patronatuko lehendakari Javier Mirandari, zeinarekin batera etorri baitira Cristina Bayona, Cristina del Río, Camino Oslé, Iosu Ardaiz, Fernando de la Hucha eta Alberto Lafuente.

 

Javier Mirandak azaldu duenez, protokolozko bilera izan da, gainontzeko erakundeekin egiten ari diren bilerak bezalakoa, eta helburu izan du Parlamentuaren aginduetara jartzea, 2018ko ekainean Nafarroako Kutxa Fundazioak onetsitako 2018tik 2022ra bitarteko Plan Estrategikoan ezarritako helburuak lortzeko lankidetzan jarraitze aldera.

 

Halatan, Mirandak patronatuaren izaera soziala azpimarratu du, honako ardatz estrategikoak oinarri: “pertsona behartsuei laguntzea, elkartasuna sustatzea, parte-hartzea eta bizikidetasuna, ikerkuntza, hezkuntza, kultura eta ondarea babestea eta kaudimena –instituzionala, ekonomikoa edo teknikoa– bermatzea”.

 

Unai Hualdek, berriz, Fundazioak egiten duen “gizarte-lan handiaren balioa” azpimarratu du –patronatuko hiru kide Parlamentuak izendatzen ditu–, eta entitatearen arduradunei gonbit egin die “Plan Estrategikoaren lerro nagusien berri eman dezaten Legebiltzarraren jardueraren esparruan”.

 

Nafarroako Aurrezki Kutxa eta Bahitura Etxea izaera bereziko fundazio bihurtzea onetsi zen 2013ko ekainaren 25ean, bai eta Nafarroa Kutxa Fundazioa izena jartzea ere.

 

Aurrezki kutxen finantza-jarduerak gizarte- eta ongintza-jardueretatik bereiztearen ondorioz sortuak dira izaera bereziko fundazioak. Beren gizarte-ekintza kudeatzen dute, eta helburu horretara bideratzen dute beren ondareko funts, partaidetza eta inbertsioen emaitza.

 

Patronatua da Nafarroako Kutxa Fundazioaren gobernu-, administrazio- eta ordezkaritza-organo gorena, eta bere egitekoa da Fundazioaren xedeak gauzatzeko behar diren ahalmen eta eskumen guztiak erabiltzea, haren estatutuetan eta antolamendu juridikoan ezarritakoari jarraikiz.

 

Nafarroako Kutxa Banku Fundazioaren Patronatuko karguak pertsonalak eta delegaezinak dira, ordainsaririk gabekoak. Patronatuko kideak ez daude inongo mandaturi loturik, eta etikak eta ardurak gidatzen dute haien jarduna. Karguak lau urte irauten du eta berrautapen bakarra aurreikusten da.

 

Ezin dira Patronatuko kide izan kargudun hautetsiak, Nafarroako Administrazioko, Estatuko, toki erakundeetako edo administrazio horiekiko lotura edo mendekotasuna duten erakundeetako goi kargudunak eta alderdi politiko, enpresa-elkarte eta sindikatuetan betearazpen edo zuzendaritza karguak dituztenak.

 

Nafarroako Kutxa Fundazioaren estatutuen arabera, patronatuak bederatzi kide ditu, horietako hiru Nafarroako Parlamentuak hautatuak. Hain zuzen, 2017ko ekainaren 29an Javier Miranda, Cristina Bayona eta Iosu Ardaiz hautatu zituen. Gainontzeko bostetatik Nafarroako Gobernuak bi zuzenean izendatzen ditu, eta beste hiruak Gizarte Ongizate, Osasun eta Kultura kontseiluek proposatzen dituztenen artetik. Azkena Iruñeko Udalak izendatzen du.